Elizako obren penitentzia

Elizako obren penitentzia

Aitziber Arzallus

Luze doaz Zestoako Andre Mariaren Jasokundearen parrokian egiten ari diren lanak. Iragan abenduaren 1ean bi urte bete ziren tximista batek elizako kanpandorrea jo zuenetik. Kanpandorrea bera txikitzeaz gain, eraikinean kalte larriak eragin zituen ezbehar hark. Ia 25 hilabete joan dira ordutik, baina parrokia itxita dago oraindik, eta hura lehenera itzultzeko lanek aurrera segitzen dute. “Azkenetan” direla ziurtatu du Martin Artola Zestoako jarduneko parrokoak —Koldo Intxausti bajan dagoen parrokoaren ordezkoak—, eta “aurki” eliza zabaltzeko moduan izango direla. Ikusitakoak ikusita, ordea, ez da ausartu irekierari datarik jartzen.

Izan ere, bi urteotan elizako konpontze lanen inguruan egin dituzten aurreikuspenetako bat bera ere ez da bete. Intxaustik hasieratik esan zuen “luze” joango zirela lanak, “hilabeteak” beharko zituztela eraikina osorik konpontzeko, eta gastuak ere “handiak” izango zirela: “Milioi erdi euro inguru kostatuko dira”. Baina motz gelditu zen, oso motz. Bi urte geroago, bukatu gabe jarraitzen dute lanek, eta haien kostua hirukoiztu egin da. Organoa eta sakristia berritzeko lanak zenbatu gabe —ez dituzte egingo, oraingoz—, 1.355.000 eurotik gorako aurrekontua izan dute orain arteko lanek; eta 1,5 milioi eurora irits daiteke guztira, uneotan zehaztu ezin badute ere. Horiexek Juan Mari Olaetxea Donostiako Elizbarrutiko bikario nagusiak emandako datuak.

Aseguruak 640.000 euro inguru ordaindu zizkion bere garaian Zestoako parrokiari, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 69.000 euro inguruko diru laguntza eman zion. Hortik aurrerakoak parrokiak berak ordaindu beharko ditu, ordea; 600.000 euro inguru. Oraingoz, Donostiako Gotzaindegia ari da lanak finantzatzen, baina parrokiak dirua itzuliko dion baldintzarekin. Ez da kopuru txikia, eta diru hori nola eta nondik inguratu dezaketen aztertzeko eta dirua biltzen saiatzeko antolatzen hasiak dira Zestoan. Herritarrez osatutako batzorde bat sortu dute horretarako.

Azken ukituak

Tximista batek Zestoako parrokiako kanpandorrea jo zuen 2017. urteko abenduaren 1ean, 21:28an. Kanpandorrea txikitu egin zuen, kanpaiak eta erlojua hondatu, eta hango harriak herriko plazara eta elizako teilatu gainera erori ziren. Zorionez, inor ez zen zauritu, baina eragindako kalte materialak handiak izan ziren. Teilatura erori ziren harriek teilatua puskatu zuten, eta eliza barruko hainbat guneri eragin zieten; korua eta organoa, besteak beste. Hiru hilabete baino ez ziren organoa berritzen bukatu zutela. Sakristia izan zen kaltetutako beste guneetako bat. Han zegoen argindar kaxak su hartu zuen, eta sakristia erre egin zen. Ondorioz, elizako instalazio elektriko guztia, megafonia eta proiektorea hondatu egin ziren.

Langileek berehala ekin zioten lanari. Bobeda guztiari eusteko zutoinak jarri, eta teilatu gainean gelditu ziren harriak erretiratu zituzten aurrena. Kupula konpontzeko lanekin hasi ziren jarraian, eta bi tximistorratz berri ere jarri zituzten, lurrera zuzenduta. Kanpandorrea eta kanpoaldea berrituta, barrualdeko lanekin hasi ziren. Instalazio elektriko berria egin zuten, aldarerako eskailerak berritu zituzten, megafonia eta berogailu sistema berria jarri, beirateak konpondu, margotu… Lanak bukatzear direla ziurtatu du Artolak, eta kanpaiak herrira ekartzeko zain daudela. Kantabriako Grajano herrian (Espainia) konpondu dituzte lau kanpaiak, eta “datozen egunetan” ekartzea espero dute. “Haiek jarritakoan eliza irekitzeko eta normaltasunera bueltatzeko moduan” izango direla esan du Artolak. Dena dela, bera ere ez da ausartu data zehatzik ematera. Eliza itxia izan duten bi urte pasatxoan, San Juan egoitzako Milagrosaren kaperan egin dituzte ohiko elizkizunak, eta hileta elizkizunak, berriz, Arroagoiko parrokian.

Erlojua konpondu beharra

Erabateko normaltasunera bueltatzeko, baina, bada jarri beharko duten beste elementu bat: kanpandorreko erlojua. Erloju hori ez da parrokiarena, Zestoako Udalarena baizik. Udala arduratu izan da beti hura mantentzeaz, eta orain ere bera arduratu da erlojua zaharberritzeaz. Erlojua aspaldian prest dagoela ziurtatu du Mikel Arregi Zestoako alkateak, baina, nahiz eta udalaren jabetzakoa izan, elizak hartzen dituen erabakiekin erabat baldintzatuta daudela. “Guk ez duguna egingo da elizak kanpairik jarri gabe erloju zaharra jarri”.

Abenduan erlojuaz hitz egiteko batzar bat ere egin zuten herrian. Erlojuari berari eta haren zaharberritze lanei buruzko azalpenak eman zituen Xabier Alvarez Ieregik, lan horretaz arduratu denak. Erlojua berriz kanpandorrean jartzearen kostuez eta beste hainbat kontuz ere hitz egin zuten batzarrera bertaratu ziren udal ordezkariek eta herritarrek.

Erlojua kanpandorrean jartzeak kostu handia duela nabarmendu zuten batzuek, baina hori baino garestiagoa erlojua automatizatzea dela azaldu zuen Ieregik; 8.000 eta 10.000 euro artean balio du. Konponketa hori komenigarria dela gaineratu zuen, bestela astean bitan “giltza ematera” joan beharko dutela udaleko langileek. Mekanismo modernoagoa duen erloju bat jartzearen aukera ere aztertu zuten, eta erloju zaharra herriko beste lekuren batean jartzea ere bai. Zer egin erabaki bitartean, erlojua ikusgai egongo da liburutegiaren azpiko lokaletan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.