Denboran atzera, dantzan

Denboran atzera, dantzan

Rebeka Ruiz

Aurtengo arrantza sasoiarekin itxaropentsu dago Amua kluba, eta beita prestatzen hasi da dagoeneko. Aurtengo lehen jaialdia egingo dute bihar, baina ez da azkena izango, 2020a “biziki indartsu” baitator elkartearentzat. Hortaz, arrantzarako denboraldi berria ganoraz hasteko, lehenik eta behin, 1990eko hamarkadari omenaldia egitea erabaki dute Amuako kideek.

Bi zatitan banatu dute egitaraua: Itsas Etxea auditoriumean egingo dute lehen partea, eta Uxoa pubean bigarrena. High Fidelity 2000. urtean ekoitzitako filmarekin hasiko da ekitaldia; jatorrizko bertsioa proiektatuko dute, azpitituluekin, eta, aurkezpenaz gain, eztabaidarako tartea egongo da gero. Musika denda bateko saltzaile baten maitasun porroten eta haren bizitzaren errepasoa egiten du ikus-entzunezkoak, 1990eko hamarkadako musikaren bidez. “Filmaren musika oso ona eta luzea da, benetan garrantzitsua”, azaldu du Ernesto Toledo antolatzaileak.

Spike Jonze, Michel Gondry eta Chris Cunningham zuzendarien bideoklipen maratoiak osatuko du arratsaldeko eskaintza. “Bideoklipak ekoizten zituzten garaiko hirukoterik ezagunena osatzen zuten, lan bereziki emankorra egin zutelako”, adierazi du Toledok. Hortaz, horietako bakoitzaren dozena bat bideoklip ikusi ahal izango dira auditoriumeko pantaila handian.

Gaualdean, jaialdiak bestelako kutsua hartuko du. Disko jartzaileen txanda iritsiko da orduan; Amuako kideek girotuko dute lehendabizi dantzagunea. Jakina, 1990eko hamarkadak emandako hit nagusien erritmoan mugitzeko aukera emango dute antolatzaileek. Gero, Hondarribiko DJ Erimayak house musikako doinuak entzungai jarriko ditu biniloen bidez.

Bideokliparen eztanda

Iazko Elvis Presleyren eta runbaren festibalen ondotik, Amuako kideek 1990eko hamarkadari heltzea erabaki dute. Toledoren ustez, “bideokliparen sorrerak eta hedapenak” ezberdintzen du hamarkada hura. “Are gehiago, gizarteko zenbait muga hausten ere lagundu zuen bideoklipen errealitateak, musika afro-amerikarrari dagokionez, gehienbat”. Izan ere, Toledok azaldu du alde batetik musika afro-amerikarra zegoela, eta, bestetik, zurien musika zegoela. “MTV katea hasierako hedapenean oso baikor agertu ez zen arren, musika mundu osora zabaltzen lagundu zuen azkenean”. Toledoren hitzetan, “mugarri” izan zen hura, “berdintasunaren bidean zenbait muga hausten lagundu zuelako”.

Era berean, musika estilo bakoitzak bere moda izan zuen arren, ikus-entzunezkoen hedapena lagungarri izan zen joera horiek mundu osora zabaltzeko eta fan fenomenoa sortzeko. Bideokliparen ondorioz iritsitako aldaketak baliatuta, saio berezi bat antolatuko dutela iragarri du Toledok, nahiz eta ezin izan duen beste ezer aurreratu.

Are indar handiagoarekin dator aurtengo Amua jaialdia, eta, horren erakusgarri, denera bost emanaldi edo hitzordu aurreikusi dituzte antolatzaileek. Toledok berretsi du orain arteko filosofiari eutsiko diotela, “helburu pedagogiko eta analitikoarekin, eta ez entretenitzeko soilik. Denentzat da eskaintza hau, irekia eta doakoa”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.