Filosofia plazaratzeko poteoa

Filosofia plazaratzeko poteoa

Eneritz Maiz Etxarri

Laukote bat elkartu da Tolosaldean eta Goierrin Pote Filosofikoak egitasmoa martxan jartzeko. Hiriburuetan eginiko esperientzia bat herri txikiagoetara gerturatu nahi dute Beñat Esnaola orendaindarrak, Alba Garmendia ikaztegietarrak, Mikel Urdangarin beasaindarrak eta Itsaslore Iarza Iruran bizi den gallartarrak.

Joxe Azurmendi Katedraren kongresuak batu ditu laurak. Duela pare bat hilabete elkartu ziren lehenengo aldiz proiektua martxan jartzeko, eta baita, elkar ezagutzeaz gain, beren interesak ezagutarazteko ere. Irakaslea da Iarza, eta azaldu du “filosofia gizarteratu” nahi dutelako aukeratu dutela Pote Filosofikoa izena: filosofia “plazara atera” nahi dutelako. “Akademian ez dabiltzanen artean solasaldi filosofiko kritikoak egin nahi ditugu”, gaineratu du. “Jendarteratzea. Nolabait, esparru akademikoan bakarrik gelditu gabe, esparru akademikoan lantzen ditugun gaiak gizarteratzea litzateke helburua”, zehaztu du Esnaolak.

Gasteizen egin zuten proiektu bati tiraka moldatu dute Tolosaldean eta Goierrin martxan jarri duten egitasmo hori. Duela bi urte, Kafe Filosofikoak izenarekin egin zituzten lehen saioak. “Agora elkarteak bideratu zituen saio horiek. Taberna batean egin zituzten, hainbat gonbidatuekin, eta nahiko arrakastatsuak izan ziren. Gai filosofiko interesgarriak atera ziren, eta jendartean dauden galderak eztabaidatzeko aukera izan zen”, nabarmendu du Iarzak.

Iaz Bilbon izan ziren, Hika Ateneoan. “Eta egitura berarekin zabaldu nahi dugu Goierrin eta Tolosaldean”, azaldu du Garmendiak. “Egunerokoan Gasteizen, Bilbon eta Donostian egiten diren egitasmoak norbera bizi den herrian egitea zen ideia”. Esnaolak kontatu du zergatik aukeratu dituzten, adibidez, Tolosa eta Beasain: “Hasieran, planteatu genuen herri txikiagoetan abiatzea egitasmoa, baina gehiegi iruditu zitzaigun hasteko”.

Garmendiak argi dauka jendeak badaukala interesa filosofian: “Baina filosofia unibertsitateko gauza bat dela iruditzen zaigu, eta ez egunerokoan eragiten digun zerbait”. Euren nahia egunerokoan eragiten duten gaiak eta kezka sortzen dutenak mahai gainean jartzea dela gaineratu du Pote Filosofikoak proiektuaren sortzaileetako batek. “Horretaz hitz egitea da erronka, eta, posible bada, aditua den norbaitek, tarteka, laguntzaren bat edo beste ematea”.

Saio bakoitzeko gaia galdera batek zehaztuko du, eta Jada ezin dugu ezer(tan) sinetsi? izan dute lehena. Aste honetan bertan egin dute lehen saioa, Tolosako 3 tabernan. “Galdera moduan planteatu nahi genituen eztabaidak, jendeak jakin dezan zeri buruzkoak diren gaiak. Izenburu bat jarrita, agian, ez da hain erraza gaia zein den jakitea, eta galderarekin iruditzen zaigu jendeari jada zer pentsatua ematen diogula”, argitu du Esnaolak.

Parte hartzaileen arabera

Helduen arteko iritziei heldu zieten lehen saioan: “Gaur egun balioak galtzen ari garela, gazteak nondik nora ote dabiltzan, ezin garela ezertaz fidatu, esaten diguten guztia gezurra dela… Hori guztia lotzeko eta hausnarketa sakonagoa egiteko intentzioarekin sortu dugu lehen galdera”. Garmendiak zehaztu du “gai guztiz zabalak” izan daitezkeela jorratuko dituztenak. “Baina hor daukagu erronka; azkenean, parte hartzaileen arabera bideratuko baita gaia. Guk badauzkagu ideia batzuk, baina ezin da jakin nondik nora joango den saioa”.

Esnaolaren ustez, hori da euren egitasmoaren eta hitzaldi baten arteko aldea: “Elkarrizketa bat izango da, nahiz eta hizlari nagusi batzuk egongo diren eta horiek 10-15 minutuan gaia aurkeztuko duten”. Ondoren, ordea, parte hartzaileek eramango dute saioa bide batetik edo bestetik. Herenegun, Andoni Olariaga eta Irati Zubia izan ziren lehen saioko gonbidatuak.

Proiektuaren sortzaileek argi utzi nahi izan dute filosofiari buruz ezer jakin beharrik ez dagoela Pote Filosofikoetan parte hartzeko, eta entzule moduan ere joan daitekeela, hitz egiteko beharrik sentitu gabe: “Dakitenen eta aditu direnen artean hitz egiteko, badugu akademia, eta hortik atera nahi izan dugu guk. Gaian interesa duen edonor edota hizketarako gogoz dagoen edonor dago gonbidatuta”. Filisofiaren izen handia lurrera jaitsi nahi dute, eta muga jarri diete saio guztiei: 18:30ean hasi eta 20:00etan amaituko dira.

Saioak hilabetean behin egiteko asmoa dute, eta dagoeneko martxan daukate bigarrena. Otsailaren 26an izango da, Lazkaoko Gerriko elkartean. Gaia ere pentsatua dute: bakardadea, zahartzaroa eta etxebizitza. Hizlarien bila ari dira orain. “Bi hilean behin egingo dugu eskualde bakoitzean, eta gaiek interesa sortzen badute, jarraipena emango diegu. Potean bertan sortzen den interesari helduko diogu, haria eten ez dadin”, azaldu du Iarzak.

Ateak zabalik dituzte, eta zalantzak dituenak, gairen batean interesa duenak edo hizlari izateko bere burua aurkeztu nahi duen orok mezu bat bidal dezake filosofiaelkartea@gmail.com helbide elektronikora.

Leave a Reply

Your email address will not be published.