Haize berriak badu indarra

Haize berriak badu indarra

Aitziber Arzallus

Urtarrilak 26, igandea. 11:00. Berorik ez, baina zerua urdin-urdin dago Zarautzen. Itsas pasealekua, jendez lepo. Soinean daramatzaten berokiengatik ez balitz, uda irudiko luke. Batzuk paseoan, beste batzuk hondartzara begira. Hondarretan ere jende mordoa. Ez daude bainujantzitan, ez daude etzanda. Futbolean ari dira, plaierotan. Hondartzako Futbol Txapelketaren 76. denboraldiko zortzigarren jardunaldia dute neskek eta bederatzigarrena mutilek.

Nesken txapelketan hamar talde ari dira lehian, mutilen txapelketan hamabost. Duela bi denboraldi neskena bertan behera uztekotan egon ziren, hiru taldek bakarrik eman zutelako izena. Mutiletan 11 izan ziren. Jokalariek alarma jo zuten, eta herritarrek erantzun egin zuten. Parte hartzeko gutxieneko adina 18 urtetik 16ra jaitsi eta nesken sei talde osatu zituzten, eta txapelketa jokatu egin zuten. Iazkoa, berriz, ospakizunen denboraldia izan zen, 75. aldia. Parte hartzean eragina izan zuen horrek. Nesketan zortzi talde eta mutiletan hamabost lehiatu ziren. Baina bazuten aurtengorako beldurra, eta, zain geratu ordez, lanean hastea erabaki zuten.

“Antolakuntzan aritzen zirenek utzi egin nahi zuten eta erreleboa hartzeko prest zeudenei bilera batera azaltzeko dei egin zieten”, azaldu du Olatz Unzuetak (Zarautz, 1986). “Hamasei bat lagun azaldu ginen, gehien-gehienak jokalariak, eta bi taldetan banatu ginen. Talde batek, txapelketa antolatzeko ardura du; besteak, txapelketa sustatu eta indartzekoa”. Parte hartzeak izandako gainbeheraren arrazoiak aztertu zituzten, egoera iraultzeko ekimenak martxan jartzeko. Bi arrazoi nagusi aipatu ditu Haimar Arozenak (Zarautz, 1979): “Bat da kirol eskaintza dibertsifikatu egin dela. Bakoitzak gustukoen duen kirola egiteko aukera du, eta futbolak ez dauka garai batean zeukan indarrik. Beste arrazoi bat da 12 urtetik aurrera ez dagoela aukerarik hondartzako futbolean jokatzeko”. Lehen, ikastola garaitik erretiroa hartu arte jarraian jokatzeko aukera egoten zela azaldu du Arozenak. “Baina sei urteko eten horrek eragin handia du. Tarte horretan jendeak beste bide batzuk aukeratzen ditu, eta gero askoz zailagoa da berriz plaieroetara bueltatzea”.

Hutsuneak atzemanda, haiek estaltzeko irtenbideak bilatzeari ekin zioten antolatzaileek. Mutiletan ere parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtera jaistea eta Gabonetan 12 urtetik 16ra arteko gazteentzako I. Play-Eruak txapelketa antolatzea izan dira aurtengo berrikuntzetako bi. “Nahiz eta ez izan denboraldi guztiko txapelketa, gazteei aukera eman die hondartza futbolarekin duten loturari eusteko”, Arozenaren hitzetan. Baina parte hartzea eta txapelketaren ikusgarritasuna bultzatzea helburu duten beste berrikuntza batzuk ere egin dituzte: talderik ez duten jokalarien poltsa sortu dute, epaileen poltsa ere bai, txapelketaren logo berria aukeratzeko lehiaketa antolatu dute, partiden osteko pintxo-potea, jardunaldi pare bat larunbat arratsaldetara pasatu dituzte, eta abar. Eta orain arteko emaitzekin “oso pozik” daude antolatzaileak. Adibidez, Jon Nikole Ertzilla antolakuntzako kideak (Zarautz, 1983) kontatu du talde berri bat sortu dutela hondartzako futbolean jokatu nahi zuten baina talderik ez zuten jokalariekin.

Galtzen utzi ezin den zerbait

Jokalariek oso ondo hartu dituzte antolatzaile berriek abiatutako ekimenak. “Uste dut lan polita egiten ari direla eta igarri dela antolaketa ardurak hartu dituztenak gazteak eta jokalariak direla”, esan du Sandra Rodriguezek (Zarautz, 1994), Kirkilla taldeko jokalariak. Duela hiruzpalau urte hasi zen hondartzako futbolean jokatzen, eta talde berri batean ari da aurten. “Beti jarduten nintzaien kuadrillakoei animatzeko esaten, eta aurten taldea atera dugu”. Haren taldekidea da Maddi Agirrezabal (Zarautz, 1994), eta “oso esperientzia polita” ari dela izaten ziurtatu du. “Uste dut neskei erreparoa ematen diela hasteak, sekula jokatu ez dutelako, txarrak direla uste dutelako… Gure taldeko gehienok ere sekula ibili gabeak gara, eta hor gabiltza”. Harrituta daude lortzen ari diren emaitzekin, “oso goian” dabiltzalako.

Julen Irijalba (Zarautz, 1984) eta Patxi Urzelai (Zarautz, 1984), ostera, beteranoak dira hondartzako futbolean. Hamalau bat denboraldi daramatzate Asti Pinturak taldean jokatzen. Irijalba kanpoan bizi da, eta, harentzat, “aldian behin herrira etortzeko eta lagunekin egoteko aitzakia” dira plaieroak. “Galtzen utzi ezin den zerbait” direla dio, “zarauztarron nortasunaren parte direlako eta ez delako egongo zarauztarrik plaierotan jokatu ez duenik”. Iritzi bera du Urzelaik ere. “Askotan saiatu izan naiz kanpoko bati plaieroak zer diren azaltzen, baina oso zaila egiten zait, hau bizi egin behar baita. Eta ikustera etorri direnak, harrituta gelditu izan dira sortzen den giroarekin”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.