Xose Estevez: “Itxuraz egonkorra zen gizartean baziren ezberdintasunak”

Xose Estevez: “Itxuraz egonkorra zen gizartean baziren ezberdintasunak”

Erik Gartzia Egaña

Xose Estevezek (Quiroga, Galizia, 1943) Las matxinadas en Euskal Herria (S. XVI-XIX) liburua idatzi du, Nabarralde fundazioaren Euskal Herriko historiari buruzko sailerako. Ostegunean aurkeztuko du, 19:00etan, Oiartzungo batzar aretoan, Anjel Rekalde editorearekin batera. Kontxa Murgiaren (Oiartzun, 1806-Santiago, 1854) omenezko ekitaldien barruan sartu dute aurkezpena.

Zein zen matxinadak sortzeko testuingurua?

XVI. eta XIX. mende arteko euskal gizartea, itxuraz behintzat, egonkorra zen. Atzean bazeuden desberdintasunak eta arazo sozialak, edozein momentutan leher zitezkeenak. Eta lehertu ziren. Berezitasunak zeuden Euskal Herrian, egitura soziala zein ekonomikoa ez baitzen Espainiako estatuko eta Europako gizarteen berdina. Jatorrizko kultura izateaz gain, erakundeak ere ezberdinak ziren, eta zuzenbide propioa —piriniotarra— zegoen. Bi koroaren artean zegoen, gainera.

Zer ezberdintasun zeuden gizartean?

Denak Aitorren semeak zirela esaten zen, baina horren azpian bazeuden aldeak: ez zen gauza bera senide zaharrena edo gazteagoa izatea. Bazegoen, gainera, oligarkia buruzagi bat, aldundi eta udaletan muturra sartua zuena. Agintari izateko, millareak izan behar zenituen, eta irakurtzen eta idazten jakin. Hor ez dago berdintasunik. Euskal demokraziaren mitifikazio bat egon da historialari foruzaleen eta hasierako abertzaleen aldetik.

Matxinadek ezaugarri berberak zituzten?

Bizitzeko baldintza gogorrak, zapalkuntza, ezberdintasunak eta injustizia zeuden, eta, egitura horri batzen badiozu jazoera koiuntural bat, matxinadarako aukera asko zegoen. Izan zitekeen uzta txar bat, presio fiskal altua, foru eskubideak ukitzea… Txikikeria batek piztu zezakeen sua. Matxinadak lokalak izaten ziren normalean.

Aro Modernoan burgesiaren eta aristokraziaren arteko talka egon zen. Horrek isla izan al zuen matxinadetan?

Euskal Herrian, nolabait esatearren, kontrolagarriak dira XVI. eta XVII. mendeetako matxinadak. Garai horretan indarrean zegoen E. P. Thompsonek [Edward Palmer] jendetzaren ekonomia morala deitzen ziona. Itun ez-idatzi bat zen, eta, horren arabera, oinarrizko produktuen prezioek bidezkoak eta arrazoizkoak izan behar zuten.

XVIII. mendean, baina, aldaketak egon ziren. Adibidez, udaletako agintarien oligarkizazioa eta herri lurren salmentak. Prezioen liberalizazioak, gainera, ateak ireki zizkion espekulazioari. Uztak bukatzen ari zirenean, udaberrian, prezioak igotzen zituzten, ez zekitelako nolakoak izango ziren hurrengo urtekoak. Barnealdeko jauntxoen eta kostaldeko merkatari burgesen arteko gatazka sortu zen orduan. Beste faktore bat izan zen koroak zentralizatzaile bihurtu zirela. Kontrabandoa ere hor dago…

Zer eragin zuen kontrabandoak?

Erret Ogasunak kontrabandoa kontrolatu nahi zuen, zerga gutxiago jasotzen baitzuen. Alberto Anguloren arabera, Gipuzkoako ekonomiaren %30 kontrabandoa zen. Aduanak Gaztelako lerroan zeuden; hemen ez zen ezer ordaindu behar. Horregatik sortu zen 1718ko gatazka, Erret Ogasunak esku hartu nahi zuelako.

Zeintzuk izan ziren Gipuzkoako matxinadak?

Gaztelako komuneroenak eragina izan zuen, Nafarroako konkistaren garai berekoak (1520-1522). 1538an, Oñatiko Gebarako Jaunaren kontra altxatu ziren. 1718ko Aduanen Matxinada edo Haragiaren Matxinada ere izan ziren; Goierrin azken hori. 1776an, Urola bailaran matxinatu egin ziren, zerealen prezioaren igoeraren kontra, Azkoitiko zalduntxoen eta jesuiten arteko gatazkaren testuinguruan. Sorginkeriarekin lotutako hainbat matxinada ere izan ziren, Errenterian eta Hondarribian, esaterako. Boterearen kontrako altxamendu isilak ziren.

Aurkitu al duzu ezagutzen ez zenuen matxinadarik?

Bai, Oiartzungo artxibategian bilatzen ari nintzela, kasualitatez. Zamalbideko [Errenteria] Sagardoaren Matxinada izan zen, 1699koa. Sagardoa oinarrizko elikagaia zen orduan.

Itsas armada Pasaiako portuan zegoen, eta veedor deitzen zioten inspektore batek eskumena zuen inguruko sagardoa desjabetzeko. Oiartzungo plazako lau dolaretako sagardoaren jabetza kentzera joan zenean, haien jabeek uko egin zioten, noski. Aginduari uko egitea matxinatzea zen, eta Gaztelako Kontseiluari jakinarazi zioten. Haiek korrejidoreari eskatu zioten esku hartzeko, eta Oiartzunera joan zen txostena egitera, bertako alkatearekin eta agintariekin. Bueltan, Zamalbiden, hogei kaputxadunek jipoi ederra eman zieten korrejidoreari, eskribauari, aguazilei eta gainontzeko segizioari. Oiartzun guztiak zerikusia izan zuen gertaera harekin, ez baita erraza hogei kaputxadun horra bidaltzea. Hurrengo urtean, erregea hil egin zen, eta Gaztelako Kontseilua eta auzia artxibatu egin zituzten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.