Iñigo Aldasoro: “Suarekin praktika ahalik eta errealenak egiten saiatzen gara”

Iñigo Aldasoro: “Suarekin praktika ahalik eta errealenak egiten saiatzen gara”

Miren Garate

Urtarrilaren 27an bete ziren hamar urte Ordiziako Sueskola Fundazioak lehen ikastaro ofiziala eman zuenetik. Ordizian bertan, Bizkaiko Foru Aldundiak Ispasterren duen zentroan eta Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen plantako maniobra parkean egindakoak batuz gero, 2.700 ikastaro eman ditu guztira Sueskolak hamarkada batean. Iñigo Aldasoro (Ataun, 1972) zuzendariaren esanetan, suak itzaltzen erakusteaz gain, ahalegin berezia egiten dute prebentzioan.

2.700 ikastaro inguru eman ditu Sueskolak azken hamar urteetan. Nori zuzendutakoak izaten dira ikastaro horiek?

Alde batetik, enpresetako jendeari, Prebentzio Legeak edo autobabeserako dekretuak suaren gaineko prestakuntza eskatzen dietelako. 2.700 ikastaroetatik 1.500 izan dira enpresei emandakoak. Itsasoan lan egin behar duen pertsona orok ere Itsas Babeserako Oinarrizko Prestakuntza izeneko ikastaro bat egin behar izaten du, eta suari buruzkoa izaten da modulu bat; Pasaiako, Ondarroako eta Bermeoko eskolei ematen diegu prestakuntza, eta hirurehun inguru izan dira hamar urte hauetan. Horrez gain, suhiltzaileak ere prestatzen ditugu Arkaute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin elkarlanean. Suhiltzaile berriek, oposizioak gainditu eta lanean hasi aurretik, hiru hilabete inguruko prestakuntza egin behar izaten dute, eta hilabete eta erdi inguru Sueskolari dagokio. Bederatziehun ikastaro eman dizkiegu suhiltzaileei.

Enpresek badute gaiari buruzko interesa? Edo legeak behartzen ditu suteen arloko prestakuntza jasotzera?

Krisi garaian ikusi genuen enpresen lehentasuna soldatak ordaintzea zela, eta eskaeretan jaitsiera bat igarri genuen, baina interesa badute. Gure jardueraren %60 enpresak dira. Prebentzio Legeak esaten du enpresaburuek prestakuntza eman behar dietela langileei hainbat arlotan, eta, tartean, lehen sorospenak agertzen dira, eta horren barruan, suen itzalketa. Alde horretatik, behartuta daude, baina legeak ez du esaten zenbateko iraupeneko edo zailtasuneko prestakuntza eman behar duen enpresa bakoitzak.

Bakoitzaren beharretara egokitutakoak izaten dira ikastaroak?

Bai. Adibidez, materia arriskutsuekin lan egiten duten enpresei goi mailako prestakuntza ematen diegu; banku batean lan egiten duen pertsona batentzat, berriz, oinarrizko prestakuntza aski izan daiteke. Enpresa beraren barruan ere, bulegoan lan egiten duen bati eta ekoizpenean edo biltegian lan egiten duen bati prestakuntza ezberdina ematen diogu. Era berean, suhiltzaile bati emandako prestakuntzarik oinarrizkoena ere enpresetakoa baino zailagoa izaten da.

Sueskolara jotzen duten enpresak zer izaten dira, industria arlokoak gehienbat?

Denetik dago. Ulma Taldeko enpresei, Petronorreko langileei, Gureak Taldekoei, Donostiako Maria Cristina hotelekoei eta beste askori eman izan diegu prestakuntza, sektore guztietakoei.

Ikastaro horietan, sua itzaltzen ez ezik, prebentzioa lantzen ere irakasten duzue, ezta?

Ikastaro batzuk suteetan materiala nola erabili erakusteko dira, baina horietan ere saiatzen gara prebentzioa lantzen. Gainera, gauza batzuk oso errazak dira: esate baterako, lanpostu batean ordena eta garbitasuna mantendu behar direla, desordena izaten baita istripu askoren arrazoia.

Ikastaroak eman ahal izateko, nolako azpiegiturak dituzue eskolan?

Bertan lan egiten duen jendearen bulegoak, sarrera bat eta kontrol gela ez ezik, teoria lantzeko bi ikasgela ere baditugu. Gure prestakuntzaren helburua da ahalik eta praktikoena izatea, eta, hasierako sarrera teorikoa eman ostean, su erakustokietara pasatzen gara. Bi eraikin ditugu: bati gas eraikina esaten diogu, sua gasarekin egiten dugulako, eta besteari fuel eraikina, gasolioarekin egiten dugulako sua.

Barruko erakustokiak dira horiek. Kanpoan, berriz, igerilekua esaten diogun erakustoki bat dugu, likido baten isurpenak eragindako suarekin lan egiteko; tximinia bat ere bai… Hasi ginenean, 2009. urtean, aitzindariak ziren gure azpiegiturak, estatu mailan ez zegoen halako teknologiarekin muntatutako prestakuntza zentrorik; eta, hamar urteren ondoren, bakarrak gara oraindik ere.

Benetako suarekin egiten dituzue praktikak?

Bai. Benetako suarekin oso praktika errealak egiteko aukera dugu eskolan, baina segurtasun neurri guztiekin. Kontrol gela bat daukagu, eta gure mantentze teknikariak sua piztu, argia piztu, kea sartu, tenperatura kontrolatu eta beste hainbat gauza egin ditzake. Power point edo bideo batekin ere ikas daiteke, baina benetan bizi duenean hobeto barneratzen du ikasleak, eta suarekin praktika ahalik eta errealenak egiten saiatzen gara.

Prebentzioari dagokionez edo behin sua piztutakoan, badago askotan egiten den ohiko akatsen bat?

Enpresetara bisitak egitean, su itzalgailua gainean txaketa bat duela egoten da askotan, esekitoki bat balitz bezala; edo parean palet batzuk izaten ditu.

Prestakuntza emateaz gain, sentsibilizazio kanpainak ere egiten ditu Sueskolak. Zer lantzen duzue horietan?

Lauzpabost kanpaina egiten ditugu urtean, gizarte osoari bideratuta. Adibidez, neguan sute asko izaten dira etxeetan, berogailua ohearen edo errezelen ondoan jarri delako edo arropak jarri ditugulako lehortzen haren gainean, eta horri buruzkoa izaten da kanpaina bat. Udazkenean, tximiniei zuzenduta egiten dugu: beheko suak gero eta etxe gehiagotan daude, eta horrek behartzen gaitu garbitzera, egur egokiak aukeratzera… San Joan bezperarako ere saiatzen gara kanpaina bat egiten, urtero izaten baitira istripuak gasolinaren erabileragatik.

Ikerketa eta garapena da zuen hirugarren adarra.

Produktu berriak garatzeko garaian, Tecnaliak eta beste zenbait enpresak gure esperientzia hartzen dute kontuan. Orain urte batzuk, esate baterako, Europa mailan suhiltzaileen jantzi adimentsua egin zuten, eta Sueskolan izan zen haren aurkezpena. Proba banku moduko bat gara. Horrez gain, azpimarratuko nuke babesleak eta laguntzaileak ere baditugula: Orkli, CAF, Bidelan, Babesa Suzai, Transportes Bikuña, Lavanderia Lizarra, Productos Mesa… Horiek denek laguntzen diote Sueskolari, eta horrela lortzen dugu gure prestakuntza ahalik eta kalitate handienekoa izatea, eta prezio aldetik ahalik eta merkeena izatea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.