“Konbentzituta nago hamalau apostoluak arraunlariak zirela”

“Konbentzituta nago hamalau apostoluak arraunlariak zirela”

Aitziber Arzallus

Iñaki Arrillagak (Orio, 1952) betidanik izan du sorkuntzarako joera, baina erretiroa hartu zuenetik asti gehiago du “denbora-pasa” horretarako. Jorge Oteiza herrikidearen kutxekin “maiteminduta” dagoela aitortu du. Ordu asko igaro du haiek aztertzen.

Oriotar peto-petoa eta goitik beherako artista omen zara.

Oriotarrak beti izan gara peto-petoak, baina artista… Niri ez zait gustatzen artista naizela esatea; nahiago dut sortzailea deitu. Gustatzen zait ideiak handik eta hemendik hartzea, haiei aldaketak egitea eta gauza berriak sortzea.

Burua beti martxan orduan.

Bai. Beste gauza batzuetarako, agian, ez; baina gauza hauetarako, bai.

Elkarrizketa eskaerari ozta-ozta esan zenion baietz…

Azkenaldian hedabideetan dezente ateratzen ari naiz; gehiegi nire gusturako. Ni ez nago ohituta gauza hauetara.

Zerbaitegatik deituko dizute, bada…

Hala da, baina ez denez bilatu dudan zerbait izan, dei bakoitzak harrapatzen nau ustekabean.

Erretiroa hartu zenuenetik sorkuntzari denbora gehiago eskaintzen diozu, baina, aurretik, beste hamaika gauzatan ibilitakoa zara zu, ezta?

Orioko familia arrunt batean jaio nintzen. Aita arraunlaria izandakoa, osabak arraunlariak izandakoak, Kontxako Bandera batzuk irabazitakoak… Etxean giro hori genuen, eta neu ere arraunean ibilitakoa naiz. Garai hartan futbola eta arrauna izaten genituen aukeran, eta, futbolean oso txarra nintzenez, arraunari heldu nion. 1970eko hamarkadan Kontxako Bandera batzuk eta Espainiako Txapelketa batzuk irabazitakoa naiz. Arrauna nahiko gazte utzi nuen, lanagatik-eta, baina saltseroa nintzen, herrigintzan jardutea gustatu egiten zitzaidan. Ikastolako zuzendaritzako kide izandakoa naiz, mendizale elkartekoa ere bai, Orio Arraunketa Elkarteko lehendabiziko batzordean parte hartu nuen… Soldadutzara ez nintzen joan, baina uste dut beste guztiak egin nituela.

Zein izan da zure ogibidea?

Ikasketaz, delineatzailea naiz, eta, lanbidez, komertziala. Motor erreduktoreak fabrikatzen dituen Asteasuko enpresa batean lan egin nuen hogeitik gora urtean; Gipuzkoako salmenten arduraduna nintzen.

Garai hartan arteak bazuen lekurik zure bizitzan?

Bai, orduan ere egiten nituen neure gauzak, eta lan pila bat ditut eginda, baina lotsa ematen dit inori erakusteak, eta gordeta dauzkat. Baditut koadroak orain dela hogei urte baino gehiago egindakoak, baina ez dira adierazgarriak.

Autodidakta zara?

Bai, erabat autodidakta; eginez ikasi dut.

Nondik datorkizu artearekiko zaletasuna?

Betidanik izan dut artearekiko interesa, eta beti gustatu izan zait besteen lanak ikustea eta erakusketetara joatea.

Oteizarekiko sentitzen duzuna, ordea, interes hutsetik harago doa.

Oteizak beti sortu izan dit aparteko jakin-mina, eta, batez ere, haren kutxa hutsek; erabat liluratuta izan naute. Erretiroa hartu nuenean, duela zortzi bat urte, kutxa horien nondik norakoak aztertzen hasi nintzen. Konturatu nintzen Oteizaren lan horien atzean bazeudela beste artista batzuen lanak, Malevitx, Tatlin, eta abar; horiek Oteizarentzat erreferentzia izan zirela kutxak eraikitzeko orduan, eta kutxa horiek bazutela egitura bat eta denek betetzen zituztela arau jakin batzuk. Kutxa horiek banan-banan hartu eta zatikatu egin ditut. Horretarako, kartoizko erreplikak egin nituen eskala txikiagoan, eta, gero, desplegatu eta zapal-zapal eginda jarri. Behin desplegatuak nituenean, bi dimentsioko irudiak egin nituen, koadro batean jartzeko modukoak.

Orain, berriz, kontrakoa egiten ari zara. Oteizaren kutxa hutsetatik abiatuta, bi dimentsioko irudiak sortu dituzu zuk, eta irudi horiek hiru dimentsioko eskultura bihurtzen ari zara.

Hori da, horretan ari naiz orain. Nik sortutako bi dimentsioko irudi horiei aldaketatxo batzuk egin, beste dimentsio bat eman, hirugarrena, eta kartoizko eskulturak eraikitzen ari naiz, Oteizaren kutxa hutsen antzerakoak. Kartoiarekin egindako eskultura horietako batzuk burdinan eskatuta dauzkat dagoeneko.

Oteizaren kutxa hutsei ez ezik, hamalau apostoluei ere jarri diezu arreta, eta haien bertsioa ere egin duzu.

Hamalau apostolu arraunlariak egin ditut nik. Entzunda neukan Oteizari galdetzen ziotenean zergatik egin zituen hamalau apostolu eta ez hamabi, ez zuela beti erantzun bera ematen, eta noizbait esan izan zuela hamalau horiek arraunlariak zirela. Nik hori baieztatu egin nahi izan nuen, eta bila hasi eta Bitoriano Gandiagak hori kontatzen duen artikulu bat topatu nuen. Oteiza Oriokoa zen, Orioko arraunlariak ezagutzen zituen eta arraunari buruz gauza asko zekizkien. Beste kasualitate bat da hamalau apostoluen frisoak hamabi metro neurtzea, traineru batek adina. Ni konbentzituta nago apostolu horiek arraunlariak zirela, edo, behintzat, bazutela zerikusirik Orioko arraunlariekin, eta gustatu egiten zait pentsatzea arraunlari haien arimaren edo izpirituaren zati bat badutela apostolu horiek. Orduan, hori guztia neure egin, eta hamalau apostoluak arraunlari bihurtu ditut. Eta, egia esan, oso gutxi kostatu zait lan hori egitea; bazirudien arrauna hartzeko prestatuta zeudela.

Apostolu arraunlari bakoitzaren eskulturak egin dituzu, eta Orio Arraunketa Elkarteak aurrerantzean eskultura horietako bat erabiliko du oroigarri gisa emateko. Nolatan?

Kasualitatea izan da hori ere. Anuska Esnal Orioko alkateak bulegoan zeukan apostoluen burdinazko eskulturetako bat. Iosu Esnaola arraunketa elkarteko presidenteak ikusi egin zuen, gustatu egin zitzaion, deitu egin zidan, eta adostu genuen aurrerantzean hori izatea klubak oroigarri gisa oparitzeko erabiliko duen irudia.

Zer esan dizu jendeak? Gustatu al zaie apostolu arraunlarien lana?

Egia esan, herriko jende gutxik ikusi du, ez baitut izan lana herrian erakusteko aukerarik. Baina ikusi dutenentzat boom bat izan da. Orain arte egingo nituen mila koadro, eta inork ez die garrantzirik eman, baina apostolu arraunlarien lanak beste erreakzio bat eragiten du ikusten dutenen artean.

Orion ez, baina Zumaian erakutsi dituzu Oteizaren lanetik abiatuta sortu dituzun koadroak eta eskulturak. Nola sortu zitzaizun aukera?

Oier Korta Zumaiako alkate izandakoa ezagutzen nuen, eta behin komentatu nion banituela lan batzuk eta gustura erakutsiko nituzkeela. Esan zidan bidaltzeko argazki batzuk eta azalpen txiki bat, hark zegokion batzordera bidaliko zuela eta. Handik gutxira deitu zidaten nire lana gustatu egin zitzaiela esanez eta abuztuan Oxford aretoan hiru asteko erakusketa bat jartzeko aukera ematen zidatela gaineratuz. Egundoko poza hartu nuen, baina oso urduri jarri nintzen. Oxford aretoa erreferentziazko aretotzat izan dut beti, artearen munduan nor badiren jendearen lanak erakusten dituztelako, eta nire lanak han jartzea erronka handia izan zen.

Zergatik hamalau izena jarri zenion erakusketari, apostoluengatik. Zer erakutsi zenuen?

Oteizaren kutxa hutsetatik abiatuta egindako berrogei bat koadro eta apostolu arraunlariekin egindako lan batzuk izan ziren.

Zer sentitu zenuen lanak Oxford aretoan jarrita ikustean?

Poz ikaragarria. Batetik, erakusketa oso ondo geratu zelako; eta, bestetik, denbora asko eskaini diodan lan bati aitortza moduko bat izan zelako.

Zer-nolako harrera izan zuen erakusketak?

Miriam Romatet Zumaiako Udaleko kultur teknikariak esan zidanaren arabera, oso harrera ona izan zuen erakusketak, eta oso pozik zeuden.

Orioko ikastolako haurrekin ere ibili izan zara Oteizaren kutxak egiten, ezta?

Beste kasualitate baten ondorio izan zen hori ere. Nire bilobetako bat eta haren ikaskideak forma geometrikoak lantzen ari ziren ikastolan, kuboak-eta eraikitzen. Bilobak zer esango irakasleari, eta aitonak horrelako pila bat zituela etxean. Deitu eta joateko prest ote nengoen galdetu zidan irakasleak, eta han izan nintzen hiruzpalau arratsaldetan. Denek Oteizaren kutxa bana egitea lortu nuen. Esperientzia polita izan zen.

Oteizak eragin nabarmena du zure lanean, baina badituzu harekin inolako zerikusirik ez duten lanak ere: pop artearen lan koloretsu eta deigarriak. Nolatan jorratzen duzu estilo hori?

Niretzat, zerbait espaziala da nekea. Gauza batekin buru-belarri ari zarenean, momentu bat iristen da estankatu egiten zarena. Horregatik, nik beti izaten ditut gutxienez bi lan lerro irekita. Pop artearen estiloa hori izan da niretzat, kutxek sortzen zidaten nekea arintzeko espazio bat.

Lan horiek ordenagailu bidez egiten dituzu, ezta?

Hala da. Diseinu grafiko bidez irudiak nola egiten zituzten jakiteko gogoa sortu zitzaidan, eta ikastaroren batean izena eman nahian ere ibili nintzen, baina, erretiratuta nagoenez, ez ninduten inon hartu. Beraz, neure kabuz hasi behar izan nuen. Ordu asko sartu behar izan ditut gauza txukunen bat lortzeko.

Arrauna eta arraunlariak dira lan horietako guztietako protagonistak ere.

Hala dira, bai, oriotarra naizelako edo… Argazki batetik hasten ditut lan guztiak, eta abiapuntutzat arraunari lotutako argazkiak hartu izan ditut beti.

Lan horiek erakusteko aukerarik izan al duzu?

Bai, herrian gainera. Kontxako estropadaren aurretik, arraunari lotutako argazkiak jartzeko ohitura dute Salatxo tabernan, eta nik komentatu egin nien banituela lan batzuk eta gustura erakutsiko nituzkeela. Argazkiak ez ziren beste lan batzuk jartzea tradizioa puskatzea zela esan zidaten aurrena, baina baiezkoa eman zidaten azkenean.

Zer moduzko harrera izan zuten?

Oso ona. Jende pila bat joan zen lanak ikustera, eta dozena erdi bat saldu ere egin nituen; horixe ez nuen espero!

Zure lanari aterabideren bat ematerik bazenuen buruan?

Bai zera! Nire helburua sekula ez da izan egiten ari nintzenarekin dirua ateratzea; denbora pasatzeko modu bat zen niretzat, besterik ez.

Profesional itxura ateratzen duzu, hala ere, tailerra eta guzti atonduta.

Beharko! Lehen, etxean aritzen nintzen, eta han izaten nituen nire lan guztiak, baina ailegatu zen une bat egoerak gain hartu zidana; hainbeste gauza nituen… Bilobak ere jaiota zeuden ordurako, eta sekulakoak egiten zizkidaten. Gertatu izan zait ordu askoko lana ordenagailuan gorde gabe utzi segituan bueltatuko nintzelakoan, bilobek ordenagailua hartu, eta segundo batean dena hondatzea. Orain barre egiten dut, baina… Duela hiru bat urte hasi nintzen lanerako eta lanak gordetzeko leku baten bila, eta lagun batek txoko hau utzi zidan; eskerrak hari.

Baduzu zure lanak beste nonbait erakusteko asmorik?

Aukerarik sortuko balitz, gustura erakutsiko nituzke. Norbaitek interesa baldin badu, idatz diezadala iarrillagainarra@gmail.com helbidera, eta hitz egingo dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.