Zientzia, gaztea eta “prekarioa”

Zientzia, gaztea eta “prekarioa”

Laida Goiburu

Bioteknologia ikasketak egin zituen Sara Insaustik (Ordizia, 1993) Euskal Herriko Unibertsitatean, EHUren Leioako campusean (Bizkaia). 2015-2016 ikasturtean, Immunologiako masterra egin zuen Madrilen, eta Bilbora itzuli zen urtebete geroago, doktoretza egitera. Horretan ari da gaur egun. Biologia molekularrean eta biomedikuntzan doktore izateko ari da lanean, Leioako campuseko Biofisika institutuan. Zentro mistoa da, CSIC Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren eta EHUren artekoa.

Insaustiren lantaldea GIB birusaren inguruan aritzen da lanean: “Gai desberdinak jorratzen ditu bakoitzak, baina GIBaren ingurukoak denak; tratamendu bat garatzen saiatzen ari naiz ni, ez txerto bat; beste lantalde batek lantzen du txertoa”. Azaldu du GIBak kutsatutako gaixo gutxi batzuek sortzen dituzten antigorputzekin egiten duela lan berak: “Pertsona bakoitzak immunitate sistema jakin bat dauka, eta ez dio modu berean erantzuten infekzio bati; gaixoen %1 inguru gai dira antigorputz neutralizatzaileak garatzeko”. Insaustik horiekin egiten du lan: “Neutralizatzaileak esan nahi du gai dela birus anduien %80 ingururen infekzioa blokeatzeko”.

Bizi kalitatea bermatzeko

Antigorputz neutralizatzaile horiek erabiliz, “guztientzako balioko lukeen terapia bat” bilatzen du Insaustik: “Sekuentziak ezagutu, laborategian ekoitzi eta ingeniaritza genetikoa erabiliz euren portaera ulertzen eta potentzia hobetzen saiatzen naiz”.

Antirretrobiralak “albo ondorioak” baititu, eta, gainera, GIB birusa dutenek egunero hartu behar izaten dute: “Hobetu nahi ditugun antigorputz hauek hiru hilabetez manten daitezke gorputzean; beraz, horrek bizitza kalitatea hobetzen laguntzen du gurean, eta irisgarritasun gutxiko lekuetan bizitza errazagoa izateko aukera izan dezakete”.

Insaustik dio “inguruaren araberakoa” dela GIB birusaren gaur egungo larritasuna: “Gurean gizarte segurantzak ematen du tratamendua, eta herrialde aberatsetan GIB birusa kontrolpean dagoela esan daiteke. Baina arazoa da leku aberatsetan bakarrik gertatzen dela hori”. Dena den, ordiziarrak azpimarratu du prebentzio modurik eraginkorrena preserbatiboak erabiltzea dela, eta, zalantzarik izanez gero, GIB birusaren proba egitea.

Insausti Eusko Jaurlaritzaren beka batekin ari da lanean: “Eusko Jaurlaritzak doktoretza egitera bultzatzeko bekak ateratzen ditu; lanean ari zara, azken finean”. Gaineratu du zientzia munduan ohikoa dela beken joan-etorria: “Beken bidez egiten da ia dena, eta ez nire adineko jendearen artean bakarrik”. Zientzialarien ogibidea eta bizitza “oso prekarioak” direla azaldu du Insaustik: “Datorren urteko urtarrilean bukatuko da nire beka, eta, ondoren, urtebeteko kontratuak izaten dira gehienetan”. Sarri, atzerria izaten da bide bakarra askorentzat. Euskal Herritik eta Espainiako Estatutik kanpo hiru edo lau urteko kontratuak lor daitezkeela azaldu du: “Ez da hain gogorra atzerrian lana lortzea; AEBetan, Kanadan eta Europa iparraldean ikerketa asko daude abian. Baldintzak onak izan daitezke, baina joateko gogoa izan behar da”. Insausti bera atzerrian egondakoa da; iaz Kanadan izan zen hiru hilabetez, Toronton: “Irailetik abendura, Ume Erien Ospitalean aritu nintzen lanean, atzerrira joateko eskatu nuen beste beka batekin”.

Ordiziarrak argitu du, halere, doktoretza amaitzean bekak “oso murritzak” direla: “Eusko Jaurlaritzaren beka batekin, badago aukera bi urtez atzerrian lan egiteko eta hirugarren urtean hemengo lantalde batean sartzeko, baina oso beka gutxi ematen dituzte”.

Gazteen arteko lehia

Ordiziarraren arabera, “alor gaztea” da zientzialariena: “Gazteok egiten ditugu ikerketa guztiak, mugitzeko aukera dugulako, eta, besterik ez dagoenez, guk erabakitzen dugulako mugitzea”. “Etengabeko mugimendua” da zientzialarien oinarria: “Jende askok bizitza proiektuak atzeratu egiten ditu sarri, pauso hori emanez gero lehiatik kanpo gelditzen zarelako, eta ikerketaren munduan tarte horretan milaka gauza alda daitezkeelako”.

Teorian, zientzia”komunitatean egiten den zerbait” da, Insaustik azpimarratu duenez, baina lehiakortasuna ere badagoela dio: “Azkenean, horrela egiten du aurrera zientziak, baina oso gogorra da, pertsonok egiten dugulako lan zientziaren alorrean”. Ikertzailearen ustez, baliabide gehiago izateak egoera hobetu dezake, baina arazoak bere horretan jarraituko luke: “Nazioartean gai bagara, hemen ere ikertzeko aukera izango dugu, baina horrek ez du eragotziko zientziak lasterketa baten parekoa izaten jarraitzea”.

Insausti oso gaztetan hasi zen zientziarako grina garatzen: “Lehen Hezkuntzako 4. mailan, espezializatzen hasi ginenean; uste dut giza gorputza eta metabolismoa lantzen hasi ginenean piztu zitzaidala interesa”. Doktore izateko bidean da orain”Doktoretza esperimentala egiten dut nik”. Agente immunoterapeutikoen garapena GIB birusaren aurka, hori da bere tesiaren izenburua: “Oraindik ez naiz hasi idazten; informazioa biltzen ari naiz, gauzak deskubritu ahala, horren atzekoa ere aldatu egiten baita”. Egunerokoan GIB birusaren “alor txiki-txiki batekin” aritzen dela argitu du: “Nahasketak egiten ditut, birusa infektatzeko gai den ala ez jakiteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.