Arduraz kontsumitzeko aukerak

Arduraz kontsumitzeko aukerak

Mikel Orbañanos Iribar

Kontsumoa modu “arduratsuan, kontzientean, jasangarrian eta eraldatzailean” sustatzeko helburuarekin, MapaSaretuz izeneko gidaliburua aurkeztu zuen herenegun Saretuz Donostiako kontsumo sareak, Tabakalerako Impact Hub zentroan.

Saretuz-ek Donostiako hainbat eragilerekin batera sortu du MapaSaretuz gida, eta, Lucia Peña koordinatzailearen arabera, hiriko komertzioak eta biztanleak kontsumo jasangarrira gerturatzeko tresna da.

Gida horretan, erabiltzaileak kontsultak egin ditzake, nork bere kontsumo beharren arabera. Izan ere, Peñak azaldu zuenez, kontsumo kontzienterako trabetako bat da produktuaren inguruan herritarrek ez dutela “inolako informaziorik”. “Prezioaz harago, erabiltzaileak beste irizpide batzuk hartu behar ditu kontuan; ea produktua ingurumenean jasangarria eta berrerabilgarria den edota saltokiak berak finantza etikoa sustatzen duen”. Arazo horri irtenbide bat emateko gida osatu du Saretuz sareak. Gainera, gida hori mapa interaktibo batean irudikatu dute euren webgunean, edozein herritarrek erabil dezan.

Peñak azaldu zuen garrantzitsua dela egungo “hiperkontsumismo” ereduaren inguruan hausnarketa sakon bat egitea. Horregatik, ekonomia ekologiko batera igarotzea beharrezkotzat jo zuen, eta MapaSaretuz gida helburu hori betetzeko tresna “baliagarria” dela esan zuen.

Egun, MapaSaretuz egitasmoa Donostiako 90 saltoki inguruk osatzen dute, eta hor eskaintzen dituzten zerbitzu eta produktuen arabera daude sailkatuta. Esate baterako, arropa dendak, kosmetika dendak, bizikletak edo oinetakoak konpontzeko saltokiak, elikagai dendak, artisautza dendak, bigarren eskuko liburuak eta musika diskoak topa daitezke, eta, guztira, hamahiru motatako komertzioek osatzen dute sarea. Saretuz-eko koordinatzaileak gogora ekarri nahi izan zuen gida horretan dauden saltokiek balio bikoitza dutela egunerokotasunean: batetik, denda txikiek bezeroari ematen dion “gertutasuna eta konfiantzagatik”; eta bestetik, ingurumenarekin eta irizpide sozialarekin konpromiso “irmo” bat izateko “esfortzu handia” egiteagatik.

Saretuz-ek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin elkarlanean jardun du MapaSaretuz egitasmoa burutzeko. Mikel Diez diputazioko Nazioarteko Kooperazioko zuzendari nagusiak esan zuen gida horrek kontsumo arduratsu eta kontzientea sustatzeko bide ematen duela. Eta, horregatik, gida erabiltzera animatu zituen herritarrak.

Ikusgarritasunaren balioa

Saretuz sarearen egitasmoan parte hartzen duten elkarteetako zein saltokietako kideak ere egon ziren aurkezpen egunean: besteak beste, Sheila Padrones Emaus Gizarte Fundazioko teknikaria, Jokin Aizpurua Izarbide supermerkatu ekologikoko saltzailea eta Juanjo Ucar Gabiltza Gipuzkoako Artisauen Elkarteko kidea. Guztiek eman zioten balioa gidaliburuak euren saltokiei herritarren artean ematen dien ikusgarritasunari.

Aizpurua, esaterako, argi mintzatu zen saltoki txikiek bizi duten egoeraz: “Denda txikietako saltzaileek errealitate gordina bizi dugu; izan ere, urtez urte, enpresa handiek aurretik komertzio txikietan ibili diren bezeroak erakartzen dituzte. Horren ondorioz, salduta geratzen gara”, zehaztu zuen. Horregatik, adierazi zuenez, MapaSaretuz eta gisako gidaliburuek denda txikien izena kontsumo arduratsu eta jasangarria egiten duten herritarrengana heltzeko aukera ematen diete.

Gonbidatu guztiek nabarmendu zuten ohiturak aldatzean dagoela saltoki txikiek bizirik irauteko benetako gakoa, gero eta jende gehiagok kontsumo jasangarriaren aldeko sentsibilizazioa eta kontzientzia duela onartu arren. Era berean, Peñak gogorarazi zuen saltoki txikiak “hiriaren hauspoak” direla. “Hiriaren altxorrik preziatuenak dira. Saltoki txikiaren inguruko eztabaida denen ahotan dabilen honetan, MapaSaretuz-en dauden dendei dagokien balioa eman nahi diegu. Txikiak diren arren, ingurumenarekin eta kontsumo jasangarriarekin guztiz konprometituak baitaude”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.