“Hasierako nire kezka zen jendeak barrerik egingo ote zuen”

“Hasierako nire kezka zen jendeak barrerik egingo ote zuen”

Miren Garate

Japoniarra da Hiromi Yoshida (Yuwaza, 1960), eta erdi azpeitiarra ere bai dagoeneko. Urtean bi aldiz etortzeko ohitura du, eta hilabete inguruko egonaldia egiten du aldi horietako bakoitzean. Besteak beste, rakugo emanaldiak egiteko aprobetxatzen du. Atzo, Lazkaoko Maizpide euskaltegian izan zen saio horietako bat, eta hurrengoak Azpeitiko udal liburutegian (otsailaren 27an) eta Donostiako Bukowski tabernan (martxoaren 1ean) izango dira. Yoshidak japonieratik euskaratzen ditu rakugoak, baina kontatzera ez da ausartzen. Horretarako “dohainik” ez duela dio, baina aurkitu du nork kontatua, rakugoaren bueltan taldetxo bat sortu baitzuten Azpeitian orain urte batzuk.

Japoniako ahozko tradizioko genero bat da rakugoa. Zein da haren historia?

Orain dela hirurehun edo laurehun urte inguru sortutako ahozko tradizio mota bat da rakugoa, ipuin kontaketa bat, baina printzipioz helduentzat egindakoa. Haren jatorriari buruz esaten da garai hartan antzerkia ikustea oso garestia zela. Rakugoak, ordea, ez du muntaketa handirik eskatzen, eserita kontatzen dira, eta kontalariak ez du aparteko ezer behar izaten. Horregatik, ez zen hain garestia, eta herritar xumeek ere izaten zuten rakugoak entzutera joateko aukera.

Zein ezaugarri ditu?

Iraupenari dagokionez, gehienetan nahiko motzak izaten dira, hamabost edo hogei minutu ingurukoak, ordubetekoak ere badauden arren. Kontalariak interpretatzen ditu istorioan agertzen diren pertsonaia guztiak, ahots aldaketen bidez. Rakugoak beti eserita kontatzen dira, eta Japoniako jantzi tradizionalez, kimonoz, jantzita. Oihal txiki bat eta abaniko bat ere izaten ditu kontalariak. Abanikoak gauza askotan laguntzen dio; zerbait jaten ari dela irudikatu nahi badu, adibidez, zotzarena egin dezake abanikoak.

Nolako istorioak kontatzen dira rakugoetan?

Umorezkoak izaten dira istorioak, jendeak barre egitea izaten dute helburu. Eta, barre eragiteko, era askotako komeriak kontatzen dituzte: jende xumearen eta aberatsen artekoak, lapurren artekoak, mozkorrenak… Maitaleen arteko kontuak eta pertsonaia aldrebesenak ere askotan agertzen dira.

Euskal Herrian egiten dituzuen emanaldietan, euskaraz izaten dira rakugoak. Itzuli egin dituzue japonieratik, edo propio prestatutakoak dira?

Itzulpenak izaten dira, rakugo obra fresko batzuk aukeratu eta euskaratu egin ditugu.

Nolatan hasi zinen Euskal Herrian euskarazko rakugo saioak antolatzen?

2012an egin genuen lehen saioa. Hasiera batean, rakugo obra batzuk euskaratu eta liburu batean argitaratzea zen nire asmoa; alabaina, ahozko tradizioa izanik, ikusi nuen liburu batean argitaratuta ez zuela graziarik izango. Antzeztu egin behar dira jendearen aurrean; horrek ematen die xarma.

Rakugo talde bat ere sortu duzue Azpeitian. Nolatan etorri da egitasmo hori?

Esan bezala, rakugoak antzeztu egin behar dira jende aurrean, eta nik ez daukat horretarako dohainik. Azpeitian baneukan lagun bat antzerkian ibilitakoa, Asen Escalada, eta hari galdetu nion ea ausartuko ote zen rakugoak kontatzera. Baietz esan zidan, eta horrelaxe hasi ginen biok, 2012an. Hurrengo urtean beste bi batu zitzaizkigun taldera: Arantzazu Maiz eta Maider Ibarguren. Orain, laurok aritzen gara. Ni ekoizlea naiz, eta aurkezpenak ere egiten ditut, baina rakugoak haiek kontatzen dituzte.

Non eman ohi dituzue saioak?

Gehienbat euskaltegietan eta kultur etxeetan. Urtean bi aldiz etortzen naiz Euskal Herrira, eta hemen nagoen aste horietan egiten ditugu saioak. Lazkaoko Maizpide euskaltegira urtero joaten gara, eta Azpeitiko liburutegian ere hirugarren aldiz egingo dugu. Martxoaren 3an Hendaiako ikastolan ere izango gara, eta han umeei kontatuko dizkiegu rakugoak. Rakugoak berez helduentzat izaten dira, baina umeentzako egokiak diren obrak euskaratuko ditugu.

Nolako harrera izaten dute rakugo emanaldiek Euskal Herrian?

Hasierako nire kezka zen jendeak barrerik egingo ote zuen. Umorea herriz herri aldatzen da, eta guri grazia egiten diguten gauza batzuek euskaldunei agian ez diete egiten; baina ikusten dut jendeak barre egiten duela, eta pozik nago.

Japonian bertan, gaur egun zein da rakugoaren egoera?

Tokion bertan lauzpabost rakugo txoko daude, eta horietan, saio batean, hamarren bat rakugolari agertzen dira bata bestearen atzetik. Tartean, malabaristek, magoek eta beste artista batzuek ere egiten dituzte ikuskizunak, eta hiru ordu inguruko saioak osatzen dituzte elkarrekin. Egunero-egunero izaten dira saio horiek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.