Mikeleteak, Gipuzkoako ikur

Mikeleteak, Gipuzkoako ikur

Asier Zaldua

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Polizia izan ziren mikeleteak, eta haiei buruzko liburua idatzi du Jorge Cabanellas bizkaitarrak: Los últimos miqueletes de Guipuzcoa. XVIII. mendearen amaieran erabaki zuten polizia zerbitzu hori sortzea, delinkuentzia oso handia zen garai batean.

Cabanellasek dio mikeleteena oso Polizia modernoa zela: “Kontrabando kargamentuak harrapatzen zituzten, hilketak ikertzen zituzten… Atestatu idatziak egiten zituzten, egungo poliziek egiten dituztenen modukoak”.

Gipuzkoatik kanpo ere lan egin zuten mikeleteek. “Madrilen eta Bartzelonan erakustaldiak eta desfileak egin zituzten; izan ere, uniforme ikusgarria zeukaten. Eta urtebete eman zuten Sevillan, 1929ko erakusketa unibertsalean aldundien pabiloia zaintzen”.

Mikeleteak “Gipuzkoako ikur bat” direla dio, eta orain arte izan duten aitortza baino handiagoa merezi dutela. “Ez dago mikeleteak bezain gipuzkoarra den beste ezer. Ezta Reala ere. Realak ez du indar bera eskualde guztietan. Mikeleteak, berriz, oso maiteak ziren herri guztietan. Aldundiak mikeleteen postu bat itxi behar zuela iragartzen zuen bakoitzean, herria kexu agertzen zen. Izan ere, mikeleteak zeuden herrietan ez zen lapurretarik gertatzen”.

Guardia Zibila heltzearekin batera, aldundiak mikelete kopurua murriztu zuen, gatazkak saihesteko. “Guardia Zibilak kuartela irekitzen zuen herrietan, aldundiak mikeleteen postua ixten zuen, herritarren haserrerako”.

Zigortuak

Mikeleteak Gipuzkoako Polizia izan ziren, errepublikak herrialdearen gaineko kontrola galdu zuen arte. “Errepublikak Gipuzkoaren gaineko kontrola galdu zuenean, mikeleteek Bizkaian, Gipuzkoan eta Katalunian jarraitu zuten lanean. Azkenak Frantzian erbesteratu ziren. Hemen gelditu zirenek garesti ordaindu zuten euskal poliziak izatea: kartzelan sartu zituzten, lanpostuak galdu zituzten, haien familiek pobrezian bizi behar izan zuten… Batzuk Dibisio Urdin delakoan izena eman behar izan zuten beraien iragana garbitzeko“.

Mikelete zerbitzuak 320 agente inguru izan zituen, eta postu batzuek zutik diraute oraindik: Leintz-Gatzaga, Mutriku, Pasaia, Lizarrusti, Aramaio… “Aldundiak enkante bidez saldu zituen. Eraikin batzuetan aldundiaren armarria ikus daiteke oraindik”.

Mikeleteei buruzko liburua, hara non, bizkaitar batek idatzi du. “Emaztearen familia Gipuzkoakoa da. Ni miñoia naiz Araban, eta Bizkaiko miñoiei buruzko liburu bat idatzi nuen. Emazteak proposatu zidan mikeleteei buruzko liburua idazteko”.

Gipuzkoako hainbat herritan aurkeztu du liburua Cabanellasek. Azkeneko aurkezpena Zumarragan egin zuen. Ekitaldian, mikeleteen ondorengo asko elkartu ziren; haien artean, Florencio Telleriarenak. Zumarragar hori 1909an jaio zen, eta Pasaiako postuan lan egin zuen. 1936ko gerran atxilotu egin zuten, eta Ezkaba mendiko gotorlekuan preso eduki zuten. Aske utzi zutenean, herrira itzuli, eta anaiekin tailer bat ireki zuen. Bost seme-alaba eduki zituen, eta 2004an hil zen.

Julian Arrietaren alaba ere, Maria Milagros Arrieta, Zumarragako aurkezpenean egon zen. Julian Arrieta 1890ean jaio zen, eta 1961ean hil. Kaboa izan zen, eta Ordiziako, Arroako eta Mutrikuko postuetan lan egin zuen. Frankistek 1937ko ekainean atxilotu zuten, Bilboko ebakuazioan. Etxerik eta lanik gabe utzi zuten, eta Urretxura itzuli behar izan zuen, emaztearekin eta 10 urteko alabarekin, familiaren babesera.

Zeles Goñi zumarragarra ere liburuaren aurkezpenera joatekoa zen, baina istripu batek eragotzi zion; hala ere, bere aitaren berri eman du. Juan Jose Goñi Nafarroako Arruazu herrian jaio zen, eta Zumarragako mikelete postuan lan egin zuen. Gerra garaian atxilotu, eta preso eduki zuten Larrinagako kartzelan eta Ezkabako gotorlekuan. 1941ean itzuli zen etxera. Asko kosta zitzaion lana aurkitzea, kartzelan egona zelako. Busca familiak eman zion lana, beren altzari lantegian. 1954an hil zen. “Gipuzkoak ahaztu egin ditu mikeleteak, eta penagarria da”, dio haren alabak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.