Baserritik jangeletara

Baserritik jangeletara

Aitziber Arzallus

Azpeitiko jatetxe eta jangela kolektiboak tokiko elikagaiekin hornitzeko egitasmoa da Azoka Plaza 2.0. Elikadura osasuntsu eta jasangarria bultzatuz, kontsumo ohituretan eragitea eta lehen sektorea indartzea da proiektuaren helburua. Elkarlanean ereindako egitasmo bat da, eta horren parte dira Azpeitiko Udala, Urkome Urola Kostako landa garapenerako elkartea, Artxara kooperatiba eta EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea. Duela urtebete hasi ziren lehen urratsak egiten, eta, bide luzea gelditzen zaien arren, orain arte egindako lanaren inguruan “balorazio oso ona” egiten dutela adierazi du Josu Labaka Azpeitiko Udaleko zinegotzi eta Azoka Plaza 2.0 proiektuaren dinamizatzaile taldeko kideak.

Egitasmoaren jatorriaz eta arrazoiez galdetuta, ia hamarkada bat egin du atzera Labakak. “Krisiak kolpe handia eman zion herriko ekonomiari, eta langabeen kopurua asko hazi zen. Industria da herriko ekonomiaren motorra, baina zama guztia sektore baten gain lagatzeak baditu bere arriskuak, eta krisiak horretaz jabetzeko balio izan zion udalari”. Garbi ikusi zuen zer-nolako garrantzia zeukan “sektoreen arteko orekak”, eta erabaki zuen lehenengo sektoreari bultzada sendo bat emateko neurriak hartzen hastea. “Hausnarketa horren ondorioz sortu zen Azoka Plaza eraberritzeko proiektua, eta baita haren bueltan sortu diren beste proiektuak ere”. Besteak beste, astearte eta ostiraletako azokak zaintzeko konpromisoa hartu zuen udalak, eta Euskal Herriko elikagaien topagune den Elikagunea sortzea bultzatu zuen.

Hain zuzen ere, Azoka Plazaren proiektuak herritarren aldetik izan duen “harrera onak” bultzatu ditu Azoka Plaza 2.0 proiektua martxan jartzera. “Azoka Plaza berritu zenetik, sasoiko eta herriko zein eskualdeko barazkiak eta bestelako elikagaiak eskuratzeko plaza bilakatu da, eta bide horretan beste urrats bat da bigarren proiektu hau”, Labakaren esanetan.

Herriko elikadura kateko eragileen arteko harremanak estutzeko lanean jardun dute urtebete honetan, eta, pixkanaka, ari dira sarea ehuntzen. Hamabost dira ekoizleen taldea osatzen duten baserritarrak, eta askotarikoak eskaintzen dituzten produktuak, konbentzionalak nahiz ekologikoak: barazkiak, fruituak, arrautzak, esnekiak, ogia eta produktu elaboratuak. Erabiltzaileei dagokienez, berriz, herriko lau ikastetxe, Sanagustin kulturgunea eta San Martin adinekoen egoitza batu dira proiektura.

Elikagunea, bitartekari

Joan den irailean hasi ziren proiektuan parte hartzen duten ekoizleen produktuak erabiltzaileen sukalde eta jangeletara eramaten. Elikaguneak du bitartekari lan hori egiteko ardura; hau da, ekoizleek Elikagunera eramaten dituzte produktuak, eta handik banatzen dizkiete erabiltzaileei, bakoitzak eskatutakoaren arabera. Astean hiru egunetan egiten dute hori.

Bidea hasi besterik egin ez duten arren, elkarlana emaitzak ematen hasi dela nabarmendu du Labakak. “Erabiltzaileek dituzten beharrei erantzuteko produktu berri batzuk ekoizten eta beste batzuk ekoizteko probak egiten hasi dira ekoizleak”. Baserritarrei ekoizpena dibertsifikatzeko aukera irekiko die horrek, eta, hain zuzen ere, horixe da sustatzaileek nahi dutena. “Proiektuaren helburu nagusia ekoizpenean eragitea baita, ekoizpena handitzea, lanpostu berriak sortzeko eta sektorea indartzeko”.

Esne gaingabetuz egindako jogurtak dira elkarlanetik sortutako lehendabiziko produktu horiek. “San Martin egoitzan nahi zituzten jogurt gaingabetuak, eta Errezilgo Urraki Esnean hasi dira horiek ekoizten”. Bide berriak jorratzen hasteko aukera sortze hutsa ontzat jo du Labakak. “Gero ikusi beharko dugu produktu horrek zer beste irteera izan ditzakeen merkatuan”.

Azken hilabeteotan lan handia egin dute, baina oraindik ere badute zer findua. Labakaren arabera, ekoizpena ahalik eta ondoen antolatzeko aukerak aztertzen ari dira orain. “Saihestu nahi dugu momentu batean produktu jakin baten ekoizpen guztia kolpean merkaturatzea eta beste momentu batean merkatuan produktuak falta izatea. Beraz, egutegi bat osatzen ari gara, ahal dugun neurrian hori guztia antolatzeko”.

Antolaketa horretan ari dira menuak osatzen ere. “Nutrizionista baten laguntzarekin ari gara aztertzen garaian garaiko produktuak menuetan nola sartu, menu osasuntsuak osatzeko”, eta hori, prezioaren muga sekula ahaztu gabe. “Prezioan sartu ahal izateko, menuak egokitu egin behar izaten dira, baina ezinbestekoa da orekari eustea”. Hasieran eman dezakeen baino lan zailagoa dela adierazi du Labakak, gauza asko hartu behar direlako kontuan. “Askotan pentsatzen dugu nahikoa dela kanpoko produktuak erabili ordez tokikoak erabiltzen hastea, baina aldaketak sakonagoa izan behar du. Tokiko produktuez ari garenean, garaian garaiko produktuez ari gara, eta ulertu behar dugu produktu bakoitzak bere garaia duela”.

Abendura arteko probako egitasmo bat izango da Azoka Plaza 2.0, eta Eusko Jaurlaritzatik jasotako bi urterako diru laguntzari esker hasi du bidea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.