Bukaerarik ez duen erritmoa

Bukaerarik ez duen erritmoa

Rebeka Ruiz

Bloody Mary disko dendara sartu, alboetara begiratu, eta bidaia hasi. Magia berezia dauka lokalak, kalitatezko musikaren tenplua izango balitz bezala. Biniloz betetako tenplua da, eta margolan eta apaingarri bereziak ditu non-nahi. Eta ez du soilik musikaren kulturan zehar bidaia egiteko gonbita eskaintzen: gaur egungo musikarik onena zaleen, kuxkuxeroen eta herritar arrunten eskura ere jartzen du.

Irungo erdigunean dago denda, eta 30 urte bete ditu. Ospetsua da lekua musikaren maitaleen artean, eta ez bertakoen artean bakarrik, baita inguruko eta urrutiko zaleen artean ere. Hala baieztatzen du dendaren ibilbideak. “Gure erritmoan funtzionatzen dugu, eta inoiz ez naiz denda gaizki joatearen beldur izan”, adierazi du Juancar Garcia arduradun eta jabeak. Argi dauka diskoak eta musika maite dituztenek ematen diotela bizia Bloody Maryri; hori dela berezitasun nagusia, alegia. “Gure denda erabat ezberdina da gainontzekoekin alderatuta, ez soilik publikoak diskoak erostea maite duelako, musika bera maite duelako baizik”, adierazi du Garciak.”Hori hiltzea ezinezkoa da”.

Bukaerarik ez duen mundua dela iritzita, musikarekiko zaletasun hori izan du dendak bidelagun 30 urtez. Garciak adierazi du orain arteko ibilbidea oso positiboa izan dela, eta aurreratu du urteurrena ospatzeko ekitaldi ugari antolatuko dituztela. Era berean, ordea, gogoratu du, umorez, iaz 29 urte bete zituztela eta jarduera mordoa egin zituztela. “Ni aktibo egoteak Bloody Mary %100ean aktibo egotea dakar”.

Komunikabide espezializatuei esker, biniloaren industriak indarra hartu du azkenaldian, eta arduradunak aitortu du horrek eragin positiboa eduki duela dendan. Hala, mugaz gaindi ere saltzen duen arren, Garciak uste du komertzio “autoktonoa” izatea azken urteotan “oso positiboa” izan dela. “Pareko bizilagunak noiznahi bisita egiten digu diskoren bat edo beste kuxkuxeatzeko edo opariren bat erosteko”.

Bloody Maryko arduradunak biniloak saltzetik urrunago ere zabaldu du merkatua denborarekin. Kontzertuak antolatzeaz gain, Bloody Mary diskoetxe zigilu gisa ere erabiltzen du tarteka. Garciak uste du musika emanaldiak antolatzea benetan “zoragarria” dela. “Publikoari eta musikariei ematen diet garrantzia. Pentsa musika taldea agertokian dagoela eta aretoa hutsik, hau da, bakarrik daudela. Batak bestea behar du; taldeak entzuleak behar ditu”. Entzuleen eta musikarien arteko harreman hori maite duela onartu du, jendea liluratuta gelditu ohi delako ekitaldietan: “Guk antolatzen ditugun kontzertuetan publikoa mutu gelditzen da, hitzik gabe. Begiradek dena esaten dute”.

Adierazi du gaur egungo musika festibal handietan entzuleek askotan ez dutela jakiten zein taldek jo duen. “Ondo pasa dutela dakite. Besterik ez”. Garciarentzat hori da Bloody Maryk antolatutako musika emanaldien eta jaialdi handi baten arteko desberdintasun nagusia, “eta horregatik baloratzen ditut hainbeste urte hauek, poliki-poliki hasi ginelako, baina baita poliki-poliki aurrera jarraitu dugulako ere”. Izpiritua eta ilusioa dira horren motorra Garciarentzat, “ez soilik nire ilusioa, ilusio hori bere barne hartzen duen osotasunarena baizik”.

Musika zigiluari dagokionez, zenbait lan argitaratzen lagundu du. Hala ere, esplikatu du ez dela ohikoa izaten. Talde on batekin topo egiten badu, eta diskoetxe baten sostengua falta zaiola ikusten badu, diskoa berak publikatzea erabakitzen du: “Inori interesatzen ez zaizkion lan oso interesgarriak bakarrik argitaratzen ditut”, gaineratu du. Horri esker bertako eta atzerriko fusio “zoragarriak” egitea lortu du saltokiko arduradunak, tartean, Petti abeslari beratarraren (Nafarroa) eta Barrence Withfield kantari estatubatuarraren artekoa eta Donostiako Señor Nok eta AEBetako Roy Lonek grabatutakoa.

Musika inoiz baino eskuragarriago izanda ere, Garciak aipatu du diziplina horren gaineko kultura falta dela. Internetek emandako erraztasunen gainetik, “jendearen interesik eza” jo du egoeraren erruduntzat. “Eta kontuan izan behar dugu gaur egun diskoak oso erraz lor daitezkeela… Gu lanean hasi ginenean, Australiako talde baten diskoa jasotzeko lau eta sei hilabete artean behar genituen. Kultura hori galduz joan da”.

Belaunaldien garapena

Urteen joan-etorrian belaunaldien arteko musika joeren aldaketak nola gertatu diren ikusi du Bloody Maryko arduradunak. “Oso polita izan da”, iritzi dio, eta bi alde bereizi ditu: “Batetik, ohiko komunikabideek zabaldutakoa, eta, bestetik, adibidez, Australiatik iritsitako rocka, oraindik ere dendan dudana, 1980ko hamarkadako garage rock musika Euskal Herrira 1990eko hamarkadan iritsi zena, gero grunge estiloa iritsi zen, geroago indiea…”.

Garciaren ustez, badirudi gaur egun kantuak berriz argitaratzeko garaiak direla, eta uste du “kontraesanezkoa” dela. Bloody Mary berritasunak musika maitaleen eskura jartzen saiatzen da. Izan ere, arduradunak uste du ezin dela iraganean bizi, “dagoeneko ez baititugu 15 urte”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.