Ereduak garatzeko bilgunea

Ereduak garatzeko bilgunea

Mikel Orbañanos Iribar

GKS Gazte Koordinadora Sozialista orain dela urtebete sortu zen, “gazte problematikari klase perspektibatik erantzuteko”. Ordutik, Euskal Herriko hainbat herritan zenbait esperientzia organizatibo egin ditu, “komunitate politiko sozialistaren eta botere sozialistaren eraikuntzarako”. Besteak beste, Araba eta Bizkaiko Topaketa Sozialistak eta Gazte Sozialiston Topagunea egin dituzte (Azpeitian), hausnarketa teoriko-politikorako espazioak antolatu dituzte, eta jardun politikoa gauzatu ahal izateko espazioak egokitu dituzte. Datozen hilabeteetarako, badituzte beste egitasmo batzuk esku artean; tartean, gaurtik biharrera Bergaran egingo dituzten Gipuzkoako Topaketa Sozialistak.

Debagoieneko udalerriak hartuko ditu bi eguneko topaketak, “herriak berak azpiegitura baliabide dezente eskaintzen dituelako”, esan du Miren Txurruka Gazte Koordinadora Sozialistako kideak. “Topaketa horien helburua gaur egungo testuingurua aztertzea eta etorkizuneko erronkez hausnartzea” dela azaldu du, bestalde, Aitor Aranburu GKSko kideak; hau da, “errealitatea gainditzeko etorkizuneko erronken eta bide orrien nolakotasunaz hausnartzea”. Horren harira, egitasmoak “gizarte despolitizatuaren aurrean jendarte politizatu bat sortzeko” ekarpena ere egiten duela zehaztu du.

GKSko kideek iragarri dutenez, hainbat izango dira gaur eta bihar jorratuko dituzten gaiak. Sozialisten eginbeharra “errealitatearen analisia egitea eta hura aldatzeko politika egitea” dela uste dute, eta gaur egungo testuinguruaren analisia egiteari ekingo diote, Seminarixoa aretoan, 17:30ean topaketari harrera egin eta gero. Mahai inguru horretan, “azken mende erdian Europa mailan garatu zen Ongizate Estatuaren gainbeherak dakarren proletarizazioaz” jardungo dira. Txurrukak azaldu duenez, gaur egungo testuingurua ezaugarritzen duten elementu zentraletako bat dela uste baitute. Hala, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko eta Iruñeko Langileon Autodefentsa Sareko kideek hartuko dute parte mahai inguruan.

Bihar goizean, berriz, egungo testuinguruak politika egiteko uzten dituen abaguneez jardungo dira Zabalotegi frontoian, “genero eta gazte problematiken etorkizuneko bide orriez eta erronkez hausnartzeko” helburuarekin. Bazkaldu eta jarraian, ostera, topaketara bertaratu diren gazteek hiru hitzaldi izango dituzte aukeran: batetik, ekoizpen artistiko sozialari buruzkoa, UNEDen; bestetik, langileen kontrolpeko espazioari buruzkoa; eta, azkenik, garatu beharreko kultura militanteari buruzkoa. Aranburuk nabarmendu duenez, oro har, “gaur egungo testuingurua ezaugarritzeko, etorkizuneko erronken inguruan hausnartzeko eta zenbait tesi politiko plazaratzeko egunak” izango dira, eta horretara bideratuko dituzte topaketetako hitzaldien edukiak.

Horrez gain, adierazi dute aldarrikapenek ere izango dutela espaziorik Bergarako topaketetan. Hala, manifestazioa egingo dute, 19:30etik hasita, Gazte langileok Euskal Estatu Sozialista lelopean.

250 parte hartzailetik gora

Koordinakundeko kideek gogorarazi dute bi egun horiek ez direla soilik hausnarketa politikorako egunak izango. Txurrukak azaldu duenez, topaketetan bertan eskaintzen dituzten sozializazio espazioak “lasai egoteko eta ondo pasatzeko elementu garrantzitsu gisa” hartzen dituzte. Hori dela eta, ekitaldi kulturalak eta kontzertuak antolatu dituzte. Gaurko afariaren ondoren, esaterako, musika emanaldi “lasai” bat entzuteko parada izango dute. Biharko gauari dagokionez, berriz, Amurrioko (Araba) Habemus Papam eta Aretxabaletako Criminal Remains musika taldeek punk-rock eta hardcore estiloko abestiak joko dituzte. Bi talde horien ondoren, DJek emango diete amaiera topaketa sozialistei.

Aranburuk aitortu du ez dela erraza aurreikustea egitasmoetan zenbat gaztek parte hartuko duten. “Askotan, jendeak ez du topaketako ekitaldi guztietan parte hartzen; lana edota bestelako ezintasunak medio, egun batean edo une jakin batzuetan bakarrik joan ahal izaten baita”. Aitzitik, aurreratu du izen ematea “modu egokian” doala, hots, “aurreikusitakoaren arabera”. Haien kalkuluen arabera, Bergarako topaketetan 250 parte hartzailetik gora egongo dira. Bonuak Gipuzkoako eskualde guztietan daude eskuragarri. Egun bakoitzerako txartelak bost euroan izango dira salgai, eta horren barruan sartuko dira otorduak eta lotarako lekua.

Komunitatea sendotzeko

Topaketak, “ikuspegi sozialista batetik elikatuz”, hainbat elementu sustatzeko, sendotzeko eta eratzeko baliagarriak direla uste du Txurrukak. Autogestioa da elementu horietako bat. Azaldu duenez, GKSk defendatzen du langile klaseak bere buruaren gaineko kontrola izan behar duela jardun politikorako, eta topaketetan egingo diren gogoetak aurretik aipatutako “parametro” horretan landuko dira. Gazte komunitatearen balioa ere nabarmendu nahi du Txurrukak. Haren iritziz, topaketen bitartez “botere sozialistaren eraikuntzan ardaztuta egongo den gazte komunitatea eratuko da”.

Alde horretatik, elementu horiek garatzeko topaketak beharrezkoak direla iruditzen zaie. “Izan ere, egunerokoan beren herrietan lanean dabiltzan militante sozialistek topo egiteko egunak dira”, eta, horregatik, errealitatean egon daitezkeen “ezinegonez eta ezintasunez hausnartzeko eta euren herrietara itzulitakoan egun horietan ikasitako praktikan jartzeko” balio dutela uste du Txurrukak. Modu berean, topaketak euren “praktika militantea gauzatzeak dakartzan inplikazio politikoez hausnartzeko eta jabetzeko” ere baliagarriak direla gaineratu du.

Topaketak herrialde mailako “zita garrantzitsutzat” ulertzen dituztela dio Txurrukak; izan ere, “komunitate politikoaren eraikuntzaz ez ezik, etorkizuneko erronken nolakotasunez eztabaidatzeko” bidea ematen diete. Hori dela eta, GKSko kideak adierazi du aurrera begira aurreikusteko modukoa dela topaketak antolatzen jarraitzea.

Auzia harago doa

Gazte Koordinadora Sozialista “gazte problematikan esku hartzeko mobilizazio eredu berriak sortzeko eta egonkortzeko fasean” dago orain, Aranburuk azaldu duenez. Era berean, erdigunean jarri du topaketek mugimendu sozialaren barruan duten balioa. “Oinarri militantearen gaitasuna handitzeari eta komunitate politikoaren eraikuntzari erantzuten diote horrelako egitasmoek”. Aurreko urtean egindako Arabako eta Bizkaiko Topaketa Sozialistak jarri ditu adibide gisa. Dena den, auzia harago doala zehaztu du: “Gure eraikuntzarekin batera, gazte esparrua antolatzen duen indar eta dinamika burgesari aurre egiteko mobilizazio ereduak garatzeko erronka daukagu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.