Ikuspegi berri bat jolastokiari

Josu Artutxa Dorronsoro

Tolosako Samaniego ikastetxeko jolastokia itxura berrituz doa. Iaz, Jolastu, jolastu eta jolastu proiektuaren barruan, Lehen Hezkuntzako haurrentzako jolaserako gune berriak sortu zituzten, Tabakalerako ordezkariekin elkarlanean. Orain, Haur Hezkuntzako ikasleek izan dute pribilegio hori. LHko 3. mailako 65 ikaslek, Garaion Sorginguneko begiraleekin batera, Zume Bizia izeneko jolasgune berdea pentsatu, diseinatu eta sortu dute txikienentzat.

Lehenik eta behin, jolasen bidez, diseinuak egin eta eztabaidatu egin zituzten. “Zume bizia zer den, zertarako erabiltzen den eta nola manipulatzen den ikasi zuten”, dio Irune Larreta eskolako zuzendariak. Ondoren, haur eskolako berdegunean, diseinu bakar batean bateratu zituzten ideia guztiak. “Gero, taldeka, zumeak landatu, eta eremu berde bat sortu zuten, tunel, ezkutaleku eta lasai egoteko guneekin; jolastokiari sekulako bizia ematen dio”.

Lehen kontaktutik, irudipen ona eragin diote Samaniegoko ordezkari eta ikasleek Miren Beitiari, Garaion Sorginguneko kideetako bati. “Opari moduko bat izan da, oso polita, parte hartze prozesua eraginkorra izan delako, eta inplikazio handia erakutsi dutelako. Ikasle batzuen kasuan, gainera, anai-arreba gazteagoak dituzte, eta, beraz, beren senideentzat egindako proiektu bat izan da”. Hala ere, diseinuari dagokionez, prozesuan zehar ikasleekin lanketa berezia egin behar izan zutela dio. “Ez ziren jabetzen haiek baino gazteagoak ziren ikasleentzat izango zela labirintoa. Denbora behar izan zuten ohartzeko. Behin labirintoa amaitzean, harro zeuden egindako lanaz. Beraiek izan ziren haurrekin begirale eta irakasle lanak egin zituztenak”.

Urtaroen zikloarekin batera

Ohiko jolasak alde batera utzi gabe, naturari buruzko heziketa beste mota bateko jolasen bitartez bideratzea da proiektuaren helburua. “Ez da jolaserako bakarrik; ikasteko ere bada, eta, beraz, ikasleak praktikan jartzea da egokiena. Natura zaintzen, errespetatzen eta maitatzen ikasi behar dugu, baita eskaintzen dizkigun baliabideak aintzat hartzen ere”.

Joan den astean, tantakako ureztatze sistema jarri zuten labirintoaren gunean. “Landareak izaten duen ohiko zikloa nahiko bizkor egiten duelako aukeratu genuen zumea, baina ur asko behar du”, dio Beitiak. “Oraindik adarrak biluzik daude, eta kanpotik ia dena ikus daiteke. Gerora, ordea, hostoak hazten direnean, jolasgune polita izango da Zume Bizia, guztia estaliko duelako, eta ezkutaleku moduan geratuko delako, jolaserako apropos”.

Urtaro aldaketarekin ere, jolaserako eta heziketarako bide berri bat bilatu nahi izan dute. “Urteko garai desberdinak gertutik biziko dituzte ikasleek: udaberrian hostoak agertzea, ilbeheran erortzea, neguan adarrak moztea eta horiek berriro hazten direnean loratzea. Beharrezkoa izango da mantenu lan egoki bat egitea, urteetan iraun dezan”, azaldu du Larretak. “Urtaro bakoitzean estruktura nola dagoen ikusi, eta ea erabiltzen den, nork erabiltzen duen, eta nola erabiltzen duten aztertuko dugu”, gehitu du Beitiak.

Samaniegokoa, ordea, ez da jolastokiari ikuspegi berri bat eman nahi dion adibide bakarra. Hori ederki asko daki Beitiak, gertutik bizi baitu egoera bera beste ikastetxe batzuetan. “Gu Ozaetan gaude, Araban, eta hemen ere badute hori. Espazioari garrantzi handia ematen diote, eta ikasleak naturarantz gehiago hurbildu nahi dituzte. Parte hartzea bultzatzen saiatzen gara, baina ohartzen gara denbora gehiago behar duen aldaketa bat dela”.

Larretak, berriz, eskaera bat egin die politikariei eta erakundeei: “Jolastokia guztientzat gero eta hurbilagokoa izatea nahi dugu; ikuspegia aldatu nahi diogu, jolasteko eta ikasteko eremua izan dadin”. Balioak sustatuko dituen gune izatea nahi dute, eta ez kirola eta lehiakortasuna soilik bultzatzen dituena. “Gure aldetik, dugun apur hori eskaintzen dugu, baina erakundeen laguntza beharrezkoa dela sentitzen dugu. Betiko ereduek ere aldaketa behar dutela entzutea nahi dugu”.

Eskolan garrantzitsua den proiektu bat ikasleek egina denean, “gertutasun berezi batekin” bizi dutela aitortu du Larretak. Hala ere, arazo bat dutela dio. “Eskola publikoa izanik, jolastokia eremu irekia da. Askotan, ikasleek gauzatutako proiektuek ez dute asko irauten, asteburuetan kanpotik etorritako pertsona jakin batzuek izaten duten portaeragatik”. Alde horretatik, ikasleek batzuetan frustrazioak izaten dituztela dio, beren proiektuek, oso politak izan arren, ez dutelako asko irauten. “Zerbait falta dela sumatzen dugu. Publikoa da, eta irekiak gaude, edonork jolaserako aprobetxa dezan; baina bueltan jaso nahi genukeena errespetua eta zaintza da, eta ez dugu ia inoiz lortzen. Zerbait erabiltzen denean, beharrezkoa da lehen zegoen bezala uztea”.