“Apirilean hasi ginen ikastaroa egiten, eta uztailean lana eskaini zidaten”

“Apirilean hasi ginen ikastaroa egiten, eta uztailean lana eskaini zidaten”

A. Arzallus

Ostalaritzan urte askoan aritua da Josune Aizpurua (Asteasu, 1978), eta bazuen lanbidez aldatzeko gogoa. Ustekabean izan zuen harakintzako ikastaroaren berri, eta izena ematea erabaki zuen, “probatze aldera”. Ikastaroa bukatuta, Urkaiko Baserria Km0 enpresan ari da lanean. Haren esanetan, “lana beti da lana, eta denean dago egin beharra”, baina “pozik” dabil, sekula izan duen ordutegirik onenarekin.

Nolatan erabaki zenuen harakintza ikastaroa egitea?

Lanik gabe nengoen, ikastaroaren berri izan nuen, eta, zerbait egitearren, izena eman nuen.

Nola izan zenuen ikastaroaren berri?

Iraurgi Berritzen-en bulegora joan nintzen beste zerbaitetara, eta han esan zidaten ikastaro berri bat eskaintzekoak zirela.

Zerk erakarri zintuen ikastarotik? Zergatik erabaki zenuen izena ematea?

Izena eman nuen, batez ere, astelehenetik ostiralera egiten den lan bat izan nahi nuelako. Urte askoan ostalaritzan jardundakoa naiz, eta ostalaritzan beti zabiltza jendearen martxaren kontrara: gehienek jai dutenean, zuk orduantxe lan gehien. Lehen, agian, ez zitzaidan horrenbeste axola, baina umeak ditudanetik balio handiagoa ematen diot haiek jai dutenean nik ere jai izateari.

Interesgarria iruditu zaizu harakintza ikastaroa?

Bai, gustura ibili naiz, eta asko ikasi dut.

Zer ikasi duzue?

Gauza dezente ikasi dugu: haragi pieza bakoitza zein den, zatikatzen, xerratan egiten, hanburgerrak egiten, ontziratzen, etiketatzen, eta abar. Teoria asko lantzen da, zenbait gauza jakitea beharrezkoa baita, baina saiatzen dira alde praktikoa ere lantzen. Dena dela, egia da lanbide honetan garrantzi handia duela jarduteak; eginez ikasten da ofizioa, eta, horrelako ikastaro batean, ez dago behar den guztia praktikatzerik.

Non egin duzu praktikaldia?

Nik neuk ez dut praktikaldirik egin beharrik izan, ikastaroa egiten hasi eta gutxira lana eskaini zidatelako han bertan, eta sartutako lanorduak praktika gisa onartu dizkidatelako. Apirilean hasi ginen ikastaroa egiten, uztailean eskaini zidaten lanpostua, eta han jarraitzen dut oraindik.

Gustura zabiltza?

Lana beti da lana, eta toki guztietan dago egin beharra, baina ez nago kexatzeko moduan, astelehenetik ostiralera eta beti goizez aritzen bainaiz.

Zertan aritzen zara zu?

Nire lana da beste batzuk zatikatzen dutena ontziratzea eta etiketatzea, eta eskaerak prestatzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.