“Kulturgune bat da liburutegi onena, jendea biltzeko toki bat”

“Kulturgune bat da liburutegi onena, jendea biltzeko toki bat”

Beñat Alberdi

Historia eta Geografia ikasi zuen Arantzazu Ibarrondok (Oñati, 1966), baina espero ere ez zuen espero liburutegi batean bukatu zuenik lanean. Alabaina, 30 urteko ibilbidea egin du dagoeneko lanbide horretan, eta esan daiteke toki aproposa aurkitu zuela. Bilakaera nabarmena ikusi du hasi zenetik gaur egunera, baina, era berean, ez du uste bilakaera hori behin betiko bukatu denik, hots, liburutegiek eraldatzen segitu behar dutela nabarmendu du.

Ikasketaz historialaria, baina ofizioz liburuzaina. Gelditzen al da historialariaren zantzurik?

Ikasketek balio izaten didate liburu bat irakurtzen dudanean istorioan hobeto kokatzeko. Lehen, denetarik ematen genuen karreran: historia, artea zein arkitektura. Orain ez dakit zer ematen duten.

Nola bukatzen du Historia eta Geografia ikasi duen batek liburuzain?

Garai hartan, Historia ikasi eta gero, irakasle sartzea zen ohikoena. Nik ikasketak amaitu nituenean, ordea, itxita zeuden irakasle izateko zerrendak, eta Madrilera jo nuen artxiboetako lanari buruzko graduondoko bat ikastera.

Herrian aurkitu zenuen zure tokia, hala ere.

Oñatira itzuli nintzenean sortu zitzaidan lanerako lehen aukera. Lagun batek esan zidan udalak turismo bulegoa zabaldu behar zuela, eta jende bila zebiltzala udan lan egiteko. Jakin ahalaz bat aurkeztu nintzen.

Beraz, turismoan eman zenituen lehenengo urratsak?

Bai. Nik frantsesa txikitatik ikasi dut. 6 urterekin hasi nintzen ikasten, eta 6 urtetik 14 urtera arte uztaila osoa udalekuetan pasatzen nuen Frantzian, hango umeekin, ez zegoen hemengorik. Orduan gaztelania, euskara eta frantsesa nekizkien, eta Historia neukan ikasita, artearen historia eta guzti.

90eko hamarkada zen. Orduan bazen egun den beste turismo?

Uda oso bat eman nuen horretan lanean. Igandero neukan talde bat Oñati erakusteko.

Noiz bilakatu zinen liburuzain?

Irailean irten zen beste lanpostu bat. Orduko arduradunak, Pruden Gartziak, ordezko bat behar zuen. Eta aurkeztu egin nintzen. Oñatiko zein beste herrietako jendea aurkeztu ginen, 50 inguru. Nik atera nuen postua, eta liburutegian lanean hasi nintzen.

Gaur egungoarekin alderatuta, nolako liburutegia aurkitu zenuen?

Orain dela 30 urte, liburutegiak, fisikoki, espazio aldetik, leku ilunak ziren normalean. Ez ziren batere zaintzen. Nahikoa zen apal batzuk, mahai batzuk eta aulki batzuk edukita. Mahaiak nahiko handiak izaten ziren, taldeka eseri ahal izateko. Nik ezagutu nuen Oñatiko liburutegia, erabiltzaile aldetik, haur eta gazte liburutegia zen. Ikasleak etortzen ziren, oso heldu gutxi.

Irakurzaletasun txikiagoa al zegoen?

Ez zen horrenbeste irakurtzen, eta ez geneukan gaur egun daukagun eskaintza. Asko aldatu da kultura kontsumitzeko eredua, baina ez bakarrik liburutegietan. Zenbat antzerki daude orain? Lehen, kontzertuak ere ez ziren horrenbeste antolatzen. Noizean behingo kontua ziren.

Zer-nolako eskaintza zenuten?

Bilduma aldetik, orduan nobelak urtean behin erosten ziren.Izan ere, askoz diru gutxiago zegoen. Gainera, dena eskuz egiten genuen: fitxak zein fitxategiak. Horrez gain, arratsaldez bakarrik zabaltzen genuen, hiru edo lau ordu. Hori dena aldatu da.

Zein liburu irakurtzen ziren? Klasikoak, akaso?

Klasikoak beti egon dira. Garai hartan entziklopediek okupatzen zuten liburutegiko zati handi bat. Orain desagertu egin dira, ordea. Gaztelerazko liburuak hartzen zituen jendeak, euskarazkoak ere gutxi geneuzkan. Zenbat mailegatzen ziren ez dakit, ez genituen estatistikak osatzen, baina ez dauka zerikusirik oraingo zenbakiekin, ezta bazkide kopuruak ere.

Komunikabideen bitartez liburu askok lortzen dute fama edo arrakasta, eta liburutegi askotan zaila izaten da horiek lortzea. Lehen ere izaten al zen fenomeno hori?

Prudenek beti erosten zituen Planeta Saria irabazi zuten liburuak; baina urtebete pasa eta gero, kritikak irakurri eta onak zirela baieztatu ostean. Ehun liburu aukeratzen ziren, urtean behin erosteko.

Haur eta gazteentzako liburutegia zabaltzea izan zen mugarri garrantzitsu bat. Nolatan bururatu zitzaizuen?

Gipuzkoako bosgarren herria izan ginen haur eta gazteentzako liburutegi bat zabaltzen. Arduradunak berak proposatu zuen ideia. Hainbat herritan ari ziren halakoak zabaltzen, eta gazteentzako gure bilduma gero eta handiagoa zen.

Zu izan zinen arduradun, ezta?

Eskuz apuntatzen nituen maileguak. Gogoan daukat nor izan zen lehenengo bazkidea: Maialen Urzelai. Berak ere oraindik gogoratzen du. Gelditzen zaizu, ez dakit, horrelako maitasun berezia edo.

30 urte pasatu dira liburuzain hasi zinenetik gaur egunera. Bilakaera handia izan du liburutegiak berak?

Aldaketa izugarria izan da, ez bakarrik aurrekontu aldetik. Kontuan hartu behar dugu liburutegien aurrekontuak oso txikiak izaten direla beste kultur arloekin konparatuz gero, izan musika edo antzerkia. Gainera, ez dugu horrenbeste oihartzun besteekin alderatuz gero.

Liburutegietako lanak ez du horrenbeste ospe?

Gure lana egunerokoa da. Nik irudikatzen dut inurrien moduan: egunero hor gaude, eskaintzen, ematen, ateak zabalik. Baina eremu zaila da lan egiteko.

Zerbitzua hobetzeko hamaika egitasmo abiatu dituzue. Esaterako, Auschwitz itxi izana gogoratzeko, gaiarekin lotura zuten liburuen sorta bat prestatu zenuten. Badute eraginik halako egitasmoek?

Gure helburuetako bat da jendea kulturan formatzea. Askatasuna daukazu, ordea, aukeratzeko bai edo ez. Saiatzen gara bideratzen, baina guk eskaintzen dugun kulturak esfortzu bat eskatzen du. Ez da zinera joan eta esertzea. Gaur egungo gizartean esfortzu hori eskatzea asko da. Bai, egiten dute askok, baina… Nik uste dut oinarrizko kultura lantzen dugula, eta hori garrantzitsua da herritar kritikoak eta zabalagoak izateko. Ez da terreno erraza lanerako.

Dena dela, aurrekontuaren igoera nabarmena izan duzue. Igartzen al da diferentzia?

Diferentzia oso handia da. Nik uste dut, bilakaera honetan, liburutegia ikasteko den ideia apurtu nahi izan dugula. Liburutegia ikasteko da? Ez. Ikasleak dira gure erabiltzaile mota bat, beste askoren artean.

Nahiko errotuta dagoen ideia da, ordea, liburutegiak ikasteko edo lanak egiteko tokiak direla.

Lehengo liburutegian, erabiltzaileen %95 ziren ikasleak. 30 urtean ideia hori aldatuz joan gara. Baina, ez Oñatin bakarrik, leku denetan: ez, ez, liburutegia ez da hori.

Zer erabilera ematen diote ikasleek liburutegiari?

Ez dira erabiltzaile fidelak. Ikasketak bukatu eta joan egiten dira, hau da, ez dute liburu bat hartzen. Leku bat behar dute ikasteko. Pentsa taberna batean sartzen direla bakarrik esertzera, kontsumitu gabe. Hori da bezero onena? Guretzat, ez. Horregatik, liburutegi hau prestatu genuenean, diseinu batzuk kendu egin genituen, mahai handiak adibidez. Halakoek beste erabiltzaile mota batzuk uxatzen dituztela erakusten duten txostenak daude. Esaterako, 60 urteko edo 80 urteko bat ez da eroso sentitzen. Estereotipo horiek haustea ez da erraza.

Nolakoa da liburutegi ideala?

Kulturgune bat, jendea biltzeko toki bat, askotariko adinak eta iritziak dituzten jendeak topagune bat izango duena, hainbat ekintzaren bidez beren ideiak trukatzeko eta kultura sortzeko. Urtetan ez dugu eduki dirurik, baina orain aurrekontu ona dugula, hasi gara irakurle taldearekin. Momentu honetan dauzkagun irakurketa eta idazketa taldeetan ehun pertsona mugitzen ditugu.

Ez da erronka makala ehun pertsona mugiaraztea.

Ematen du ez direla asko, baina badira. Ehun pertsonak irakurri eta idatzi egiten dute. Ehun pertsona, 11.000 biztanleko herri batean, ez da gutxi. Beste zein erakundek mugitzen ditu ehun pertsona egunero? Zenbat, esfortzu bat eskatzen diezunean? Irakurri egin behar duzu, kontrastatu, aldamenekoaren iritzia entzun… Ez da irakurtzea bakarrik.

Liburuei buruz hitz egiteaz ari al zara?

Hitz egiten duzunean liburu baten inguruan, islatu egiten dira zure ideiak, zure ideologia, zure pentsamenduak… Liburuetan gai asko jorratzen dira. Kuriosoa da lehenengo tertulia taldea sortu genuenean sortu zen irudia. Azken egunean elkarrekin trago bat hartzea erabaki genuen. Biharamunean batek esan zidan: ‘Atzo ze talde arraroa, ezta?’ Jende hori elkarrekin trago bat hartzen egotea, niretzat, gure taldearen plusa da. Nik uste dut herri batek behar dituela horrelako topagune batzuk. Liburutegian saiatzen gara neutroak izaten. Ez daude horrenbeste leku neutro herrian. Gaztetxera joanez gero, badauka bere ideologia konkretua. Kiroldegian ez duzu halako gauzei buruz hitz egiten. Hemen, bai.

Kultur topagune moduan Oñatiko liburutegia bere garairik onenean dagoela ondoriozta daiteke?

Inongo dudarik gabe.

Zein faktorek eragiten dute zuk horren argi izatea?

Momentu honetan dauzkagulako mailegu aldetik kopuru handiak. Musika eta bideo maileguak jaisten dabiltza, kontsumo eredua aldatu delako. Hala ere, jarraitu egiten du jendeak bazkide egiten; bazkide helduak dira, gainera. Nik uste haurren liburutegian ere lan ederra egiten dela eskolekin. Horrela nolabaiteko harrobia sortzen dugu. Horrez gain, ehun pertsonako taldeak izatea martxan, hori oso pozgarria da. Nik uste etorkizuna hortik datorrela, jarduera horiek guztiak bultzatzetik.

Jarduerak prestatzea edo irakurle taldeak sortzea al da liburutegien etorkizuna?

Liburutegiak historian asko aldatu dira. Euskarri moduan izan dituzte buztinezko taulak, papiroak, pergaminoa, eta abar. Asko aldatu dira. Gaur egungo liburutegietan euskarri berriak dauzkagu, digitalak adibidez. Konparatzen dut beste zerbitzu batzuekin: igerileku bat beti izango da igerileku bat, eta tenis kantxa bat, tenis kantxa bat. Liburutegietan jabetu behar dugu beti gaudela garapenean. Nik ez dakit nolakoak izango diren etorkizunean.

Teknologiaren garai hauetan, liburutegiek badute tokirik?

Bai. Gainera, aldaketa horiek gero eta azkarrago datoz. Teknologia sartu da liburutegietan eta jendearen munduan. Gero eta jende gehiagok irakurtzen du pantaila batean. Jaisten da liburuen maileguan kopurua. Orduan, guk nola erantzungo diogu horri? Irautea nahi badugu, esparru hori indartu egin behar dugu, eta jarduerak prestatu. Ezin gara gelditu hemen eserita, liburuak eskaintzen kutxazain baten moduan. Gure lana proposamenak egitea da. Lan asko dugu aurretik.

Sare sozialak belaunaldi berrien oinarri izanda ere lor daiteke txoko bat?

Bai, sare sozialetan bertan. Oso kritikoa naiz dauzkagunekin. Udaletxeko bileretan esana dut gure sare sozialak direla iragarki- taula bat. Guk sortu behar dugu edukia. Guk proposatu behar dugu. Horrela sortzen da gizarte parte hartzaileagoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.