Barre eginarazten, betiko ereduari eutsiz

Barre eginarazten, betiko ereduari eutsiz

Mikel Orbañanos Iribar

Zirkuak betidanik liluratu nau. Txikitatik zirkuan lan egin nahi nuen, baina garbi neukan ezingo nintzela trapezista edo hezitzailea izan. Pailazoaren rola, ordea, asko gustatzen zitzaidan”. Garikoitz Muñozen aitorpena da. Gurasoekin zirkura joateko ohitura zuen. Ramon Irizarrek, berriz, 12 urte zituela margotu zuen lehen aldiz aurpegia. “Pailazoa izan nahi nuen”. Muñozen anaiaren bitartez ezagutu zuten elkar, eta geroxeago, Joxan Malvido batu zen taldera. Handik sortu zuten orain dela 25 urte Tutik clown pailazo taldea. Euskal Herrian, behinik behin, Gari, Montxo eta Joselontxo izenez dira ezagun. Mende laurden horretan makina bat saio eman dituzte etxean zein atzerrian, euren helburua zein den ahaztu gabe: ikusleei barre eginaraztea. “Denbora azkar pasatu da, baina merezi izan du”.

Zirku munduan lan egiten dute. “Zergatik? gure pailazo estiloa zirkukoa baita”, esan du Muñozek. Orain dela ehun urte erabiltzen ziren esketx parodikoak berreskuratzea eta aintzakotzat hartzea dute aldarri, “iraganeko umoreak gaur egun ere funtzionatzen baitu”. Filosofia horri jarraikiz, musika dute osagarri. Hirurak musikariak dira, eta ikuskizunari “sekulako bizitasuna” ematen diotela nabarmendu du Irizarrek. “Musika elementu oso garrantzitsutzat hartzen dugu”. Muñozek ere garrantzia eman dio estilo horri: “Azken 30 urteetan Euskal Herriko pailazoen eredu nagusia abestea izan da. Gure oinarria, aldiz, bestelakoa da. Barrutik ateratako zerbait izan da”.

Pailazoa norberaren izaerarekin erabat lotua dagoela nabarmendu dute. Muñozek azaldu duenez,”pailazoen munduan norberaren izaera modu ezberdin batean ateratze n da”. Alta, garbi utzi nahi izan dute pailazo guztiak ez direla berdinak. Pailazo batek ume baten rola izan dezake, baita arlote batena ere… Irizarrek argi du: “Ona ala txarra izan, ni pailazoa naiz”.

1995ean, Donostian ospatu zen Kilometroak jaialdian igo ziren lehen aldiz taula gainera Gari, Montxo eta Joselontxo. Azkar egin zuten jauzi Euskal Herri mailara. “Baina gure erronka nagusia atzerrira joatea zen”, gogoratu du Muñozek, eta baita lortu ere. Frantzian eta Alemanian egon dira gehienbat, eta han bizi izandako esperientzia “sekulakoa” izan dela nabarmendu dute. Zirkuari esker, mundu guztiko artista “bitxiak” eta “bikainak” ezagutzeko parada izan dute hirurek. Muñozen iritziz, zirkuan lan egiteak ez du zerikusirik antzoki batean lan egitearekin: “Zirkuan jendez inguratua eta harrapatua zaude. Oso bitxia da”. Bresten (Bretainia) egin zuten ikuskizuna dute gogoan biek. “4.500 ikusleren aurrean egon ginen, eta ikaragarria izan zen”, esan du Muñozek.

Hain justu, Bresten bertan bizi izan zuten pasadizo bat etorri zaio burura Irizarri: “Gure saioaren ondoren, elefante baten ikuskizuna zetorren. Pistatik erretiratu ginenean, ordea, elefantearekin topo egin genuen, aurrez aurre. Oldartua zegoen, eta, gainera zetorkigun unean, zorionez, hezitzailea elefantearen eta geure artean sartu zen”. Bien bitartean, isilpean gordea zuena botatzera ausartu da Muñoz: “Ni zuriz nengoen margotua, baina barrutik are zuriago nengoen. Horrelako ezustekoak izan ditugu”.

25 urte hauetan txanponaren bi aldeak bizi izan dituztela aitortu dute. Oro har, esperientzia ilunenak taularen atzean izan direla zehaztu dute. Frantziako zirku batean, esaterako, Irizarrek azaldu du kobratzeko garaian antolatzaileek ez zutela bete hitzemandakoa. “Gainera, beldurrez alde egin behar izan genuen”. Urrunago joan da Muñoz: “Mehatxatu egin gintuzten. Ez zen batere samurra izan”.

Pailazo munduak ere prekaritatea jasaten duela dio Muñozek. Pailazoaren rola bigarren ogibidetzat dute hartua hirurek. “Egun, pailazo mundutik bizitzea oso zaila da, pailazoaren lanari ez diotelako prestigiorik ematen askok; leku guztietan hutsalduta dago”. Iritzi berekoa da Irizar ere: “Jende askok ez daki zer den pailazoa izatea. Nik uste dut kultur ezagutza falta dagoela. Bestalde, filmetan agertzen diren pailazoek rol ezberdinak dituzte, eta pailazooi ez digute mesede handirik egiten”.

Prestigioa itzalpean

Orain dela 25 urtetik hona gizarteak bilakaera bat izan du, eta pailazoek askatasun osoz jarduteko muga gehiago dituzte orain. Muñozek azaldu duenez, “lehen baino askoz ere marra gorri gehiago daude. Ematen du 40ko hamarkadan gaudela”. Gizarteak lasaitu behar duela dio, eta, aldi berean, garrantzia eman benetan garrantzizkoak diren gauzei, “asko baitira”. Muga batzuk beharrezkoak direla deritzo, “baina inoiz ahaztu gabe askatasuna ezin dela inondik ere mugatu”.

Teknologia berrien sustraiak ere sartu dira pailazoen mundura, eta ondorio zuzenak bizitzen ari da Tutik clown taldea. Muñozek dio eskarian beherakada handi bat sumatu dutela, eskaintza “birtuala” dagoelako, hau da, pantaila bat dago sortzailearen eta hartzailearen artean. Egoera horrek lehen bizirik zeuden hainbat pailazo ekoiztetxe galtzea ekarri du. “Erakunde publikoek ez badute eskatzen, benetan salduta gaude”. Gainbehera horri gehitu behar zaio zirkuak ez duela prestigiorik gizartean. Kultur alorrean, erakundeek ez diotela kasu handirik egiten nabarmendu dute.

Gorabeherak gorabehera, Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoek oraindik ez dute buruan beren ibiltzeari amaiera ematea. “Garai gogorrak igaro ditugu, baina hemen gaude oraindik, elkarrekin jarraitzen dugu, eta ilusioarekin gaude”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.