“Gainditzen ez bazuten, neuk hartzen nuen pena handiagoa”

“Gainditzen ez bazuten, neuk hartzen nuen pena handiagoa”

Asier Zaldua

Mila Osinalderen bizipoza eta alaitasuna miresgarriak dira. Gozogile familia batean jaio izanak eragina izango du, beharbada. Musika ikasketak egin zituen, eta Urretxu eta Zumarragako haur askori musika eskolak eman zizkien: bere etxean, Joxe Mari Iparragirre institutuan eta Secundino Esnaola musika eskolan. Oraindik ere, haur gutxi batzuei ematen dizkie eskolak, bere etxean. Horretaz gain, organoa jotzen du, eta kirola egitea ere gustuko du.

Zumarragako Osinalde gozotegikoa zara…

Osinalde gozotegiaren gainean jaio nintzen. Gozotegia gurasoena zen. Aita Legazpiko Mendiaraz Goikoa baserrikoa zen; ama, berriz, Azpeitiko Landeta auzokoa. Aitaren familian hamaika anai-arreba ziren, eta amarenean, hamabi. Hainbeste izanik, seme-alabek lehenbailehen baserritik alde egitea komeni zen. Aita osabaren Osinalde gozotegira bidali zuten, 10 urterekin-edo. Aitaren osabak Amerikan irabazitako diruarekin ireki zuen negozioa.

Osinalde gozotegiak ospe handia izan zuen.

Txokolatea egin eta inguruko herrietako dendetan saltzen zuten. Azpeitiko Landeta auzoko denda amaren familiarena zen, eta hala ezagutu zuten elkar aitak eta amak.

Zuk ere gozotegian lan egin al zenuen?

Gozotegitik ihes egiteko ikasi nuen pianoa jotzen! Kar-kar. Kristalak garbitzeari sekulako gorrotoa nion. Ikasi beharra nuela esaten nion amari, eta barkatu egiten zidan. Ama haurra zenean, herriko jauntxoen seme-alabek soilik ikasten zuten pianoa jotzen. Amak inbidia handia pasatzen zuen, baina bere amak esaten zion hori ez zegokiela beren mailakoei. Hori dela eta, egunen batean ezkontzen bazen eta seme-alabak izaten bazituen pianoa ikasteko aukera emango ziela agindu zion bere buruari. Lau anai-arreba ginen, eta laurok egin genituen solfeo eta piano ikasketak. Gure amak ez zuen musika kultura handirik, baina telebistan orkestraren bat ikusten zuen bakoitzean, liluratuta gelditzen zen.

Amaren nahia izanik, gazte hasiko zinen musika ikasten.

5 urterekin. Nire lehen maisua Juan Jose Belaustegi izan zen. Urretxuar hori oso musikari eta konpositore ona izan zen. Umea nintzen, eta gizon zaharra iruditzen zitzaidan. Olaetxearekin ere ikasi nuen. Beranduago, mojak karrera ematen hasi ziren. Donostiara joaten ginen azterketak egitera. Ondoren, 15 bat urterekin, Donostiako kontserbatoriora joan nintzen. Egunero joaten nintzen Donostiara, trenean. 18 urterekin bukatu nituen musika ikasketak.

Ikasketak bukatu eta berehala hasi al zinen lanean?

Garai hartan, emakumeek etxean gelditu behar izaten zuten, baina ni liberal samarra nintzen, eta klaseak ematen hasi nintzen. Ikasitakoa ez baliatzeak pena ematen zidan. Inguruko haur batzuekin hasi nintzen. Umeei errieta egiten banien, nire ama haien alde jartzen zen. Gurasoen etxean ematen nituen klaseak, baina haur asko etortzen ziren, eta amak esan zidan hori ez zela posible. Ondoko etxera etorri nintzen. Egunean hamalau ordu lan egiten nuen: ehun bat ume nituen.

Ia bizitza osoa daramazu eskolak ematen.

Umeak oso gustuko ditut. Sekulako zalaparta izaten zen nire etxean. Izugarri gozatu dut. Nire umeak ziren! Donostiara azterketa egitera joaten ginenean, gainditzen ez bazuten, neuk hartzen nuen pena handiagoa. Egindako azterketa gainditzeko modukoa zela uste banuen, epaimahaikoengana joaten nintzen nire ikasleak defendatzera. Gero, bazkaltzera joaten ginen guztiok, eta trenean kantuan itzultzen ginen. Emaitza oso onak lortzen genituen: ia guztiek gainditzen zuten azterketa. Horretarako, behar bezainbeste lan egiten genuen. Azterketa bezperan, igandea bazen ere, errepasoa egiten genuen. Asko lan egin dut, baina gustura. Horrek ez du inongo meriturik. Gaur egun, oraindik haur gutxi batzuei eskolak ematen dizkiet.

Urretxuko institutuan ere musika eskolak eman zenituen.

Institutua ireki ondorengo lehen urteetan, hain zuzen ere. Musika ikasgaia zegoen, Falangearen Sección Femenina delakoaren esku. Euskal Herrian oso gaizki ikusiak zeuden, eta oso gustura hartu ninduten. Izan ere, euskalduna naiz, eta abizen euskaldunak ditut.

Hasieran, ondo moldatu nintzen, baina, gero, afiliatzeko eta bileretara joateko eskatu zidaten. Nahi izan banu, haien eskutik, Madrilen puntaren puntan izango nintzen, baina uko egin nion. Etxean abertzaleak ziren, eta aitak euskaraz hitz egitera behartzen gintuen. Nire ohorea nuen jokoan. Hiru edo lau urte eman nituen institutuan.

Gainera, Urretxu eta Zumarragako Secundino Esnaola musika eskolaren sorreran parte hartu zenuen.

Nire etxean ezin nituen ikasketa ofizialak eskaini, eta azterketa egitera Donostiara joan behar genuen. Askotan joan ginen Eusko Jaurlaritzara, kontserbatoriora, udaletxetara eta abarretara herrian eskola ofiziala lortzeko. Udalaren babesa eta sei irakasle tituludun izatea eskatzen zuten. Nire ikasle izandako batzuk eta ni tituludunak ginen, baina zeharkako flauta eta biolin irakasleak ere behar genituen. Irundik ekarri genituen biak.

Egun, organoa jotzen duzu. Nolatan ikasi zenuen instrumentu hori jotzen?

Lehengusuak-eta ezkontzen hasi ziren, eta organoa jotzeko eskatzen zidaten. Hori beste mundu bat zela esaten nien. Kontserbatorioko Esteban Elizondori zer jo nezakeen galdetu nion, eta nahi banuen eskolak emango zizkidala esan zidan. Azkenean, organo ikasketak egin nituen.

80 urte baino gehiago dituzu, eta organoa jotzen jarraitzen duzu.

Urtero kontzertu bat egiten dut Zumarragako parrokian. Aurtengoa otsail amaieran egin dut, Jon Goenaga piano jotzailearekin eta Pello Ramirez biolontxelo jotzailearekin. Juan Jose Belaustegi konpositore urretxuarraren obra bat estreinatu dugu, besteak beste. Esan bezala, Belaustegi nire lehen maisua izan zen. Gainera, organo jotzaile talde batekin, herririk herri joaten naiz. Toki askotan jo dugu. Esteban Elizondo da koordinatzailea. Aurten, Andaluziara joango gara, besteak beste. Estebanek jende asko ezagutzen du, eta ate asko irekitzen dizkiote. Iaz Parisen izan ginen. Suitzan ere izan gara.

Zer diozu Gipuzkoan dauden organoez?

Gipuzkoako organo gehienak jo ditut. Onenak Cavaille-Coll-ek egindakoak dira. Donostiako Santa Maria elizakoa, adibidez. Zaharberritzen ari dira. Azkoitian, Loiolan eta Bidanian ere Cavaille-Coll organoak dituzte. Bidanikoa txikia da. Bergarakoa eta Tolosakoa ere oso onak dira. Baita Artzain Onaren katedralekoa ere. Azken hori garaikidea da. Ataungoa, berriz, barrokoa da. Inguru honetan dagoen onenetakoa da. Egia esan, Gipuzkoan oso organo onak daude. Ameriketako Estatu Batuetatik gure organoak ikustera etortzen dira. Izan ere, han ez dituzte horren instrumentu zaharrak.

Zer du berezia organoak?

Egundoko instrumentua da. Dotorea. Asko ematen dizu. Organoarekin oso gauza politak egin daitezke, eta liluratu egiten zaitu. Garai batean, organoa gizonezkoek bakarrik jotzen zuten. Tontakeria bat gehiago… Zergatik ezin du, ba, emakume batek organoa jo?

Zure bizipoza miresgarria da. Nola lortzen duzu bizipozari eustea?

Organoa joz! Egia esan, baikorra naiz izatez. Ez naiz tristea, eta ez dut tristura atsegin. Alaia naiz. Gauza koloretsuak gustatzen zaizkit. Etxean beti argitasun handia dut, eta etxea kolore biziekin margotzen dut. Garai batean, laranja kolorez margotu nuen, eta, azkenengoz margotu nuenean, lila kolorez margotu nuen.

Kirola ere egiten duzu.

Egunero igerilekura joaten naiz. Ura oso gustuko dut. Egunero 750 metro egiten ditut igerian.

Autoa gidatzen jarraitzen al duzu?

Auto berria erosi dut. Hyundai txiki bat erosi dut, erraz aparkatu ahal izateko. Autoa erosketak egitera joateko, organo jotzaileen topaketetara joateko eta abar erabiltzen dut. Oraindik gustura gidatzen dut, baina gauez gidatzea ez zait gustatzen.

Zure etxea lila kolorekoa dela esan duzu. Horrekin lotuta, zeure burua feministatzat daukazu?

Ni gaztea nintzenean, ez zen feminismoaz hitz egiten, baina neure burua feministatzat daukat. Gizonezkoak ez dira bereziak. Gu bezalakoak dira. Nire bizitza osoan hori defendatu dut.

Ez zara inoiz ezkondu.

Hala nahi izan dudalako: inork ez dit nahi dudana eman, eta eman didatena ez dut nahi. Mutil-lagun eta lagun asko eduki ditut, ordea. Baita orain ere. Nahi baduzu, beti edukiko dituzu. Eta sexua oso ondo dago, beste batekin edo ahal duzun bezala!

Emakumea izateagatik bazterkeria pairatu al duzu?

Bai. Batzuek “ez zara ezkondu, a ze pena!” esan izan didate. Zergatik? Ezkondu ez banaiz, nahi izan ez dudalako da. Inork ez dit nahi dudana eskaini, eta ez nago asebetetzen ez nauen norbaitekin ezkontzeko prest. Lehen, bizitza osorako ezkontzen ziren. Egungora, ordea, erraz moldatuko nintzateke. Nire atzetik zebilen batekin ezkontzeko aholkatu izan didate. “Horrekin ezkondu? Harekin egotea jasanezina egingo zait eta!”, erantzun nien.

Garai batean, emakumeak derrigor ezkondu beharra zuela zirudien. Ezkontzen ez zen emakumeari zerbait falta zitzaiola zirudien. Niri ez zait ezer falta izan, ordea! Ezkondu izan banintz baino hobeto nago, zentzu guztietan. Nolako mespretxuarekin hitz egiten duten oraindik adineko emakume askok ezkondu ez direnez. Zer zatarra den neskazaharra hitza. Ez nago ezkontzearen kontra. Ezta gutxiago ere. Baina asebetetzen zaituen norbaitekin ezkontzearen alde nago. Eta ez da erraza pertsona hori aurkitzea. Dena den, egun errazagoa da. Lehen, betirako ezkontzen ziren, eta hanka sartzen bazuten, akabo.

Azken urteotan, feminismoak indar handia hartu du.

Asko pozten naiz, baina kostako zaigu dagokigun guztia lortzea… hor goian dauden guztiak gizonezkoak dira eta! Emakumezkoon kontra egiten direnak ez sinestekoak dira. Emakumezkoa gizonezkoa bezain ahaltsua da, ordea. Clara Schumann bere senarra baino hobea zen, baina inoiz ez dugu ezer entzun hari buruz. Gizonezkoak bakarrik ezagutzen ditugu; emakumeek ez al zekiten, ba, musika egiten? Baztertuta zeuzkaten, ordea. Txoko batean. Bizitza osoan bazterkeria horren aurka borrokatu naiz. Asko kostako da horri buelta ematea, matxismoa oso sustraitua baitago. Baina inor ez da beste inor baino gehiago, eta, zorionez, berdintasunaren aldeko pausoak ematen ari gara.

Leave a Reply

Your email address will not be published.