“Hurrengo erronka izango da gure saiora gizonak erakartzea”

“Hurrengo erronka izango da gure saiora gizonak erakartzea”

Mikel Orbañanos Iribar

Umore estilo berean ibiltzen diren umoregileak dira Mirari Martiarena (Oiartzun, 1986) eta Idoia Torregarai (Usurbil, 1974), “eta ez aktoreak!”. Usurbilgo Artzabal jatetxea dute sormenerako leku, eta zaharberritutako leku “polit eta goxotzat” hartua dute biek. Hain justu, han sortu baitzuten orain dela bi urte Bakean dagoena bakean utzi bakarrizketa ikuskizuna. Bi urteren ostean harrotasun apur bat badutela aitortu dute, inor gutxik lortu baitu saio bera ehun aldiz taularatzea, herriz herri. Buruan ondo gordea dute orain arte bizi izandakoa.

Ehungarren saiora iritsi zarete aste honetan. Zer sentitzen duzue?

IDOIA TORREGARAI: Guretzat, lorpen bat da. Gure ametsik onenean ere ez genuen pentsatzen ehun saio egingo genituenik. Gutariko bakoitzak bazuen bere ibilbidea umorearen munduan, baina jendaurrekoan ez geneukan esperientzia handirik. Orain arte egindakoari balio handia ematen diogu.

MIRARI MARTIARENA: Hasierako helburua ez zen izan zenbat saio egin behar genituen. Oparia izan da ehun lekutatik deitzea.

Zein izan da kopuru horretara iristeko arrazoia?

M. M.: Euskara, generoa eta umorea uztartzen dituen emanaldi asko ez daude, eta emakumeak eginak, are gutxiago. Batetik, abantaila ematen dizu horrek, eta, bestetik, jendeari asko gustatu zaio. Horrez gain, gure formatua oso sinplea denez, edozein herri txikitan antolatzeko inolako arazorik ez dugu izan.

I. T.: Ahoz ahokoaren bitartez ere ezagutu gaituzte, eta hori guretzat funtsezkoa izan da. Saio bakoitza, guretzat, desberdina eta berria izan da, eta horrek beste freskotasun bat ematen dio, momentuan gertatzen den zerbait har baitezakegu.

Eta publikoa erakartzeko?

I. T.: Zerbait berria izan da bi emakume umoregilearen rolean ikustea. Batzuek aktore gisa identifikatzen gaituzte. Gu ez gara aktoreak; gu umoregileak gara, eta binakako bakarrizketak egiten ditugu, euskaraz. Formatu horrek askori harridura sorrarazi dio, gure inguruan horrelakorik ez dagoelako.

M. M.: Gure egunerokoan oso presente dauden eta pentsatzen ez ditugun gaiak lantzen ditugu. Txiste bat egiten dugunean ikusten dugu publikoan dauden emakume guztiek egiten dutela barre, eta gizonezkoak, berriz, ezjakintasun egoeran daudela antzematen dugu. Mundu paralelo hori ikusarazten ari gara, eta inork hitz egiten ez dituen gaiak azaleratzen ditugu.

Saioak eman ahala, gidoia zerbait aldatu duzue?

I. T.: Askatasun osoa daukagu egun batean nahi dugun moduan egiteko, mugarriak zeintzuk diren jakinda.

M. M.: Aurrean dugun publikoaren arabera ere moldatzen joan gara. Gauza batek ez badu funtzionatzen, aldatzen eta leuntzen saiatzen gara. Aldiz, hasiera-hasieratik publikoarekin konplizitatea lortzen badugu, harrotu egiten gara.

Inprobisazioa landu duzue?

I. T.: Bere tartea badauka, eta baliatzen dugu. Gure indarguneetako bat da naturaltasunez jarduten garela.

M. M.: Horregatik, aretoa argitsu egotea nahi dugu, publikoa garbi ikusteko.

I. T.: Guk eskatzen duguna da jendearengandik gertu egotea. Publikoa ere gure saioaren parte bada: galderak egiten dizkiegu, atakan jartzen ditugu… baina estutu gabe. Bestalde, jabetzen gara oraindik ere barre egiteko baimen hori ez dagoela emanda leku guztietan. Batzuei gehiago kostatzen zaie askatzea, beste batzuei ez…

Esperientzia bereziren bat baduzue gogoan?

M. M.: Goizuetakoa [Nafarroa] ikaragarria izan zen. “Arratsalde on” esan, eta jende guztia barrez hasi zen. Porru eginda amaitu genuen arren, publikoaren aldetik asko jaso genuen.

I. T.: Bidarrain [Nafarroa Beherea] egin genuena ere berezia izan zen; izan ere, apur bat urduri gindoazen hara, Hego Euskal Herriko erreferentzia batzuk aldatu behar genituelako.

M. M.: Herritar batzuekin harremanetan jarri ginen jakiteko ea Iparraldekoek nola ikusten gintuzten Hegoaldekook. Hiru klabe eman zizkiguten: oso azkar eta altu hitz egiten genuela eta pipazaleak ginela. Orduan, hiru elementu horiek gidoian sartu genituen, eta saioa oso ongi joan zitzaigun.

I. T.: Ikusi dugu egoera soziolinguistiko ezberdinetan ere euskarak, umoreak eta generoak batzen gaituztela.

Ez duzue uste umorea ardatz duen antzerkigintzan emakumea itzalpean geratzen dela? Zuek, adibidez, nola bizi izan duzue?

I. T.: Jendeari hasieratik erakutsi nahi genion umorea emakumeok ere egin dezakegula. Aurreiritzi horiek apurtzeko bagenekien ate batzuk ireki behar genituela. Gure emanaldietako publikoaren gehiengoa emakumezkoa denez, hurrengo erronka izango da gure saiora gizonak erakartzea.

M. M.: Askok galdetzen digute ea emakumearentzat bakarrik den. Gure bizipenei buruz hitz egiten dugun arren, gizonei ere ez zaie gaizki etorriko jakitea.

Publikoa antzerkigintzara erakartzeko amuetako bat da komedia?

I. T.: Jendeak ohitura badu antzerkira joateko eta umoreaz gozatzeko. Gure herriaren kasuan, badago historia bat antzerkia eta umorea lotzen dituena. Intuizioz eta inguruan funtziona dezaketen elementuekin umorea sortzen saiatzen gara. Ez da terreno hain ziurra, baina umoreak askatasun handia ematen du.

Beraz, argi geratu da euskaraz umorea egin daitekeela, ezta?

M. M.: Oso gogoan daukat orain dela urte asko ETB1ek emititzen zuen Funtzioa saioa. Gaurkotasunarekin lotutako umore saio bat zen. Denekin sartzen ziren, eta politikariak platora eramaten zituztenean prest zeuden txorakeriak esateko. Gaur egun, ordea, pentsaezina da telebista publikoan horrelako saio bat egitea. Halere, argi dago euskaraz umorea egin daitekeela.

Udazkenerako saio berri bat prestatzen ari zarete. Aurrekoaren ildo berekoa izango al da hura ere?

I. T.: Bai. Ondo funtzionatzen du, eta gu ere eroso gaude. Ikusten dugu oraindik asko dagoela lantzeko, eta ziur gaude herri askotatik deituko gaituztela. Espero dezagun oraingoan ere bide onetik joatea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.