“Altxor bat daukagu esku artean, eta jada ez da sekula galduko”

“Altxor bat daukagu esku artean, eta jada ez da sekula galduko”

Beñat Alberdi

Kezkak sortu zuen Arrasateko Zientzia Elkartea (AZE): herriko historia bildu ez izanaren kezkak, historia ez transmititzearen kezkak. Elkarteko kide da Xabier Bengoa (Arrasate, 1949). Hamaika egitasmo aurkeztu dituzte gertatuak ezagutarazteko; besteak beste, ibilbide gidatuak eta erakusketak. Azken proiektuan, berriz, Pedro Sologaistoa Laso argazkilariak filmatutako 60ko eta 70eko hamarkadetako bideoak bildu dituzte.

Nola sortu zitzaizuen bilketa egiteko aukera?

Ekinaren ekinez lortu dugu erreferentzia bat herrian, eta eduki pila bat jasotzen ditugu. Esaterako, joan den astean, bi poltsa argazki iritsi ziren guregana. Nik uste dut jendeak esan zuela: “Hemen jendea lanean dabil, eta serio”. Horren ondorioz, Pedro Sologaistoa Laso argazkilariaren senideak AZEra etorri ziren, berrogei bobina baino gehiagorekin.

Duela 60 eta 50 urteko filmak zeneuzkaten esku artean. Nola lortu zenuten ikustea?

Hasi ginen erreproduzitzeko bi makina zaharrekin. Ez zen ahalegin makala izan: bata ez zebilen, besteak ez zeukan bonbilla bat… Nolabait moldatu ginen, eta lortu genuen ikustea. Gero erabaki genuen digitalizatzea.

Hala ere, bobina horiekin guztiekin pelikula bat osatzea erabaki zenuten. Nolatan?

Pelikulak lasai ikusten hasi ginen. Ikusten genuen altxorrak zirela. Hunkitu egiten ginen ikusten. Pelikula bat egin behar genuela erabaki genuen.

Berrogei ordu irauten zuten, guztira, pasatu zizkizueten bideoek. Zer prozesu egin duzue, zer sartu aukeratzeko?

Hasi ginen murrizten, berrogeitaka ordu horietatik zer sartu eta zer ez ikusteko. Ondarea zela iruditzen zitzaiguna gorde egiten genuen. Metodo bat prestatu genuen pelikulak ikusi eta edukiak aukeratzeko. Aukeraketa eginda, hiru ordu irauten zuten bideoek.

Zein da irizpidea ondare den edo ez jakiteko?

Galdu diren eraikinak, galtzeko arriskuan dauden jaiak, irakaskuntzan izan diren aldaketak… Horrelako gauzak sartu ditugu.

Zinemagintzan moldatu zarete?

Ivan del Campo arrasatearrak lagundu gaitu. Zuzendaria da, eta klaseak ematen ditu unibertsitatean. Harekin jarri ginen harremanetan, eta eskuzabal lagundu zigun. Bera ere hunkituta gelditu zen bideoa ikusi zuenean. Hori izan da apur bat garapena.

Edukiak aukeratu behar izan dituzue. Baina, zer sartu duzue?

Hamaika adibide daude. Esaterako, sartu dugu gure gurasoen garaiko erretiratuen egun bat, 1965. urtekoa. Harrigarria da. Ikusten dudanean hunkitu egiten naiz. Gure gurasoek, beren pobrezian, zer-nolako nortasuna erakusten duten janzkeran jaiak direla esateko. Denak daude alkandora zuriekin dotore jantzita. Ez da ikusten gorbata bat ere.

Ez zen erraza izango aukeraketa.

Irudi mordo bat geneuzkan. Adibidez, 1964ko euskal jaiak sartu ditugu. Lehertu egiten da festa, eta Arrasatek euskal aldarrikapen bat egiten du. 1964a zela kontuan hartuta, imajinatu Arrasateko kuartelak eta poliziak nola arituko ziren. Agertzen dira 1977an ikurrina legeztatu zeneko irudiak ere, zer-nola dagoen herri guztia kalean.

Nolabait, herriko mugarri historikoak bildu dituzue?

Bai, eta kulturalak. Altxor bat da ikustea txistularien lehen ohorezko presidentea bere txistulariekin kontzertu bat ematen Arrasaten. Irudi horiek ez daude, edo guk ez ditugu orain artean behintzat ezagutu.

Garai haietako bideoak ikusteko aukera izan duzue, beraz.

Bai, eta aldaketak ikusteko. Guk ezagutu ditugun Arrasateko sanjoanetan, hirugarren egunean, jende guztia zen kalean, jaiak bizitzen. Gaur egun, beste era batera ospatzen dira. Garai hartan nola gu umeak ginen, gogoratzen gara Colorin y sus muñecos halako panpinen ikuskizun batekin. Horrelako gauzak daude filmean.

Alde horretatik, balioko dizue orain artean kontatu izan duzuena bisualki erakusteko?

Bai, hor daude irudiak. Gure asmoa da ekainaren 10ean argitara ematea Arrasateko Kulturaten, koronabirusak uzten badigu. Agertzen den jende kopuruaren arabera, errepikatu egingo dugu.

Berrogei ordurekin hasi, hirura laburtu, baina, azkenean, zenbat iraungo du filmak?

Ordubetekoa egitekotan geratu ginen, baina jada pelikula eginda zegoenean gogoratu ginen Arrasate Telebistak elkarrizketatu zuela Laso. Egun, Goiena da telebista hori, eta, artxiboan hasi ziren begira. Aurkitu egin zuten, eta hori ere sartu dugu. Nik uste dut altxor baten aurrean gaudela eta jada ez dela galduko.

Teaserra zabaldu duzue. Zer iruditu zaie herritarrei?

Zoritxarrez, koronabirusaren eraginez, denok gaude etxean. Argazkilariaren urteurrena izan zen larunbatean. Horretarako egin genuen film labur hori, baina ezin izan dugu jendearen iritzirik jaso.

Leave a Reply

Your email address will not be published.