Betirako erreferente

Betirako erreferente

Imanol Saiz

Iñigo Muguruza baxu eta gitarra jotzaile irundarraren heriotzak hutsune handia utzi zuen iaz Irungo Moskun eta Euskal Herriko musikan oro har. Hutsune hori bezain handia da musikari ezagunak utzi duen arrastoa, Irungo hirian bereziki. Oholtzetatik kanpo, 25 urtez Irungo Musika Eskolan irakasle gisa aritu zen Muguruza, eta berak musikari zion pasio berbera transmititu die belaunaldi askori azken hamarkadetan. Bada, haren figura omendu eta egindako guztia eskertzeko beka bat sortzea erabaki du Irungo Udalak, Iñigo Muguruza Musika Beka.

Joan den ostiralean eman zuten bekaren berri, Irungo udaletxean egindako agerraldian. Han Jabier Muguruza ere izan zen —Iñigoren anaia eta musikaria bera ere—, udalean ordezkaritza duten talde guztietako kideekin batera.

Aurkezpenean, Jose Antonio Santano alkateak nabarmendu zuen musika eskolako lehen gitarra elektrikoko irakaslea izan zela Iñigo Muguruza. Santanoren arabera, euskal musikaren “erreferente” izan zen Muguruza. “Musikari emandako guztia eta haren ibilbidea omendu nahi ditu bekak; belaunaldi berrien eskuetan haren legatu garrantzitsua mantendu nahi dugu”.

Bekaren ideia sortu zenetik, hasieratik, udalak alboan izan ditu Muguruzaren senideak. “Oso pozgarria da guretzat egitasmoa martxan ikustea; hasieratik inplikatuta egon gara. Uste dut euskal musikak, eta herri musikak oro har, asko zor diola Iñigori. Gure gizartean bere memoria bizirik mantentzeko balioko du honek, eta ez da gutxi”, adierazi du Jabier Muguruza anaiak. Senide guztien izenean eskerrak eman dizkie udaleko talde guztiei, denek babestu baitute egitasmoa. “Azken garaietan, Iñigok maiz adierazi zuen bere ilusioa zela berriz ere zuzeneko musikan eta eskolan aritzea; beraz, bekak erabat asmatu du haren ikuspegiarekin. Iñigo ezagututa, konbentzituta nago bekaren ideia izugarri gustatuko zitzaiola”, gehitu du anaiak.

Alkateak zehaztu bezala, euskal eremuan azken hamarkadetako musika modernoarekin lotura duten ikerketa proiektuen garapena sustatu nahi du bekak. Are gehiago. Jose Antonio Loidi edo Serapio Mugika beka ezagunen parean egongo dela nabarmendu du, eta, beraz, 8.000 euroko diru saila izango duela. Ikerketa lana osorik egiteko, zortzi hilabeteko epea izango dute bekaren onuradunek.

Partaidetza sustatzeko asmoz, askotariko ikerketak egin ahalko dira. Musika taldeak, bakarlariak, musika gaiak, biografiak, errepertorioa edo heziketa materialak azter daitezke bekarekin, eta herri musika sustatu eta irakasteko helburua izan beharko dute. Azken lau hamarkadetara mugatu dute ikerketaren esparrua, eta, nola ez, euskal musikaren ingurukoa beharko du izan. Aurkezteko formatu ugari erabili ahalko dira. Kultura sailekoek jakinarazi dute horiek zehazten datozen asteotan joango direla.

Interesdunek apirilaren 6ra bitarte izango dute lanak aurkezteko aukera. Herritarren Arreta Zerbitzuan entregatu beharko direla zehaztu dute Irungo Udaletik. Informazio eta xehetasun gehiago, www.irun.org webgunean dute eskuragarri herritarrek.

Bekarekin, azken hilabeteotan musikariak jasotako omenaldi sorta biribilduko dute. 2019aren amaieran, haren taldekide eta bidaide izan zirenek omenaldi bat egin zioten Bilboko Kafe Antzokian, hiru orduko kontzertu ikusgarri batekin. Herrian bertan, Irunen, hainbat urtean haren ikasle izandakoek ere omenaldi hunkigarri bat egin zioten joan den abenduan.

Musika, bizitza

Iaz zendu zen Iñigo Muguruza, irailaren 5ean, zehazki, denbora luzez esklerosi anizkoitzaren aurka borrokatu ostean. Borroka gogor bezain luze horretan, azken unera arte ez zuen gitarra utzi nahi izan, hori baitzen bere pasiorik handiena: “Niretzat, musika gauza oso handia da. Musika egitea eta musika taldeetan jotzea izan da nire bizitza; hortaz, ez dut ezagutzen besterik”, esan zuen 2018an HITZAk egindako elkarrizketa batean. Orduan sortu zuen haren enegarren eta azken taldea, Hiru Leike. Berriz ere oholtzara igotzeko aukera izan zuen, Ane Odriozola abeslariarekin batera; bereziki gaztetxeetako oholtzetara, horiek baitziren gustukoen zituen agertokiak: “Nik uste dut gaztetxeetan hil arte jotzen jarraituko dudala”, esan zuen orain dela bi urteko elkarrizketa horretan.

Euskal musikaren aro modernoaren aitzindarietako bat izan zen Iñigo Muguruza, eta, Fermin anaiarekin batera, gazte askoren musika eta borroka erreferente nagusi bilakatu zen. Oso gaztetatik banda askotan aritu izan zen musikari irundarra; besteak beste, Desband, Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Lurra eta Sagarroi musika taldeetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.