Ez dira horren garai urrunak

Ez dira horren garai urrunak

Kerman Garralda Zubimendi

Euskal Herria harrera herria da, joaten den baino jende gehiago iristen baita. Halere, iraganean ez zen hala izan, XIX. mendean bereziki. “1837 eta 1840 artean, gutxienez 40.000 euskal herritarrek Hego Amerikarako bidaia egin zuten”, hasi du azalpena Eider Arruti Ormaiztegiko Zumalakarregi museoko komunikazio arduradunak. “Despopulazioa kezka bilakatu zen orduan, lanerako eta ugaltzeko adina zuten gazte asko joan baitzen hara”.

Gerratik ihes egin nahian, egoera ekonomikoak bultzatuta, bizimodu hobearen bila… joaten ziren gehienak, egun Euskal Herrira iristen diren askoren kasuan bezala. “Bi mende igaro arren, patroi batzuk errepikatu egiten dira”, baieztatu du Arrutik. Ispilu jolas baten moduan, atzoko eta gaurko migrazioak parez pare jarri dituzte Zumalakarregi museoan, Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat erakusketan, bisitariei gogoeta eragiteko. “Migrazioa, oraindik, landu beharreko gaia da”. Lehen asteetako harrera ona ikusirik, urte amaierara arte luzatu zuten erakusketa, baina, koronabirusak eraginda, behin-behinean itxita dago museoa.

Latza zen XIX. mendeko Euskal Herriaren testuingurua: industrializazioa garatu gabe zegoen, eta gori-gori zegoen egoera sozial eta politikoa. Hala, 1833an, Gerra Karlistak eztanda egin zuen. “Migrazioarekin dirua egiten zutenek propaganda handia egin zuten, esanez Hego Amerikan dena ona zela; gazte asko konbentzitu zituzten”, azaldu du Arrutik. Ozeanoaren bestaldean bizitza hobea izango zuten itxaropenarekin, migratzaileek sekulako dirutzak ordaintzen zizkieten Francisco Brie de Laustanen moduko enpresariei. “Mafiak klandestinitatean ibiltzen dira orain, baina XIX. mendean onartuta zegoen migrazio fenomenoekin dirua egitea, eta negozio bat zen”.

Leopoldina Rosa zen gazte horiek eramaten zituzten itsasontzietako bat. Baionan hasi zuen ibilbidea, eta, Pasaian geldialdia egin ostean, Amerikarako bidea hartu zuen. Bidaia “luze eta gogorra” zuten aurretik, migratzaileek dirutzak ordaintzen zituzten arren “egoera negargarrian” pilatzen baitzituzten. Hala, bidaia horietan elikadura eta higiene arazo larriak sortzen ziren maiz. Emakumeen kasuan, bidaia “are arriskutsuagoa” zen, eta sarri bikotekidea lortzera behartzen zituen egoera zail horrek.

Itsasontzia Uruguaira heltzear zela, hondoratu egin zen. Hirurehun lagun zeramatzan, eta 270 itota hil ziren. “Tragediak oihartzun handia izan zuen Euskal Herrian”, baieztatu du Arrutik. “Eta migrazio fenomenoa erabat gelditu zen, jendea jabetu baitzen ez zela horren erabaki ona itsasoa gurutzatzea”. Amerikan zain zeukaten bizimodua, izan ere, ez zen propagandak islatzen zuena. “Hemengo jauntxoen fabriketan lan egitera behartzen zituzten asko, esklaboen moduan”.

Komunikatzeko bideak asko aldatu dira ordutik, baina garai hartan ere bazuten hartu-emana alde batekoek eta bestekoek. Amerikan egiten zuten diru apurra Euskal Herrira bidaltzen zuten askok, eta, nahikoa pilatzen zutenean, beste senitarteko batek zeharkatzen zuen itsasoa. “[Jose Maria] Iparragirre ere halaxe joan zen, lehengusu baten bitartez”.

Ez da iraganeko kontua

Migrazio fenomenoaren atzean zegoen miseria azalera atera zen Leopoldina Rosa hondoratzean: jendearen beharrez eskrupulurik gabe aprobetxatzen ziren mafiak, pobrezia, indarkeria… Egun, oraindik ere, bere horretan jarraitzen du errealitate horrek. Alde horretatik, migratzaileen bizipenak lehen pertsonan ezagutu daitezke ikus-entzunezkoei esker. Besteak beste, migratzaileen egunerokoaz ari den audio bat badago tartean, baita muga zeharkatzen laguntzen duen koiote baten audio bat eta gerrak lekualdatutako jendearen bizipenen beste bat ere.

Migrazioaren Nazioarteko Erakundearen arabera, iaz 1.200 pertsona baino gehiago hil ziren Mediterraneoa gurutzatzeko ahaleginean.”Leopoldina Rosa 1841ean hondoratu zen arren, gaur egungoa da haren istorioa. Patroi batzuk errepikatu egiten dira”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.