Trafiko handiko errepide bat, herriko kale nagusia

Trafiko handiko errepide bat, herriko kale nagusia

Jon Miranda

Irura eta Tolosa lotzen dituen errepidea da GI-3650. 2019ko maiatzean egindako azken neurketaren arabera, batez beste, 6.000 ibilgailu ibiltzen da Iruran egunero. Astegunetan ugaritu egiten da trafikoa, eta, batez beste, 6.600 ibilgailu inguruk zeharkatzen dute herria egunero; Irurako bertako eta Anoetako industrialdeetara doazen kamioiek eragiten dute joan-etorrien ehuneko handi bat, trafikoaren %5-6 inguru baita astuna. Herria zeharkatzen duten ibilgailuak dira gainerakoak, handik pasatu beharra baitago, adibidez, Donostiatik Hernialdera, Anoetara edo Alkizara joateko.

“Guri ez dagokigun trafikoa jasaten ari gara herrian”. Hori dio Gorka Murua Irurako alkateak. Ulertzen du Irura beste hainbat lekutara joateko pasabide naturala izatea, baina trafikoaren “zati esanguratsu bat” Tolosako gidariek osatzen dutela dio. “Bi noranzkoetan gertatzen da, gainera; bai Tolosara sartzeko eta baita autobidera ateratzeko ere, askok lotune gisa erabiltzen dute Irura. Hemen Tolosan baino semaforo gutxiago dagoelako eta bidea azkarrago egiten delako izango dela pentsatzen dut”.

Interes kontrajarriak daude auzian, “ezkontzen errazak ez direnak”, alkatearen hitzetan. “Alde batetik, herrien arteko lotura egiteko errepide nagusia da GI-3650, baina guretzat Irurako Kale Nagusia ere bada bide hau. Errepidearen alde batera bizi dira biztanle gehienak, eta bestaldera geratzen dira herriko zerbitzu nagusiak: haur eskola, ikastola, kirol instalazioak, eliza…”. Arduratuta agertu da alkatea, herrian haur eta gazte asko dagoelako eta egunean zehar errepidea askotan gurutzatu behar izaten dutelako: “Begi bistakoa da arriskua. Gure bizitza baldintzatzen du errepideak”.

Udalak Irurako herrigunean izaten diren istripuen aktak bidaltzeko eskaera egin dio Ertzaintzari, eta alkateak adierazi du kopuruz ez direla asko. Hala ere, kontziente da atestatua jaso gabeko eta “gutxigatik” ondorio larriagoak utzi ez dituen istripu asko izan dela errepide horretan. “Gu ari gara oinezkoak kontzientziatzen, nola ibili behar duten eta zein neurri hartu behar dituzten esaten, baina dena ez dago oinezkoen esku. Asko hala moduz pasatzen dira autoan, azkar eta seinaleak errespetatu gabe”. Alderik alde, 650 metro egiten ditu errepideak herriko erdigunean, eta, segurtasun arazoekin batera, osasun arazoak ere aipatu ditu alkateak, “poluzioa eta zarata”.

Iruran orduko 40 kilometrokoa da abiadura muga. Aldi berean, botoiarekin funtzionatzen duten bi semaforo daude, eta baita lau zebra bide ere. Irurako Udalak trafikoa moteltzeko neurriren bat hartu nahiko balu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Sailarekin kontsultatu beharko luke, harena baita errepidearen eskumena. “Hamarkadak dira Irurako Udalak aldundiari azaldu diola errepidearekin duen ezinegona, baina orain arteko eskaerek ez dute erantzunik jaso”. Irurako udal gobernu berriak (EH Bildu) bere bideari ekin dio orain, errepidearekin duten arazoari irtenbidea emateko.

Diagnostiko bat egingo du Irurako Udalak, herritarren iritziak eta proposamenak jasota. Herriko eragile garrantzitsuenekin egin dute lehenengo urratsa, Irurako haur eskolako, ikastolako eta erretiratuen elkarteko ordezkariekin. “Herriko kolektibo nagusiak dira horiek, erreferentziazkoak, eta, gure asmoa zein den azaltzearekin batera, diagnostiko hori egiteko lankidetza eskatu genien. Udalak bere partea du prozesu honetan, baina horrekin ez da nahikoa izango arazo hau konpontzeko: konpromiso soziala ere beharko dugu. Herritarrek lehen lerrora pasatu beharko dute”.

Alkatearen esanetan, herrian “adostasun zabala” dago gaiaren inguruan. Herritarrei galdetegiak bidaliko dizkiete etxera, euren kezkak eta proposamenak azal ditzaten.

Irtenbide teknikoak

Herritarrek egindako ekarpenekin osatuko dute diagnostikoaren zati bat, baina txostenak izango du alde tekniko bat ere. Horretarako, Gea21 enpresa kontratatu du udalak. Aholkularitza enpresako adituekin ariko dira lanean udaleko teknikariak, eta Iruran trafikoa baretzeko irtenbide teknikoak landuko dituzte. Muruak azaldu duenez, aldundiko ordezkariekin harremanetan egongo dira prozesuak irauten duen bitartean. “Denon artean topatu beharko baitugu irtenbidea”.

Hainbat neurri har daitezkeela uste du Irurako alkateak, eta horietako batzuk zerrendatu ditu: “Abiadura muga orduko 30 kilometrora jaistea izan daiteke proposamenetako bat, eta zebra bideak beste modu batera antolatzea ere plantea daiteke”. Neurri horiekin batera, inbertsio handiagoa eskatzen dutenak ere badaudela dio Muruak, herriko orografiagatik betetzen zailagoak izan daitezkeenak. “Aspalditik daude proiektuak aldundian, eta uste dugu orain dela garaia horiek berrikusteko eta bideragarriagoak diren bestelako batzuk planteatzeko. Herrian izugarrizko arazoa dugu trafikoarekin, eta ongi etorriak izango dira neurri guztiak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.