Etxebestez jositako herria

Etxebestez jositako herria

Beñat Alberdi

Diru faltagatik gelditu behar izan zuen Patrizio Etxebestek Bergarako etxean sartuta oporretan. Gaur egungo itxialdiak ez dauka zerikusi handirik Aupa Etxebeste! filmarekin, baina filmen itxura dauka bizi dugun egoerak. Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendarien filma herrian bertan jazotzen dela aprobetxatuta, horixe hartu du erreferentzia gisa Bergarako Euskaraldia batzordeak. Herritarrek etxean grabatutako bideoak batzen ari dira, #bergararroketxebeste traolarekin, www.bergararroketxebeste .eus webgunean. Eta ez da kasualitatea Euskaraldiak bere gain hartu izana egitasmoa.

Izatez, herri euskalduna da Bergara. Hala erakusten dute Soziolinguistika Klusterraren kale erabileraren datuek: 2018an, Euskaraldiaren ostean, %54k erabiltzen zuten euskara; 2017an, berriz, %43k. “Adin tarte guztietan igo zen euskararen erabilera”, azaldu du Asier Kortabarria Bergarako Euskaraldiaren dinamizatzaileak. “Orain arteko neurketetako daturik onenak dira”. Duela bi urte, bergararren ia herenek parte hartu zuten Euskaraldian, 3.400 pertsona inguruk. Kortabarriak datu hori aipatu du herrian euskaldunen kopurua zenbatekoa den erakusteko. “Handia da hitz egiten dutenen eta ulertzen dutenen kopurua”.

Euskararen kasuan, ordea, baieztapen askok izaten dute baina bat atzetik. Gazteen artean baxuagoa da erabilera; gizonezkoen artean, batez ere. “36 eta 45 urte artekoen hirutik batek hartu zuen parte Euskaraldian”, azaldu du dinamizatzaileak. “Eta, 16 eta 25 urtekoen artean, lautik batek bakarrik”. Aspalditik begiz jota daukate gazteen artean euskarak duen erabilera apala. “Nigandik hasita, euskara ez dugu erabiltzen ahal dugun beste”. Gazteez gain, beste eremu batzuk ere jomugan izan zituzten orain bi urteko Euskaraldian; lan mundua eta kirola, kasurako.

Aurtengo Euskaraldirako plangintza diseinatzen hasita zeuden jada Bergaran. Hainbat taldetan banatuta, erakundeekin zein norbanakoekin batzen ari ziren. Euskaraldia urte osora hedatzea zuten xede, ez zedin izan hamabost eguneko kontua soilik. “Sortzen diren hizkuntza ohituren aldaketa horiek denboran zabaltzea da helburua”, zehaztu du Kortabarriak. Orain arteko bileretan gertatu izan zaie Euskaraldiaren gaia aipatzea eta “a, baina hori abenduan da!” entzun behar izatea. Bilera eta bilera artean, koronabirusak hankaz gora jarri du dena.

COVID-19ak eragindako itxialdia hasi aurretik, jada buruari bueltaka ari ziren sustatzaileak. Euskararen ezaugarri onak goratzeko bideo bat prestatzen hasita zegoen Kortabarria bera. “Irudiak behar nituen bideoa osatzeko, baina, bat-batean, ezin nintzen kalera atera”, zehaztu du Euskaraldiaren dinamizatzaileak. Osasun krisia, ordea, aukera bilakatu zen: “Itxialdia eta Bergara batzeko, Etxebeste baino hoberik ez dago. Aitzindariak izan ziren”. Bergararrak jada hasita zeuden edukiak sortzen. Udal musika bandak, esaterako, bideo bat grabatu zuen bakoitza etxean bere musika tresna joz. Bateko eta besteko edukiak biltzeko erabaki zuten #bergararroketxebeste traola erabiltzea.

Sare sozialetan begiratuz gero, beraz, dagoeneko eskuragarri daude Bergarako artistek eta artista ez direnek ekoitzitako ikus-entzunezkoak. Eta, edukiak sare sozialetan zabaltzeaz gain, webgune bat ere atondu dute bideo horiek guztiak batzeko. Beraz, www.bergararroketxebeste.eus webgunera sartu besterik ez dute bergararrek, herrikideen lanak ikusi ahal izateko.

Trikitilariak, dantzariak…

Euskarazkoak izatea, hori da edukiei jarri dieten muga bakarra, eta horrek ere badu bere garrantzia. “Gaztelaniazko edo ingelesezko edukiak dira nagusi sarean. Euskara bigarren mailan da Interneten”. Proposamen guztientzat zabalik da atea: kontzertuak, antzezlanak, dantzak… Guztiak izango dira ongietorriak. Jadanik ikusgai daude, besteak beste, trikitilarien pieza batzuk eta Moises Aspiazu dantza taldekoen dantza emanaldi bat. Pixkanaka eduki gehiago edukitzea espero dute.

“Egia esan, ez daukagu helburu zehatzik”, onartu du Kortabarriak. “Euskarri bat eskaini nahi genuen herritarren sorkuntzari, imajinazioari eta gogoari erantzuteko”. Izan ere, dinamizatzailearen ustez, COVID-19ak eragindako itxialdia arintzeko balioko dute eduki horiek guztiek. Sortzen ari diren lanak gordetzeko asmoa daukate, gainera. “Egunen batean berriz ikusteko eta ‘itxita egon ginenean hau dena lortu genuen’ esateko”. Erdi txantxetan, umore giroan, gaineratu du bideoak egiten ari diren haur askok lagunen esanak entzun beharko dituztela urte batzuk barru.

Leave a Reply

Your email address will not be published.