Etxean, baina klasean bezala

Etxean, baina klasean bezala

Imanol Saiz

Azken asteotan Euskal Herriko haur eta gaztetxoak klaseak etxeko ordenagailutik jasotzera ohitu dira, halabeharrez. Larrialdi egoerak irakaskuntzan sekula erabili izan ez diren formula berriak aplikatzera behartu ditu ikastetxe guztiak. Gehienek eguneroko klase eta lanekin jarraitu ahal izan dute etxeko ordenagailuarekin, sarean. Baina badira etxean ordenagailurik eta Internet zerbitzurik eskura ez duten familia asko. Egoera ekonomikoagatik, ez daukate horretarako bitartekorik, eta egoerak ikasketa prozesua etetera behartu ditu.

Errenterian, baina, irauli egin dute hori azken asteotan. Inor eskolarik gabe gera ez dadin, bitartekorik ez duten kolektiboak identifikatu ditu udalak, guztien eskubide berdintasuna bermatu asmoz. Hala, herriko ikastetxeekin elkarlanean, neurri zehatzak hartu dituzte herrian, zaurgarrienei ere aukera emateko. “Bi aste eta erdiz gure herriko 127 ikasle isolatuta, eta konexiorik, ordenagailurik eta aukerarik gabe izan dira beren ikasketa prozesuan jarraitzeko, horrek eragiten duen guztiarekin”, azaldu du Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak. “Ikasleen artean arrakala handia dago etxeko baldintzetan, eta, neurri honekin, hori eten nahi izan dugu guk”.

127 ikasle horien teknologia isolamenduari aurre egiteko eta herriko etxe guztietara Internet konexioa heltzeko, udalak 110 SIM txartel erosi ditu. Horrez gain, identifikatu dituzten familia horien esku utzi dituzte 41 ordenagailu; horietatik 27 erosi egin ditu udalak, eta berriak dira. Proiekturako “oraingoz” 10.000 euroko inbertsioa egin dutela jakinarazi du alkateak.

Horrelako apustua egin duen lehen udala izan da Errenteriakoa. Otaegik argitu du gertuko zenbait udalek bitartekaritza lanak egin dituztela ikastetxeetako ordenagailuak etxera eramateko, baina Errenterian “urrats bat harago” joan nahi izan dute: “Herri logika batetik, ikasleen hezkuntza berdintasunerako eskubidea bermatzea dagokigu guri”.

Proiektua biribiltzeko, teknologia askeen aldeko apustua egin nahi izan dute Errenterian, eta, horretarako, Izarkom telekomunikazio kooperatibarekin batera landu dute egitasmoa; haiek jarri dituzte eskuragarri SIM txartel guztiak. Interneterako konexioa errazteaz gain, arreta lanak ere egin ditu kooperatiba horrek; izan ere, zerbitzua jaso duten gurasoek Izarkomeko teknikarien laguntza izan dute.

Izarkom kooperatibako kide Gari Garaialdek azaldu duenez, 17-20 gigabyte bitartekoak dira banatutako txartel guztiak. “Guk SIM txartelak bidaltzen dizkiegu ikastetxeei. Ondoren, erabiltzaileek smartphonetan sartzen dute txartela, eta horri esker datuak etxeko ordenagailuekin partekatzen dituzte. Horrela jarraitu ahal izaten dituzte klaseak”.

Neurri hori “larrialdi egoerak iraun bitartean” mantenduko dutela argitu du Garaialdek; “behar adina” luzatuko dutela proiektua. Normaltasunera itzultzean, ordea, SIM txartel guztiak baliogabetu egingo dituztela argitu du kooperatibako kideak. Apirilaren hasieran, Izarkomek 350 txartel zeuzkan banatuta ikasleen artean Euskal Herrian: “Goia jo genuela uste genuen, baina gero eta ikastetxe gehiago ari dira informazio eske”.

“Primerako harrera izan du”

Hezkuntza zentroetako arduradunek argitu dute egitasmoak “primerako harrera” izan duela herriko ikastetxe guztietan. “Sorpresa handia” izan dela zehaztu du Arantxa Igartua Errenteriako Koldo Mitxelena BHIko zuzendariak. “Oso albiste ona izan da guretzat, proiektuari esker gure ikasle guztiek baliabideak baitituzte jada etxetik eskolekin jarraitu ahal izateko”. Zehazki, 33 ordenagailu eta beste 33 SIM txartel jaso dituzte Koldo Mitxelena institutuan.

Guraso eta ikasleen artean ere egitasmoak “oso harrera ona” izan duela aitortu du Igartuak. “Irakasleok eta gurasoek asko eskertzen dugu udalak egin duen apustua; gainerako herrietan gauza bera egin beharko luketela iruditzen zait”, gehitu du.

Proiektuari esker, Errenteriako Bizarain ikastolako gurasoek ere “zama astuna” kendu dute gainetik, eta horiek ere esker onez jaso dute erabakia. Bertako zuzendari Jon Curielek udalari eskerrak eman nahi izan dizkio lehenik eta behin, “oso azkar” erantzun baitio COVID-19 gaitzaren eraginez hezkuntza arloan sortutako arrakala digitalaren krisiari. 35 SIM txartel inguru jaso dituzte ikastola horretako ikasleek. “Sekulako zerbitzua ematen ari dira, eta proiektuarekin oso pozik gaude irakasle eta guraso guztiak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.