Lerroak eta aberria

Juan Luis Zabala

Jolas bat proposatu zidan orain hurrengoan. —Zer jolas? —galdetu nion. —Ikusi al duk La línea invisible? Aitortu ezak: ikusi duk, ezta? Ez esan ezetz.

—Bai, ikusi dinat. Zer ba?

—Seguru nagok galdera asko bururatu zaizkiala ikusi eta gero.

—Batzuk bai, ez habil oker.

—Ba jolasa izango duk galdera horiek ahots goran egitea. Neu hasiko nauk nahi baduk. Bosnaka. Ados?

—Aurrera.

—1) Txabi Etxebarrieta telesailean agertzen den bere ustetako inozo goiargitu hori bezalakoa baldin bazen, nolatan eskaini zion Imanolek kantu bat, eta Jorge Oteizak eskultura bat? 2) Zer arraio egin zuen hainbat herritarrek heroitzat har zezaten? ETA hain adimen urriko, tenple gutxiko eta aise manipulatzeko moduko bospasei gaztetxo txorok osatutako talde bat baldin bazen, telesailean agertzen den bezala, nolatan jaso zuen hainbeste jenderen babes beroa? 3) Zerk bultzatu zituen Mario Onaindia, Kepa Aulestia eta beste hainbat ETAn sartzera? 4) Imanol, Oteiza, Onaindia, Aulestia… zer ziren garai hartan: a) ergelak; b) eroak; c) biolentoak; d) antidemokratak; e) faxistak; f) totalitarioak; g) supremazistak…?; h) dena batera? 5) Zerk bultzatu zuen Eduardo Txillida Amnistiaren Aldeko Batzordeen logotipoa diseinatzera? Hire txanda…

—6) Zenbatek gaitzetsi zuten garai hartan ETAren borroka armatua? 7) Eta munduan ziren beste mugimendu askorenak? 8) Zergatik izan zen Euskal Herri osoan hain goraki ospatua Carrero Blancoren aurkako atentatua? 9) Nork gaitzetsi zuen hilketa hura? 10) Ba al zen orduan, Franco, artean ere bizirik eta besteei bizitzen ez uzten tematuta, caudillo zenean, ETA, aldez edo moldez kritikatzeaz harago, ETA gogor gaitzetsi eta haren errepresioa babesten zuenik aldi berean frankista izan gabe?

—11) Nondik atera dute gidoilariek El Inglés delako koldar gorrotagarri hori? 12) Zeri esker da hain aberatsa eta boteretsua? 13) Meliton Manzanas…?

—Ez din merezi jarraitzerik —eten nion—. Argi zegon guk biok oin beretik herren egiten ikusi dugula telesaila. Eta ez gaitun bakarrak, Ramon Zallok ere oso ondo azaldu din kontua. Baina niri galdera horiek guztiek beste galdera bat ekartzen zidaten burura, telesail horretaz haragokoa: merezi al du horrelako galderak egitea? Geuk hain gertu ezagutzen ez ditugun errealitateei buruzko fikzioak eta dokumentalak ikusi eta harrituta geratzen garenean, eta askotan suminduta, zer neurritan pentsa dezakegu eman zaigun ikuspegia benetakoa dela, ez dela La línea invisible-k Francoren garaiko ETAri buruz ematen duena bezain… bezain… nola esan…

—Gezurtia? Faltsua? Manipulatua?

—Nik ez niken hainbeste esango. Azken batean gu biok gai berari buruzko gidoi bat idatziko bagenu, ez al genuke, gidoilari horien ikuspegitik begiratuta, modu berean jokatuko?

—Beharbada bai, baina… La línea invisible-ren ondoren Patria etorriko duk, eta gero auskalo zer, baina etorriko duk beste zerbait ere, eta denok ikusiko ditiagu horiek. Hik eta nik ere bai. Bien bitartean, gu bion ikuspegia, inon agertzekotan, borondate handiz eta aurrekonturik eta promoziorik gabe egindako dokumental batean edo bestean agertuko duk, eta, nagikeriagatik edo aukera faltagatik, horiek ez ditiagu geuk ere ikusiko.

—Hori bai dela lerro ikusezina!

—Eta hori bai dela patria!