Erromesen eraikinean beste erromesaldi bat

Erromesen eraikinean beste erromesaldi bat

Beñat Alberdi

Jakina da konfinamendua pertsona bakoitzak bere etxean edo bizi ohi den tokian pasatu behar duela. Zer gertatzen da, ordea, pertsona horrek etxerik ez badu? Koronabirusaren krisiak mahai gainean jarri du etxegabeen egoera; izan ere, bitartekoak aurkitzeko zailtasun momentu horretan agerian gelditu da batzuek akaso ez zutela behar beste bitarteko eskura. Egoera horri erantzunez, Debako Udalak +Geltoki aterpetxea egokitu du, eskualdeko gainerako udalerriekin elkarlanean. Donejakue bidea egiten dutenek ostatu hartzeko egokituta dago eraikina, eta orain etxegabeek bertan pasatuko dute konfinamendua bukatu arteko erromesaldia.

“Koronabirusak sortutako atakak agerian utzi du okerren daudenen egoera”, nabarmendu du Aritz Larrañagak, Debako Gizarte Politiketako zinegotziak. Giza zerbitzuak testuinguru berrira moldatzeak izan ditu bere lanak. “Ahal izan dugun moduan moldatu gara”, azaldu du Maria Eugenia Mirandak, Debako Gizarte Zerbitzuetako arduradunak. Horrek ez du esan nahi dena bertan behera utzi dutenik edo norbait ahaztu dutenik. “Baina egoerari gogor aurre egitea tokatu zaigu”. Mantendu egin dituzte etxez etxeko zerbitzuak zein diru laguntzak, eta moldatu egin dute telefono bidezko arreta zerbitzua. “Gure eskumenean dauden laguntzak eta bitartekoak jartzeko ahaleginetan ari gara”, gaineratu du zinegotziak. Gizarte langileei ere tokatu zaie euren erromesaldia.

Etxea ahal beste atonduta mahaigaineratu zuten etxegabeen egoera, datu zehatzak esku artean ez izan arren. “Zehazki ez dakigu eskualdean zenbat pertsona dauden etxerik gabe”, azaldu du teknikariak. Deban bertan pertsona bat zegoen gaua pasatzeko eraikin finkorik gabe, eta Donostiako aterpetxera bideratu zuten. Mendaron beste bi pertsona zeuden egoera berean, eta kasu horretan Gurutze Gorriak eta udalak prestatu zien konfinamendua pasatzeko tokia.

“Ikusi genuen kasu gehiago sor zitezkeela eta oraindik ere sor daitezkeela”, esan du Larrañagak. Berehala jabetu ziren herrian bazutela horri erantzuna emateko eraikin egoki bat: Donejakue bideko aterpetxea. Eskualdeko gainerako herrietako alkateekin harremanetan jarri zen Debako alkatea, eta hala koordinatu zituzten gizarte zerbitzuak.

Alarma egoera ezarri zutenean itxi zuten Debako eraikin hori. 2014an zabaldu zuten Geltoki aterpetxea, eta tren geltokian bertan dago. Izatez, 56 pertsonarentzako lotarako lekua dauka, lau logelatan banatuta: zortzi, hamabi, hamasei eta hogei lagun sar daitezke gela bakoitzean. Debako Santiago Bidearen Lagunak elkarteak kudeatzen du egoitza, eta Donejakue bidearen egiaztagiria eskatzen dute bertan ostatu hartzeko.

Eraikina eta haren erabilera zehaztutakoan, prestatu egin behar izan dute. “Azpiegiturari dagokionez, ondo dago etxea”, azaldu du Larrañagak. Joan-etorrirako prestatuta zegoen, ordea, bertan gau bat pasatzeko. Lotarako ohatzeak atonduta zeuden, baina logela bakoitzean jende askok lo egiteko egokituta zegoen; bainugela zein dutxak ere prest zeuden, baita egongela bat ere. “Mikrouhin labe bat eta baxera eraman behar izan ditugu, adibidez”, gehitu du Mirandak.

Beste kontu bat izan da zenbat pertsona sar daitezkeen erabakitzea. “Erromesak datozenean, hiru ohatze badaude, sei ere sar daitezke”, azaldu du Larrañagak. “Baina, kasu honetan, bi bakarrik sar daitezke. Prebentzio neurriak dira horiek guztiak”.

Testak egiteko zain

Aterpetxea apirilaren 8tik dago etxegabeentzako zabalik. Mendaron zeuden bi pertsonak bideratu zituzten lehendabizi Debara, eta beste bi iritsi dira orain. Baina beste arazo bat sortu die horrek: birusa ote daukaten edo ez. “Mendarokoek bi aste pasatu zuten bertan”, azaldu du zinegotziak. “Eta, beraz, bagenekien ez zeudela kutsatuta”. Bi kide berriek gaitza daukaten edo ez jakin arte, isolatuta dauzkate bigarren solairuan. “Osakidetzarekin hizketan ari gara, kalean egon direnei testa egingo ote dioten jakiteko”, nabarmendu du teknikariak. “Gure ideia da gaixo badago, isolatzea, baina, bestela, denak elkarrekin egotea”.

Gizarte langileak egoten dira eurekin, segurtasun neurriak hartuta, noski. Lehen solairuan maskarak eta eskularruak jantzi behar izaten dituzte derrigorrean. Bigarrenean, berriz, ospitaleetan beste segurtasun material erabiltzen dutela zehaztu du Mirandak.

Otorduak bideratzen dizkiete, eta etxea garbi mantentzeko neurriak hartuta dauzkate. Hala ere, teknikariek beste zerbait ere ematen diete bertaratzen direnei: konpainia. “Hezitzaileak saiatzen dira konfinamendua dinamizatzen”, azaldu du teknikariak: “Eurekin hitz egin, jolastu, albisteen berri izan…”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.