Hiriburura, trenez

Hiriburura, trenez

Aitziber Arzallus

Mende eta laurden igaro da Zarautz eta Donostia trenbidez lotu zituztenetik. 1895eko apirilaren 9an inauguratu zuten trenbide zati hori, eta egun horretan bertan hasi ziren zerbitzua eskaintzen. Ordutik, Zarauztik Donostiara eta Donostiatik Zarautzera trenez joateko aukera dago, eroso eta azkar. Zarautz eta Donostia artekoa, ordea, proiektu handiago baten zati bat besterik ez zen izan. “Helburua zen Bilbo eta Donostia trenbidez lotzea”, Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariaren hitzetan, “eta Zarautz eta Donostia arteko zatia izan zen azken-aurreko urratsa helburu hori lortzeko bidean”.

Marra zuzen bat eginda, 78 kilometro daude Bilbotik Donostiara; errepidez, berriz, 99. “Gaur egun, elkarrengandik hurbil ikusten ditugu; autoz ordubetean joan gaitezke batetik bestera. Garai hartan, ordea, zalgurdiz, egun guztia behar zen, eta, trenez joatekotan, Miranda Ebrotik (Burgos, Espainia) bueltan joan beharra zegoen. Odisea bat zen”. Horregatik, beharrezko ikusten zuten Bilbo eta Donostia trenbidez lotzea. “Aspaldikoa zen asmoa”, Olaizolaren arabera: “1812koak dira horretaz ari diren lehen idatziak”. Baina ez zen nolanahiko erronka. “Proiektu handia zen, egiteko zaila eta garestia”. Eta hasierako asmo hartatik ia ehun urte igaro ziren egia bihurtu zutenerako. “Gainera, hasierako proiektu hark eta benetan egin zutenak ez zuten zer ikustekorik”.

Zatika eta hainbat enpresaren artean egin zuten Bilbo eta Donostia lotuko zituen trenbidea. Bilbo eta Durango artekoa egin zuten lehendabizi, Bizkaian. Central de Vizcaya enpresak sustatu zituen lanak, eta 1882an inauguratu zuten zerbitzua. Bigarren zatia, Durangotik Zumarragara artekoa, Durango Zumarraga izeneko enpresak egin zuen, eta hark egin zuen Zumarragatik Elgoibarrera arteko adarra ere, Maltzagatik barrena. 1889an bukatu zituzten lan horiek. “Horrek posible egin zuen Bilbotik Donostiara trenez joatea, baina bazen oztopo bat: Zumarragan trenez aldatu behar izaten zuten bidaiariek, hara arteko trenbidea eta handik aurrerakoa ez zirelako zabalera berekoak”, azaldu du Olaizolak. Trenez aldatzen ibili beharra bidaiarientzat deserosoa zela iritzita, Elgoibartik Donostiara arteko trenbide zatia egitea erabaki zuen beste enpresa batek, Compañia del Ferrocarril de Elgoibar a San Sebastian enpresak, hain zuzen.

Luze jo zuten lanek, bidean arazo askori egin behar izan baitzieten aurre. “Orografia menditsua zen; proiektua, garestia; eta enpresak diru gutxi zeukan”. Horregatik, zatika egitea erabaki zuten. Lehenengo, zatirik errazena egin zuten, Elgoibartik Debara artekoa, eta hura bukatzean ekin zioten Zarautz eta Donostia artekoari, 1893an. “Zarautzen eta Donostian turismoak indarra zuen orduan ere, eta zati horri heldu zioten, pentsatuz turistek trena erabiliko zutela eta ateratzen zuten diruarekin falta zen zatia egin ahal izango zutela”. 1895eko apirilaren 9an inauguratu zuten zati hori, orain 125 urte.

Mugikortasunaren ikuspegitik aurrerapen handia izan zela uste du Olaizolak. “Sekulako abentura zen Zarauztik Donostiara zalgurdian joatea. Trenez, berriz, eroso eta azkar bidaiatu zezaketen herritarrek. Orduko lurrunezko trenak gaur egungo tren elektrikoak baino pixka bat mantsoagoak ziren, baina ez askorik; Zarauztik Donostiara 50 minutuan joaten ziren”. Baina, Olaizolaren esanetan, negozioa ez zitzaien nahi bezain ondo atera. “Jendea ibiltzen zen, baina ez espero bezainbeste, eta enpresak ia porrot egin zuen. Azkenean, Central de Vizcayak lagundu behar izan zion Deba eta Zarautz arteko zatia egiteko lanak finantzatzen”. Azkenean, 1901eko urtarrilaren 1ean lortu zuten azken zati hori martxan jartzea eta, beraz, Bilbo eta Donostia trenbidez lotzea.

Iraganetik etorkizunera

Orain, Zarauzko geltoki zaharra eraitsi eta berria eraiki nahi du Zarauzko Udalak, eta trenbide azpiko pasabide bat egin, Salberdin, Lapurdi kalea eta geltokiko parkeak lotuz. Xabier Txurruka alkateak “herriarentzat proiektu estrategikoa” dela adierazi zuen bere garaian, “hirigintza aldetik iraultza” ekarriko duela, “herriko hegoaldea eta iparraldea lotuko baititu”. Zarauzko Udalak 2016ko irailean aurkeztu zion proposamena ETS Euskal Trenbide Sareari, eta 2018ko ekainean akordiora iritsi ziren bi erakundeak. Udalak bere gain hartu zuen proiektua idazteak zeukan kostuaren herena —60.500 euro— eta ETSk bere gain hartu zituen kostuen bi heren —100.050 euro— eta proiektua idazteko ardura.

Berez, proiektuak idatzita egon behar luke dagoeneko, eta, gero, udalbatzari legokioke hura onartzeko edo atzera botatzeko erabakia hartzea. Baina, gaur-gaurkoz, ez dute proiekturik aurkeztu, eta ETSk eta Zarauzko Udalak ez dute argitu nahi proiektua zein puntutan dagoen; ez dute proiektuaren inguruan adierazpenik egin nahi. Txurrukak apirilaren 18an sare sozialen bidez zabaldutako mezua ikusita, ordea, ondoriozta daiteke proiektuak aurrera jarraitzen duela. Zarauzko tren geltokiaren hiru argazki zabaldu zituen: lehengoa, oraingoa eta etorkizunekoa. Eta honako hau zioen mezuan: “Zarautz. Iragana, oraina, etorkizuna”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.