Sortzaileak

Juan Luis Zabala

Hik ere sinatu duk, ezta? —esan zidan joan den astean. —Sinatu? Zer sinatu?

—Badakik zertaz ari naizen.

—Bai, bazekinat… Eta bazekinat badakinala badakidala ere; eta hik badakin badakidala badakinala badakidala, eta nik bazakinat badakinala badakidala badakinala badakidala, eta hik badakin…

—Hara!

—Alegia, galdera erretorikoa egin didanala.

—Eta hik sinatu duan manifestua ez al da erretorikoa?

—Hara bestea! Zergatik?

—Pasarte bat irakurriko diat —esan zidan eskuko telefonoko pantailari begira—: “Kultur esperientziek eta kultur imajinarioek munduan leku bat egiten laguntzen digute, barne-mundua elikatzen digute, zentzuaren eraikuntzan laguntzen digute, geure buruaren eraikuntzan laguntzen digute, baita mundua ulertzen ere, trukea sustatzen dute, jolaserako espazioa sortzen dute, arakatzera gonbidatzen gaituzte, eta batez ere, komunitate bateko kide sentiarazten gaituzte”.

—Ez al da ba egia?

—Bai, baina kirolari buruz gauza bera esatea zegok, eta pintxo-potearen propaganda egiteko ere balioko likek.

—Baina gero, testuan aurrerago eginda, zehazten dun gehiago kulturaren eginkizuna, ezta?

—Bai: “Hizkuntzak egiten gaitu pertsona, kulturak herritar. Zer gertatuko litzateke aktorerik, idazlerik, dantzaririk, musikaririk, margolaririk ez balego? Zer jendarte genuke antzokirik, liburutegirik, kultur gunerik gabe? Nola antolatuko genuke hezkuntza sistema sortzailerik gabe?”.

—Ez al da egia kultur sortzaileen beharra duela gizarteak?

—”Sortzaileon” esan beharko huke.

—Ados, “sortzaileon”…

—Baina ez al duzue ba sortzaileok esaten denok garela sortzaileak? Eta umeak direla sortzailerik handienak? Eta sormenak etekin ekonomikotik independentea izan behar duela?

—Sormena denean zegon, denok gaitun sortzaileak, eta egia dun diruarekiko mendekotasunak okerrerako baldintzatzen duela sorkuntza askotan. Baina sormen lanak ere ordaina eta bultzada behar din, sustapena eta zabalkundea, eta gero eta zabalduago zegon hartaz ordaindu gabe gozatzeko joera…

—Hori ez diat ukatzen. Baina ez duzue ahaztu behar gauza bat: gizartea asko aldatzen ez den bitartean behintzat, askoz ere gehiago izango ditun aktore, idazle, dantzari, musikari, margolari izan nahi dutenak zahar-zaintzaile, etxe-garbitzaile, igeltsero, eraikuntzako langile, kamioilari, bus-txofer, supermerkatuko kutxazain, galdategiko operario edo pizza banatzaile izan nahi dutenak baino. Gaur egun, gainera, arlo guztietako sortzaileen kopuruak izugarri egin dik gora, izurri bat zarete… Ezinezkoa duk zeuen burua “sortzaile” izendatzen duzuen guztiok sorkuntzatik soldata duin bat eskuratzeko adina diru izatea.

—Baina horrek ez din aitzakia izan behar gure lana hutsaren hurrengoa balitz bezala tratatzeko. Gure lana ere beharrezkoa dun gizartearentzat. Eta bereziki euskal idazleon lana euskararentzat…

—Euskararentzat? Ireki begiak, motel! Duela hogeita hamar urte beharbada bai, baina gaur egun oso bestelakoa duk egoera. Tabernak berriro zabaltzen dituztenean, itxi zituztenean bezala, askoz ere premia handiagoa izango dik euskarak tabernari euskaldunena, euskal idazleena baino. Beste aitzakia bat bilatu beharko duk, txikito!

Leave a Reply

Your email address will not be published.