Urte osoko diru iturria jokoan

Urte osoko diru iturria jokoan

Miren Garate

Udalek eta festa batzordeek jaiei buruz zer erabakiko zain daude hainbat enpresa. Uste dute gehienak bertan behera geratuko direla, eta, izatekotan, abuztukoekin eta irailekoekin dute esperantza pixka bat. Neguari begira jarrita daude, ez dakitelako nola pasatu beharko dituzten hilabete horiek.

ENRIQUE NOYA

Jai-Kit enpresako kudeatzailea

“Gastuak murrizten ari gara, arazo handi bat ez izateko”

Txosnak, karpak eta agertokiak alokatzen eta muntatzen dituzte Jai-Kit enpresan, eta herrietako jaiak dira haien diru iturri nagusia. Martxoaren 11n muntatu zituzten azken txosnak, Deustuko jaietarako (Bilbo, Bizkaia). Bertan behera geratu ziren, ordea, eta udako jai gehienak ere hala geratuko direla uste du Enrique Noyak, enpresako kudeatzaileak. “Baimenduko balituzte ere, jende kopurua kontrolatu behar izanez gero, kontratatzen gaituen jendeak ez dut uste nahiko duenik gure zerbitzurik”. Eskatu dizkiete aurrekontuak iraileko jairen batzuetarako, baina, gainontzean, guztia geldirik dagoela adierazi du. “Datorren urterako edo urte honen amaierarako lan egiten uzten badigute, pixka bat aterako dugu burua; bestela, hondoratu egingo gara. Hori bezain gogorra eta erreala da egoera”.

Neguan ere zerbait egiten duten arren, Aste Santuaren bueltan hasten da lanerako sasoia Jai-Kit enpresakoentzat, eta ekainean izaten dute lehen lan bolada handia, sanjoanen eta sanpedroen bueltan. Handik aurrera, gelditu gabe aritzen dira, urrira arte, eta urritik azarora erabat jaisten zaie lana. “Abenduan edo urtarrilean hilabetean egiten duguna astebetean egiten dugu ekainean”. Udan irabazten dutenarekin pasatzen dute negua. “Enpresa ez da errentagarria neguan. Orduan, arazoa ez da uda gaizki pasatuko dugula, baizik eta negua okerrago pasatuko dugula”.

Hurrengo hilabeteetan zer gertatuko den ez dakitenez, Noyak kontatu du gastuak murrizten ari direla, “arazo ekonomiko handi bat ez izateko”. Urte osoan hiru langile izaten dituzte, eta enplegua erregulatzeko espedientea jarri dute martxan horientzat —udako sasoirik gorenean hamabost langile inguru aritzen dira—, eta ibilgailuei ere baja eman diete. Hala ere, badituzte gastuak oraindik. “Pabiloia ordaintzen jarraitu behar dugu, erosiak ditugun ibilgailuen finantzaketa ordaindu…”. Kezka bat ere badute: ea lanerako baimena izan arren langileak erregulazioan mantentzeko aukerarik izango ote den.

Pentsatu dute txosnetan leiho moduko batzuk jartzea, segurtasuna bermatzeko, baina uste du ezer gutxi konponduko lukeela horrek. “Trago bat eskatzeko ilaran egon behar badu jendeak, edo kontzertu batera gehienez 50 pertsona joan badaitezke, gure bezeroentzat ez da errentagarria txosna jartzea”.

Panorama ikusita, beste arloren batean hastea ere pasatu zaie burutik. “Gure kasuan, berrasmatzea da jarduera guztiz aldatzea. Baina zertan hasi? Gainera, horrek ere inbertsioak eskatzen ditu, eta, ostalari, autonomo txiki eta enpresa txiki asko egongo dira gu bezala, haien negozioak ere ez direlako errentagarriak jada”. Noyaren iritziz, txerto bat aurkitzearen edo gaixotasuna normalizatuta egotearen mende dago, batik bat, enpresaren etorkizuna. “Ordura arte ez dut uste sanferminak, Aste Nagusia eta halakoak egingo direnik”.

XABIER BARRENETXEA

Laiotz musika taldeko kidea

“Kantu berri batzuk ari ginen prestatzen, baina dena geldirik dugu”

Udan, 40-50 saio egiten dituzte herriz herri Laiotz taldeko kideek. “Kexatzerik ez dugu, lanean ondo ari gara azken urteotan”, esan du Xabier Barrenetxeak. Itxura ona zuen aurtengoak ere, baina koronabirusak hankaz gora jarri ditu plan guztiak. “Lotuak genituen kontzertuak bertan behera ari dira geratzen. Bakar bat atzeratu dute udazkenera”.

Emanaldien %90 maiatzetik urrira bitartean izaten dituzte Laiotzekoek. Eta, batik bat, martxoan eta apirilean hitzartzen dituzte kontzertu horiek. “Sasoi erdia lotua genuen, baina beste erdia lotu gabe, eta dena gelditu da”. Entseguak egiteko aukerarik ere ez dute oraingoz. “Oraintxe ari ginen kantu berri batzuk prestatzen grabatzeko, baina dena geldirik dugu”. Taldekide bat, gainera, nafarra da, eta harekin elkartzeko are denbora gehiago beharko dute ziurrenik. “Ahal denean entseguak egiten hasi nahi genuke, prestatzen ari ginen kantu berri horiek amaitu, eta estudioan sartzeko”.

Aire librean izaten dira taldearen emanaldi gehienak, eta Barrenetxeak uste du horrek, akaso, lagun dezakeela, herri txikietan batik bat. Abuztukoekin eta irailekoekin dute esperantza pixka bat. “Uste dut maiatzean gertatzen dena gakoa izango dela abuztuan zer gertatuko den jakiteko: pandemiak behera egiten badu, errazagoa izango da emanaldiak antolatzea”. Azkenean, aurten lanik egiterik ez badute, berriz, datorren urteari begira jarriko direla dio. “Ilusioa ez dugu galduko”.

ALBERTO DOMINGUEZ

AFADEko idazkari nagusia

“Ez dago barrakak bertan behera geratzeko motiborik”

Sanjoanak eta sanpedroak gainean izanik, udalei bidaltzeko idatzi bat prestatzen ari da Euskadiko Feriante Autonomoen Elkartea (AFADE): “Gainerako negozioei aplikatzen zaizkien neurri berberak aplikatzeko eskatuko diegu, ez gehiago, ez gutxiago”, esan du Alberto Dominguez idazkari nagusiak. Hau da, beharrezko segurtasun neurri guztiak hartuta, lan egiteko aukera izatea nahi dute, baita jaiak bertan behera geratzen badira ere. “Ez dago barrakak bertan behera geratzeko motiborik”.

Legea beteko dutela eta segurtasuna bermatuko dutela nabarmendu du: “Desinfektatzaileak jartzea atrakzio guztietan, distantziak mantentzea ilaretan, jende kopurua mugatzea, norian eta halakoetan senideak direnak bakarrik joatea, maskarak erabili behar izatea… Ados gaude neurri horiekin guztiekin”. Are gehiago, azaldu du buelta bakoitzaren ostean atrakzioa desinfektatzeko edo orduero barraken gunea hutsarazteko eta garbitzeko arazorik ere ez litzatekeela egongo. “Tabernak, jatetxeak eta antzerkia baldin badaude, zergatik ez barrakak?”.

Jende kopurua kontrolatzea ere ez zaio zaila iruditzen Dominguezi. “Sartzeko gune bat jar dezakegu eta irteteko beste bat, eta parkingetan bezala kontrolatu. Kontzertuetan-eta zailagoa da, baina barraketan ez dut arazorik ikusten”. Hori bai, jende kopurua mugatu behar izanez gero, udal batzuei prezioak merkatzeko eskatuko diete. Udaberriko jai batzuetan lan egiteko aukera galdu dute dagoeneko. Baina, hilabete gogorrak datozela onartu arren, oraingoz uda ez dute galdutzat ematen AFADEn. “Ez dago barrakak ez jartzeko arrazoirik”.

ASIER ALBITE

Euskal Larrabehi Elkartea

“Nahi dugu gizarteratu gu ere hemen gaudela, gure arraza mantentzen”

Gipuzkoako bederatzi ganadutegik eta Bizkaiko batek diru iturri bakarra dute: herrietako jaiak. Udaberritik udazkenera bitartean egiten dituzten izkingileen ikuskizunekin, sokamuturrekin, entzierroekin, umeentzako zezentxoekin eta halakoekin irabazten dutenarekin pasatzen dute urtea. Euskal Larrabehi Elkartearen kalkuluen arabera, egunean euro bat kostatzen zaie ganaduzaleei abelburu bakoitzaren mantenua. Eta, batez beste, ehun buru ditu bakoitzak; ondorioz, 3.000 euro gastatzen dituzte hilean azienda mantentzen.

Asier Albite elkarteko koordinatzailearen arabera, garairik txarrenean etorri da pandemia, negu guztia diru iturririk gabe pasatu ostean, oraintxe baitziren berriz lanean hastekoak. Kontatu duenez, gainera, oinarrizko jardueratzat hartu da lehen sektorea, eta, beraz, laguntzak jasotzeko ere aukera gutxiago dute. “Baina haien diru iturria festak dira, ez dituzte haragitarako edo esnetarako ganaduak”. Hain zuzen, haragitarako beste arraza batzuetakoak baino txikiagoak dira halako ikuskizunetarako erabiltzen diren abereak, eta ez dira errentagarriak hiltegira bidaliz gero, okela gutxi dutelako.

Urteen poderioz, ganadutegi bakoitzak genetika berezi bat lortu duela kontatu du Albitek, eta, orain ganadu horiek kenduz gero, berriro genetika hori lortzea zaila dela. “Zaila, eta garestia. Ganadu horiek beren jokamoldeagatik erosten dira. Seiehun eta mila euro bitarteko kostua izan dezake bakoitzak, eta, hiltegira eramanez gero, ehun edo berrehun euro ordaintzen dira. Beraz, orain kendu eta gero berriz erosi behar izanez gero, zazpiehun euro inguruko galera egon daiteke buruko”.

Albitek esan du egoerari “ahal den bezala” ari direla eusten ganaduzaleak. “Laguntzaren bat etorriko den esperantza dugu; bestela, egoera zaila dator”. Herri batzuetako jaiak bertan behera geratu dira jada, baina abuztuan lan egiteko esperantza ez dute guztiz galdu. “Sektore askori egin digu kalte egoerak, eta nahi dugu gizarteratu gu ere hemen gaudela, gure arraza mantentzen, eta gure diru iturri nagusia geldirik dagoela orain”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.