Bolada ona aldi bateko kontua izan daitekeelakoan

Bolada ona aldi bateko kontua izan daitekeelakoan

M. Garate

Irekita daude berriz ere herrietako saltoki gehienak, eta martxa onean ari direla diote merkatarien elkarteek. “Jendea ondo ari da erantzuten, baita saltokiak ireki aurretik ere. Ekarpenak egin nahi zituzten etorkizuneko erosketen truke. Kontuan hartu behar dugu bi hilabete oso luzeak izan direla”, azaldu du Sonia Gomez Elgoibarko Txankakua merkatarien elkarteko lehendakariak. Eguraldia ere ari zaie laguntzen sasoiko produktuak saltzen; hala ere, ezin da esan normal ari direnik. Premiazko produktuak erosten dituzte, batik bat, bezeroek. “Salmentak motelago doaz, eta ordutegiak pixka bat aldatu behar izan dituzte denda batzuek, egunean bi aldiz garbitu ahal izateko”.

Ordizian, merkataritza elkartean ere gustura daude lehen asteotako mugimenduarekin, jendea herrian bertan ari delako erosketak egiten. Alabaina, asteek aurrera egin ahala joera hori eteteko arriskua ikusten dute. “Mugimendu handiagoa hasten denean salmentak jaitsi egingo diren beldur gara, batik bat arropa dendetan: saltoki handietako merkealdiengatik, promozioengatik…”, adierazi du Josune Insausti elkarteko teknikariak.

Espainiako Gobernuak, hasieran, iragarri zuen online bakarrik baimenduko zituela beherapenak, pilaketak saihestu nahi zituelako. Azkenean, neurri hori ez da indarrean jarriko, eta merkealdia baimenduta egongo da denda fisikoetan ere. “Elkarte gisa, guk merkealdiaren hasiera atzeratzeko eskatzen diegu erakundeei”, azaldu du Gomezek. Kontuan hartu behar da biltegiak beteta dauzkatela oraindik. “Ez dakigu zer gertatuko den, baina erakundeek legeren bat onartu behar lukete”. Beherapenei buruz ez dute asko hitz egin, oraindik, Ordiziako merkatarien elkartean, baina Insaustik uste du saltokiek egingo dituztela promozioak, “bezeroek eskatu egiten dutelako”.

Bi herri horietan bonuak sortu dituzte udalek, tokiko merkataritza suspertzeko. Neurri bera hartu dute Gipuzkoako beste zenbait herrik ere. Ordizian, etxebizitza bakoitzera hogei euroko balioa duten bonuak bidaliko dituzte —bost euroko lau bonu—, irailaren 30era bitartean gastatzeko; horrez gain, establezimendu bakoitzari mila euroren balioa duten bost euroko berrehun bonu banatuko dizkiete, deskontuak egiteko. Beste kanpaina bat egingo duela ere iragarri du udalak. Eredu hori aukeratu dute beste herri batzuetan ere; esate baterako, Zumaian. Errotaherria kanpainaren barruan, 18 urtetik gorako herritar guztiek jasoko dituzte hogei euroko deskontu txartelak etxean —bost euroko lau txartel han ere—.

Herri gehienek aukeratu duten eredua, ordea, bestelakoa da. Herritarrek erosi egin behar dituzte bonuak, baina trukean deskontu bat jasotzen dute. Elgoibarren, kasurako, txartel bakoitzak hamabost euroko prezioa du, eta udalak beste hamabost euro gehitzen ditu; beraz, bonu horiek 30 euroko balioa dute. Mendaron hamar eta hogei euroko txartelak sortu dituzte, 15 euro eta 30 euro kontsumitu ahal izateko. Zumarraga-Urretxuko Bi Tartean elkarteak 50 euroko txartelak jarri ditu berrogei euroan. Tolosan, 10, 20 eta 30 euroko bonuak sortu dituzte, 15, 30 eta 45 euroko balioa dutenak.

Azkoitian, berrogei euro ordainduta, hirurogei euro gastatu ahal izango dituzte herritarrek; hain zuzen, hamar euroko sei txartel jasoko dituzte, eta herriko establezimendu guztietarako balioko dute, supermerkatu handietarako izan ezik. Aretxabaletako Udalak ia mila txartel aterako ditu hilero. Eta luzeagoa da zerrenda. Merkatarien elkarteak pozik daude txartel horiekin, eta herritarren aldetik ere erantzuna oso ona ari da izaten. Herri askotan berehala agortu dira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.