Ospakizuna, aldagelatik kanpo

Ospakizuna, aldagelatik kanpo

Erik Gartzia Egaña

Xanpain botilak freskatzen jarraitu beharko du, oraingoz. Eibarrek duela hiru aste jakin zuen Espainiako Lehen Mailara igoko zela, azken partida jokatu eta bi hilabetera. Bigarren Mailan dagoen talde batek izan dezakeen lorpenik handiena modu hotzean ospatu behar izan dute Eibarko jokalariek eta teknikariek.

Nerea Abancens Napo-k (Pasaia, 1987) lehen denboraldia izan du armaginekin, baina, estreinako urtea izanagatik, kapitainaren besokoa jantzi du. Oiartzunen jokatutako 11 denboraldiek —horietako bi Lehen Mailan—, izan ere, eskarmentua eman diote atzelari pasaitarrari.

Aitortu duenez, Eibarrek fitxatu zuenean, inork ez zuen aipatu mailaz igotzeko aukera. Denboraldiak aurrera egin ahala hasi ziren ikusten Lehen Mailarako pausoa emateko aukera izan zezaketela, azarotik partidarik galdu gabe baitzeuden: “Bi partida bakarrik galdu ditugu, eta horrek erakusten du zenbateko sendotasuna eta seriotasuna dauzkan talde honek. Kostatu zitzaigun dinamika hartzea: kontzeptu berriak barneratu behar izan genituen, lesioak izan genituen…”. Bolada onean zeudela, martxo hasieran hartu zuten kalkulagailua, igotzeko aukera benetakoa zela ikusi zutenean. “Aldagelan esaten genuen, erdi txantxetan, lau garaipen gehiagorekin igo gintezkeela…”. Baina orduantxe iritsi ziren COVID-19a eta konfinamendua.

Etxean egon arren, prestaketa fisikoa ez dute alde batera utzi; etxeko egongela bihurtu dute entrenamendu zelai. Astean bost aldiz entrenatu dira. Abacensek prestatzaile fisikoak zoriondu ditu, dituzten baliabideekin “lan txukuna” egin dutelako. “Lehen baino hobeto gaudela uste dut”, gaineratu du.

Gorputza ondo mantentzea bezain garrantzitsua izan ohi da, ordea, burua zaintzea. Ligak aurrera egingo zuen ala ez ez jakiteak ziurgabetasuna eman die Eibarko jokalariei. Abancensek argi zeukan, gainera, beraiek nahiago zutela gauzak zelaian erabakitzea. “Entrenatzen jarraitzen genuen, baina momentu batean esan ziguten oso zaila ikusten zutela ligak jarraitzea. Ez dakit antsietatea den hitza, baina ziurgabetasun hori bazegoen. Edozeren gainetik, hala ere, osasuna da gauzarik garrantzitsuena; erabakitzen zutena erabakitzen zutela, aurrera egingo genuen”.

Maiatzaren 8an iritsi zen erabakia. Bulego batean jaso zuten zelaian lortutakoaren saria. “Oso egoera arraroa” bizi izan zutela onartu du Abancensek. Entrenamendu saioa zuten, eta jokalari guztiak konektatuta zeuden. Amaia Gorostiza Eibarko presidenteak, bideodeian sartu eta berria eman zien, xanpain botila aterata. “Lehenagotik entzuna genuen igotzeko aukera genuela, baina ez genuen sinetsi nahi izan egia bihurtu arte”. Azken asteetan tentsio sentimendu horiek kudeatu nahian ibili ziren gehienak. “Eta lehertu egin nintzen presidenteak igo egingo ginela esan zuenean; malkoak ere atera zitzaizkidan. Nahiz eta ezin izan nuen inor besarkatu, hunkigarria izan zen, zelaian lortzearen parekoa ez izan arren”. Hori bai, elkarrekin egoteko aukera dutenerako utzi dituzte ospakizunak.

Abancensentzat “ohorea” izango da berriz ere maila gorenera bueltatzea, are gehiago azken urteotan maila zenbat hobetu den ikusita. Hala ere, oraindik ez daki taldean jarraituko duen edo ez, zuzendaritza datorren denboraldia fintzeko lanetan ari baita oraindik. Oso gaztea da igoera lortu duen taldearen batez besteko adina —23 urtekoa—, eta esperientziadun jokalarien talde koskorrean zegoen Abancens. Eibarren atzealdea defendatu eta kapitainaren rola jokatzeaz gain, aparteko lana ere izan du: itzultzailearena. “Futbola hainbeste profesionalizatu denez, fitxaketak egon dira, eta pare bat nigeriar genituen taldean. Ingelesa besterik ez zuten hitz egiten. Entrenatzaileek ulertzen dute, baina azalpenak emateko laguntza eskatzen zidaten”.

Berdintasuna, “urrun”

2020-2021 sasoia oraindik urrun dela, berriz ere bueltan dira gizonezkoen liga profesionalak. Abancensek esan du futbolari “garrantzi handiegia” eman zaiola pandemia garaian, eta “benetan miresgarriak” direla osasungintzako edo hezkuntza arloko langileak. “Futbola asko gustatzen zait, baina ez dut poz berezirik sentitzen gizonezkoen liga hasiko delako. Beste lehentasun batzuk daude”. Emakumeen baldintzak hobetu diren arren, benetako berdintasuna “urrun” dagoela uste du: “Horrek ez du esan nahi gizonezkoen mailara iritsi behar dugunik, eurak pixka bat jaitsi eta denak paretsu jarri behar dugula baizik, oreka bat bilatzeko. Oraindik ere lotsagarriak dira egoera batzuk”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.