Blindatuta

iritzia, Juan Luis Zabala

Atzo, une batez, telebistan La unidad telesaila ikusten ari nintzela, neure burua polizia lanean irudikatu ninan —aitortu nion—. Kalean eta pistola gerrikoan hartuta ez, koldarregia naun horretarako, baina ordenagailu baten aurrean datuak biltzen ez ninan gaizki ikusi neure burua. Horrek badin kazetari lanaren antzik ere azken batean…

—Zer kontatzen du ba telesail horrek?

—Espainiako polizia batzuen gorabeherak atentatu jihadista izugarri bat saihesteko lanean. Telesail bat baino gehiago, Espainiako Poliziaren iragarki luze bat dun. Beren ahulgunetxo pertsonalak bazeuzkaten, baina ikustekoa dun zein azkarrak, langileak, jatorrak, enpatikoak eta bihotz onekoak diren Espainiako poliziarik bikainenak.

—Hara!

—Torturaren gaiari ere talentu handiz heldu ziotek gidoilariek. Lehenik tortura beharrezkoa dela sentiarazten dinate, eta gero, uste dunanean, gure polizia maitagarriak, herriaren alde eta gogoz kontra, preso bat torturatzeko prest daudela, jabetzen haiz haien asmoa ez dela inor torturatzea, presio psikologiko koxkor bat egitea baizik.

—Indarkeria fisikorik gabe, jakina. Nola ba!

—Xantaia emozional txiki bat baino ez, oso barkagarria. Eta denak pozik.

—Errealitatean bezalaxe.

—Berdin-berdin.

—Baina hi… harrapatu egin hau telesail horrek, ezta?

—Bai, gustura ari naun ikusten. Badakin, lanegun gogorraren ondorengo ordubetetxo hori, sofan erdi-etzanda, burua hutsik, ebasioa, deskonexioa, ihes betea…

—Eta… polizia!

—Ordu horretan telebista aurrean jartzen haiz edozein egunetan, zapping egiten hasi eta beti aurkitzen ditun, kanal pila batean, polizia azkarrak, langileak, jatorrak, enpatikoak eta bihotz onekoak… Ez dun kasualitatea euskal aktorerik onenetako batzuk polizia rolak jokatzen egin izana ezagun Euskal Herritik kanpo.

—Ordainpeko plataforma batera jo beharko duk, beste era bateko ebasioa bilatu eta, bide batez, hain zaharruno izateari uzteko…

—Bai zera! Etxean telebista ikusteagatik ordaindu?

—Ordenagailua erabiltzeagatik ordaintzen duk ba…

—Ados. Badaezpada ere ez dinat oso ozen esango ez naizela ni ere saltsa horietako batean sartuko laster. Baina ez zekinat ba horietan ere ez ote dagoen polizia zintzoen gainpopulazio bat.

—Ez dik zerikusi zuzenik baina gogora etorri zaidak Koldo Almandozi Euskadi Irratiko Faktoria saioan entzun nion zerbait: WikiLeaks dokumentu sekretuak filtratzen hasi zenean pentsatu zitekeela dena aldatuko zela, estatu sekretu izugarriak ipurdi bistan geratzen zirelako, baina gero ikusi dela horrek ere ez duela benetako eraldaketarik ekarri, ezta hurrik eman ere. Dena onartu dugula, alegia deus ez. Areago, gaur egun, COVID-19aren garaian. “Immunitate ideologikoa” deitu ziok horri Iñaki Etaiok artikulu batean.

—Badin zerikusia horrek lehengo gaiarekin. Polizien aldeko film eta telesailetan ere ikusten dun herrialde handietako estatu-politikan dena ez dela garbi eta aratz, baina zama hori eramangarria dela, are eraman beharrekoa gure gaur egungo ongizatea pikutara joango ez bada, orain arte bezala bizitzen jarraituko badugu.

—Eta heuk ere hala jarraitu nahi duk, ezta?

—Bai, bake-bakean, ahal dela. Munduko gerrak gerra, niri zipriztinik ez, mesedez. Blindatuta.

—Eguna amaitzean La unidad ikusiz gozatzeko.