“Erditzea ez da gauza fisikoa bakarrik; emozionala ere bada”

“Erditzea ez da gauza fisikoa bakarrik; emozionala ere bada”

Unai Zubeldia

Sei urteko ibilbidea dauka Magale elkarteak. Etxeko erditzeetan laguntzen du elkarte horrek, eta Josune Ibargoien emagina eta edoskitzean aditua (Irun, 1988) da sortzaileetako bat —Clara Rosas emagin eta osteopatarekin sortu zuen proiektua—. Ibargoienek azaldu du urtetik urtera “gero eta jende gehiagok” ematen duela haurra etxean jaiotzeko pausoa, baina azken asteotan “asko” igo dela kopurua. COVID-19aren eta konfinamenduaren beste ondorioetako bat da hori.

Etxeko erditzeek zergatik sortzen dute hainbesteko eztabaida?

Ez dakit, baina oso gai intimoa da, eta emakume askok betiko bidea hartzen dute sarritan, nahiz eta berez beste modu batera egingo lituzketen gauzak, agian. Bakoitzak, askatasunez, beretzat onena den erabakia hartzea defendatzen dugu guk, besterik ez.

Etxean erditzeak ez du esan nahi ospitaleko arreta arbuiatzen edo ukatzen denik, ezta?

Ez, ez. Erditzean arazorik ez egoteko, oso lasai egon beharra dauka emakumeak; lasai, eroso eta goxo. Ospitalean erditzea erabakitzen dute batzuek, eta etxean beste batzuek, baina bi aukerak ez dira kontrajarriak.

COVID-19aren eraginez, nabaritu al duzue etxeko erditzeen eskaerak gora egin duela?

Bai. Etxeko hiru erditze geneuzkan lotuta apirilerako, baina familia batzuek deitu ziguten azken unean, eta zazpi izan ziren azkenerako; zazpi, hogei egunetan. Koronabirusaren eraginez, ospitalera joateko beldurra daukate familia askok, eta lasaiago sentitzen dira etxean.

Etxeko zenbat erditzetan laguntzen duzue urtean?

Gipuzkoan aritzen gara batez ere, eta lehen urtean hemezortzi izan zirela uste dut; bigarrenean, 24; hirugarrenean, 30 baino gehiago… Eta aurten, ekainera arte, ia berrogei daramatzagu jada.

Zergatik etxean?

Eta zergatik ez? Emakume asko etxean sentitzen dira seguruen eta goxoen. Emaginek bilakaera aztertzen dute haurdunaldiaren 20. astetik, eta elkar ezagutzen dute jada. 37. astetik aurrera, ia egunero egoten gara harremanetan, aholkuak emateko, zalantzak argitzeko… Emakumeei lasaitasun handia ematen die horrek. Erditzeetan, gainera, guk ez dugu izaten oso protokolo zorrotzik; dena ondo badoa, guretzat ez da egoten denbora mugarik. Bi emagin joaten gara familia bakoitzaren etxera, eta ospitalean, agian, bi emakumerekin edo gehiagorekin egoten da emagin bakoitza. Arrisku txikiko erditzeak izaten dira etxekoak, eta ez dugu egiten etengabeko monitorizaziorik; alde horretatik, emakumeak askatasun handia izaten du. Gure presentzia askorik ez nabaritzen saiatzen gara beti, eurengana suabe-suabe gerturatuz.

Umea ondo kokatuta ez dagoenean, kontrakzioak desagertu egiten dira askotan, presioa ez duelako ondo egiten. Beste hainbat tokitan oxitozina jartzen dute horrelakoetan, baina arazoaren oinarrira joaten saiatzen gara gu, eta, hainbat teknikarekin, umea ondo kokatzen. Erditzea ez da gauza fisiko bat bakarrik, emozionala eta psikologikoa ere bada, eta blokeo edo beldur horiei buruz ere hitz egiten dugu.

Osasun publikoak zergatik ez du ematen etxean erditzeko aukerarik, beste herrialde batzuetan bezala?

Horixe jakin nahiko genuke guk ere. Duela bi urte egin genuen bilera bat Osakidetzako arduradunekin, etxeko erditzeak osasun publikoaren barruan sar zitzaten eskatzeko, baina erantzun ziguten epe labur eta ertainean, printzipioz, ez zeukatela asmorik. Oso bilera desatsegina izan zen. Sistema paternalista daukagu, eta badirudi beti men egin behar zaiola osasun arloko profesionalek esaten dutenari, baina herritarrek hartu behar dute euren gain beren osasunaren ardura.

Edonork eman dezake pausoa etxean erditzeko? Zer baldintza bete behar dira?

Arrisku baxuko erditzea behar da; hau da, haurdunaldiaren 37. astetik 42. astera artekoa eta ume bakarrekoa. Buruz behera egon beharra dauka haurrak, eta analisiek eta ekografiek ere ondo egon beharra daukate. Eta garrantzitsua da haurdun dagoenak oinarrizko gaixotasunik ez izatea ere.

Ospitalea gertu egotea ere eskatzen duzue, ezta? Batzuek, agian, ezaugarri horri helduko diote zuen aukera kritikatzeko.

Ospitalea, gehienez, ordu erdiko tartean egotea eskatzen dugu, bai. Gure kasuan, erditzea etxean hasiko da beti, baina ez dakigu non bukatuko den. %80 etxean hasi eta amaitzen dira, baina %19 etxean hasi eta ospitalean amaitzen dira. Kasu horietan ere, ordea, lasaiago gelditzen dira familia gehienak, euren esku zegoen guztia egin dutelako erditzea etxean izan zedin.

Osasun publikotik kanpoko zerbitzua izaki, eta arrazoi ekonomikoak tarteko, zuen aukerari heldu ezinik geldituko dira hainbat familia. Zenbateko kostua daukate etxeko erditzeek?

2.500 euro balio du zerbitzu osoak, eta poliki-poliki ordaintzen da. 150 euro balio du bisita bakoitzak, eta 1.600 euro bi emaginek bost astez eta 24 orduz egiten duten zaintzak. Erditzeak, berriz, 300 euro balio du, eta erditu ondorengo bisitetan ordaintzen da hori.

Nola kudeatzen da erditzea etxe berean beste anai-arreba batzuk daudenean?

Familiaren erabakia izaten da hori ere. Guk beti gomendatzen diegu plan bat baino gehiago edukitzeko prest. Txikia etxean egotea aukeratzen badute, zoragarri, baina momentu batean “ama, ama” deika hasten bada, ama erditzen ari da, eta momentu horretan ez da ama, emakumea baizik. Kasu horietan, garrantzitsua da konfiantzazko norbait etxera etortzea umea zaintzeko, edo umea beste toki batera eramatea. Hori bai, haurrek, askotan, guk baino naturalago aurre egiten diete horrelako egoerei.

Emaginak, fisioterapeuta obstetrikoa, psikologo perinatala, nutrizionista, osteopata eta sexologoa. Hori da Magale elkartearen lantaldea. Emakumeak zarete denak. Oso sektore feminizatua da oraindik ere?

Bai. Badaude gizonezkoak ere, baina gutxiago dira. Betidanik izan da emakumeen ogibidea, baina tradizio kontua dela esango nuke. Dena den, badaude gizonezko emaginak ere, oso profesional onak.

Zer esango zenioke etxean erditzeko pausoa emateko zalantzan dagoenari?

Informatzeko. Aske izan behar dugu erabaki bat hartzeko, eta benetako informazioa behar dugu aske izateko. Izan ere, ez dira benetakoak izaten ezjakintasunak baldintzatuta beldurrez hartzen ditugun erabakiak. Asko irakurri eta ondo prestatu erditzerako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.