Genuine ligak ere badu albuma

Genuine ligak ere badu albuma

Tere Madinabeitia

Espainiako Lehen Mailan jokatzen duten futbolariek bezala, Genuine ligakoek ere badituzte euren kromo bilduma eta albuma. Panini argitaletxeak kaleratu berri ditu, formatu digitalean, eta, egoerak aukera ematen duenean, paperean ere aterako ditu. Euskal Herriko hainbat klubek badituzte liga horretan diharduten taldeak; Alaveseko, Athleticeko, Realeko, Eibarreko eta Osasunako jokalari ia guztiek dute kromoa, beste futbol izar handiek bezala.

Espainiako Ligak martxan jarritako egitasmoa da Genuine liga, eta Lehen eta Bigarren Mailako klub gehienek parte hartzen dute. Adimen urritasuna duten pertsonek osatutako taldeentzako futbol liga bat da; helburu integratzailea du, eta mundu mailan aitzindaria da.

Gipuzkoako bi taldeen artean, Realarena da beteranoena. Egoitz Ugartemendia da entrenatzailea. Duela hiru denboraldi batu zen proiektu horretara, ligak egindako proposamenari erantzunez eta Atzegiren laguntzarekin. Ugartemendiak azaldu duenez, Realak aurretik bazuen harremana Atzegirekin. “Duela sei urte hasi ginen elkarrekin antolatzen Elkarrion txapelketa, maiatzaren 1ean, Zubietan”. Gipuzkoan adimen urritasuna duten pertsonak eta haien senideak batzen dituen elkarteak begi onez ikusi zuen Genuine ligarako talde bat osatzea, eta aurrera egin zuten. Lehen urte hartan taldetxo bat osatu zuten, eta, pixkanaka, Zubietan entrenatzen hasi ziren, baita txapelketan parte hartzen ere. Gaur egun, Realaren taldeak 26 jokalari ditu, tartean bi emakumezko.

Lehenengo denboraldian 22 taldek parte hartu zuten Genuine ligan; bigarrenean, 30 taldek; eta aurten, 36 dira jada. “Pixkanaka talde gehiago elkartuz joan dira ligara; Real Madril eta Bartzelona izan ezik, gainerako gehienak”. Hainbat arrazoi tarteko, bi klub horiek ez dute ordezkaritzarik Genuine ligan.

Lehiaketari dagokionez, funtzionamendua ez da beste futbol ligena bezalakoa. Talde asko direnez, eta elkartzeko zailtasunak dituztenez, sei fasetan banatuta dago liga; talde bakoitzak lau jardunalditan parte hartzen du, eta hiru partida jokatzen ditu aldiko.

Jokoan zen hirugarren denboraldia ere sei fase edo jardunalditan zegoen banatuta, eta, koronabirusa iritsi aurretik, bi fase jokatzeko aukera izan zuten talde guztiek. “Baina hirugarrena jokatzeko bidean geratu gara; Gijonera joatekoak ginen”, azaldu du Ugartemendiak. Denboraldia bertan behera utzi dute, eta ez dute aurreikusten udazkenera arte entrenamenduei berrekitea.

Bi denboraldi eta erdiko ibilbidearen ondoren, balorazioa “oso ona” da. Ugartemendiak aitortu duenez, aurretik “sekula” lan egin gabe zegoen adimen urritasuna duten pertsonekin, eta esperientzia “oso aberasgarria” izan dela aitortu du. Kromoen albuma, berriz, “integraziorako lorpen gisa” ikusten du Realeko entrenatzaileak, eta jokalariak “pozez zoratzen” daudela gaineratu du.

Eibarrena ere, talde mistoa

Eibar bigarren denboraldian batu zen Genuine ligara, Realaren moduan Atzegiren bitartez, Ander Romarate koordinatzaileak azaldu duenez. Denboraldi honetan 27 jokalari ditu taldeak; 16 urtekoa da jokalaririk gazteena, eta 40 urtetik gora ditu zaharrenak. Gizonezkoek eta emakumezkoek osatzen dute taldea, eta, jokalari gehienak gipuzkoarrak badira ere, badaude arabarrak eta bizkaitarrak ere. Momentuz, taldea itxita dago, eta hurrengo denboraldiari begira ez dute aurreikusi fitxaketarik. “Jokalaririk behar badugu, baten batek taldea utzi duelako izango da”.

Eibarreko jokalariek Soraluzeko futbol zelaian entrenatzen dute astero-astero, larunbat eguerdietan. Koronabirusaren eraginez, saioak eten egin dituzte, baina entrenatzaileek ariketa fisikoak eta bestelako jarraibideak bidaltzen dizkiete jokalariei, Internet bidez. Liga bera ere amaitu da, baina, Romaratek dioenez, Eibarrek ez du oraindik bukatutzat eman. “Agintariek horretarako aukera ematen dutenean, denboraldia agurtzeko topaketaren bat egingo dugu, bazkari batekin edo”.

Duela aste gutxi Paninik argitaratu duen albumaz, berriz, jokalarientzako “ekintza polita” dela azpimarratu du taldeko koordinatzaileak. “Ilusio handiz” jaso dute egitasmoa jokalariek. “Gauza desberdin bat da, eta betirako geldituko zaie oroitzapenean”.

Derbirik ez oraindik

Realak eta Eibarrek oraindik ez dute jokatu derbirik. Koronabirusak, liga ez ezik, bertan behera utzi du bi taldeen arteko lehen norgehiagoka izan behar zuena ere. Gijonen (Espainia) ziren indarrak neurtzekoak, hirugarren jardunaldian. Maiatzaren 16an ere bazuten beste topaketa bat, Legazpin, hango Ilintxa futbol elkartearen 75. urteurreneko ospakizunetan. Hori ere bertan behera geratu da.

Hurrengo denboraldira arte itxaron beharko da, beraz, Genuine ligan Realaren eta Eibarren arteko derbia ikusteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.