“Konfinamenduaren hasieran gorputzean sartzen zen beldurra”

“Konfinamenduaren hasieran gorputzean sartzen zen beldurra”

Unai Zubeldia

Urte askoan ONCE Espainiako Itsuen Erakundean helduen hezkuntzan eta braile irakasle gisa aritu ondoren, erretiroa hartu berritan, Amaia Zalakainek (Oiartzun, 1966) ez du eduki disfrutatzeko aukera handirik oraindik. “Ia ezustean” iritsi zitzaion konfinamendu egoera, Donostiatik Irunera amaren etxera “astebeterako” joanda zegoela. Han igaro ditu bi hilabete eta erdi. Orain, beldurrak uxatuta, “egoera berrira egokitzen” ari da pixkanaka. Egunerokoari aurre egiteko auzokideen babesa goratu du.

Itsu baten larruan jarrita, zer ari da izaten konfinamendua?

Gainerakoek bezala, guk ere beldurra sentitu genuen hasieran, ez genekielako noiz arte iraungo zuen egoera honek, ez genekielako zer gertatuko zen. Uste dut denok izan ditugula horrelako sentimenduak. Bakarrik bizi naiz, Donostiako Egia auzoan, eta nire ama ere bai, Irunen. Martxoaren 12an ez nuen sinisten koronabirusari buruz esaten ari zirena, baina amaren etxera joan nintzen badaezpada ere. Bi gauza hartuta joan nintzen, astebeteko kontua izango zelakoan, eta han egon behar izan nuen bi hilabete eta erdian. Ondo ikusten du amak, baina 80 urte beteko ditu laster.

Egunerokoari dagokionez, laguntza handia jaso dugu, eta eskertzekoa da. Erosketak egiteko, zakarra jaisteko… asko lagundu digute auzoetan sortu diren taldeek. Alde horretatik, hasieran izututa geunden arren, pixkanaka gero eta hobeto moldatu gara. Hori bai, askatasuna galdu arren, konfinamendu betean, une bakoitzean bagenekien zer egin behar genuen, eta, orain, gauzak ez daude hain finkatuta; zailagoa egiten ari zait alderdi askotan.

Ukimena izaten da itsuen tresnarik garrantzitsuenetako bat, baina, hain justu, horixe mugatu du koronabirusaren gaitzak…

Dendara joan, eta, sartu aurretik, galdetzeko ohitura hartu behar izan dugu. Itsuen artean, mailak eta mailak daude, eta zertxobait ikusten dutenek produktura pixka bat gerturatzeko ohitura izaten dute. Orain, ordea, ezin da halakorik egin. Ezin gara hurbildu, ezin dugu ukitu… Laguntza eskatu beste aukerarik ez daukagu; beste ohitura bat da, maskara jartzea bezala. Berriz ikasten ari gara. Hidrogela etengabe poltsan eraman behar izaten dugu, eskuak maiz garbitu…

Bi metroko tartea utzi behar dela, metro eta erdi behar dela… Eztabaida hori dago mahai gainean, baina zuen kasuan nola berma daiteke tarte hori?

Ni denda txikietara joaten naiz erosketak egitera, eta, sartu aurretik, beti galdetzen dut ea sar naitekeen. Lasai ederrean sartzen ginen lehen, baina, orain, badakigu galdetu egin beharra daukagula. Kalean, berriz, jendea askotan ez da paretik kentzen, baina zer egingo dut nik? Ezin gara ibili egun guztian garrasika eta haserre. Nire kasuan, pertsona bat sumatzen dudanerako, gain-gainean egoten da beti; parez pare datorren horrek beste aldera joan behar duela suposatzen da, baina ez da joaten. Gure kasuan, besteek bermatu behar dute bi metroko distantzia hori.

Hainbat eremu itxita daude, denda edo taberna askotan zehaztu egin dute nondik sartu eta atera behar den… Traba gehiago zuentzat, ezta?

Hala da, bai. Lurrean jarri dituzte seinaleetako asko, baina bastoiarekin ez dira sumatzen gehienak. Opari baten bila joan nintzen behin liburu denda batera, eta okerreko atetik sartu nintzen. Berehala esan zidaten beste aldetik sartu behar nuela, eta ikasi nuen hori ere. Leku berrietan, galdetu eta ikasi egin behar izaten dugu guk, ez dago beste aukerarik.

Konfinamenduan beldurrik sentitu al duzu kalera irteteko?

Gainerakoek adina. Lehen egunetan, hain triste zegoen kalea… hain jende gutxi zebilen… Gorputzean sartzen zen beldur hori, sumatu egiten zen beldurra. Normalean baino isiltasun handiagoa nabari zen, apalago hitz egiten zuen jendeak… Beldurra edo tristura nabaritzen zen, eta zientzia fikziozko film batean geundela ematen zuen. Guretzat traba bat gehiago izan da isiltasun hori. Orain, berriz, beste muturrera pasatu gara: jende asko taldetxoetan egoten da kalean, maskararik gabe, ez dira kentzen paretik…

Konfinamendu egoeraren aurretik egiten zenuen zerbait egiteari utzi diozu tarte honetan?

Bai. Adibidez, pilates egitera joaten nintzen toki batera, eta utzi egin nion joateari. Ez dakit beldurragatik izan zen, baina ez joatea erabaki nuen, badaezpada ere. Antzerkian ere aritzen gara, eta hori ere utzi egin genuen. Fisioterapeutarengana bakarrik joan naiz hilabete hauetan. Aurrera begira, gustatzen zaizkidan artista batzuk etorriko dira jazzaldira, baina ez dut uste joango naizenik.

Horrelako egoera berezietan, kalean topo eginez gero, ikusten duen herritar batek nola lagun diezaioke itsu bati?

Konfinamenduaren aurretik bezala, besotik heltzen dute askok, itsua ukitu egiten dute lagundu nahian, eta ez da erraza egoera. Ez gara hasiko “ez ukitu!” edo “ezin nauzu ukitu!” esanez. Nik ez dut ezer esaten ukitzen nautenetan. “Lagunduko dizut kalea gurutzatzen?” galdetzen didate askok, eta ez diet ematen ezezkorik, nahiz eta badauzkadan nire tresnak, semaforoek soinua ateratzeko gailua, esaterako.

COVID-19arekin kutsatzeko beldur horrekin, nabaritu duzue jendeari gehiago kostatzen zaiola kalean itsuei laguntzea?

Ez. Oiartzuarra naiz jaiotzez, baina Donostiako Egia auzoan bizi naiz orain, eta ez dauka zerikusirik beste auzo batzuekin. Grosen bizi nintzen lehen, eta laguntza handiagoa nabaritu dut Egian.

Adinekoentzat neurriak hartu dituzte hiru hilabeteotan, umeentzat ere bai… baina itsuei buruz inor gutxik hitz egin du. Zer eskatuko zenieke erakundeei?

Erabakiak hartuz joan dira, pixkanaka. Bat-batean iritsi zen dena, eta politikariek eurek ere ez zekiten zer egin. Adinekoak lehenengo, haurrak gero, bakarrik bizi direnak, gorrak… Kontuan hartu beharreko errealitate asko dira azkenean, eta oso zaila da itsuokin gogoratzea, baina nahikoa egin dutela uste dut. Erosketak egiten lagunduz gero, eta bazkariak-eta prest edukiz gero, etxean egonda ez da askoz gehiago behar.

Eta herritarrei? Zer eskatuko zenieke herritarrei?

Guretzat zailagoa da kalean ibiltzea gune batean obrak hasten badira, gauza berriren bat jartzen badute, ohiko ibilbidea aldatu behar badugu… Aisialdian ere, oraindik, ez da ohikoa itsu bat bere kabuz zinemara edo antzerki emanaldi batera joatea, ez dugu sortu ohitura hori. Beste esparru guztietan bezala, heziketa oneko eta ez hain oneko jendea dago kalean, baina nik zortea izan dut alde horretatik, jendea oso ondo portatu delako nirekin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.