Normaltasun berrirako jaiak

Normaltasun berrirako jaiak

Beñat Alberdi

Sanjoanak ospatu beharko lirateke Gipuzkoako herri askotan datorren astean: Arrasaten, Hernanin, Eibarren… Koronabirusak sortutako krisiak, dena den, hamaika muga jarri ditu, San Joan sua piztea tartean. Udak aurrera jarraituko du, ordea, eta beste hamaika festa iritsiko dira. Horren erakusgarri, Aretxabaletan jadanik Andramaixak antolatzeko lanean ari dira txosna batzordeko kideak, eta sanmigelak prestatzen ari dira Oñatin; abuztuan eta irailean dira festa horiek, hurrenez hurren. Ziurtasunik gabe, baina atontzen ari dira egitarauak.

Maiatzean hasi zituzten bilerak Oñatin, telematikoki, orduan elkartzea ezinezkoa zelako; eta aurreko astean batu ziren lehen aldiz Aretxabaletan. Bietan jazo da gertakari bera, hala ere: aurreko urteetan baino jende gehiago batu da. “Orain artean bizi izan dugun egoera kontuan hartuta, uste dut herrian badagoela ilusioa jaiak antolatzeko”, azaldu du Ane Miren Idoiaga Oñatiko txosna batzordeko kideak.

Emaitza bertsua izan dute bi herrietan: berrogei lagun inguru batu dira. Baina bidea ez da berbera izan. Aretxabaletan konfinamendu garaian hasi ziren motorrak berotzen. Izan ere, galdetegi bat bidali zuten sare sozialen bidez, gazteen iritzia zein zen jakiteko. Laurogei bat erantzun jaso zituzten. “Inoiz ez dugu izan horrelako erantzunik”, gaineratu du Aitor Ruiz de Austri jai batzordeko partaideak. Hasieratik jaso zuten laguntza.

Txantxikuen herrian, Oñatin, abiapuntu ona zuten. Izan ere, auzoetako jaiak antolatzeko ohitura handia dute han, eta auzo bakoitzak dauka ospakizunetarako batzorde bat. Bilerak egiten hasi aurretik, auzoetan jada jasota zeukaten herriko jaietan parte hartzeko proposamena, eta hainbat eragileri ere bidali zieten bileran parte hartzeko gonbidapena.

Ospakizuna prestatzen

Behin bilerara deituta, jaietan zer antolatu pentsatzea izan da hurrengo erronka. Bi herriek ez dute hautu bera egin. “Hutsetik hasi gara gu”, zehaztu du Malen Jurado aretxabaletarrak. “Orain arte, aurreko urteko egitaraua moldatzen genuen: zerbait kendu, mantendu…”. Baina bileran argi utzi zuten aurten ezin zutela horrelakorik egin. Egoera berrira egokitzea izan da gakoa. “Badakigu mila aldaketa izango direla aurtengo festetan, eta are aldaketa gehiago eginez joango gara”.

Oñatin ere ez dituzte iazko jaiak errepikatuko, baina printzipioz nahiago izan dute eurek nahi duten egitaraua prestatzea, gero, agian, moldatu beharra izan arren. Hori bai, betiere markoa ondo zehaztuta: auzolana, jai parekideak, euskaldunak… Bi herrietako jai batzordeek hartu dituzte neurriak jaiak ahalik eta parte hartzaileenak izan daitezen.

Bi herrietan argi daukate, musika talde ezagunen kontzertu eta ekitaldi handiak alboratuta, herriko eragileen jaiak izango direla aurtengoak. “Inoiz baino garrantzi handiagoa izango dute herriko kultur eragileek; izan antzerki taldeak, izan musika taldeak”, argitu du Maddi Txintxurreta oñatiarrak. Aretxabaletan ere antzeko irakurketa egin dute: “Gure esku dago egoera honetan kultur eragileei laguntzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.