Lehorreko hondartzan

Lehorreko hondartzan

Aitziber Arzallus

Mundua aho zabalik utzi dute Andoni Bastarrikak (Azpeitia, 1970) hondarrarekin egiten dituen eskulturek. Eta ez da esateko modu bat edo gehiegikeria bat, ez; halaxe izan da. Interneten eta sare sozialen bidez lau haizeetara zabaldu dira haren artelanen argazkiak, eta azken asteetan Euskal Herriko eta nazioarteko dozenaka kazetariren elkarrizketa eskaerak jaso ditu artista azpeitiarrak. Haren lanak hizpide izan dituzte Espainian, Italian, Alemanian, Txekiar Errepublikan, Erresuma Batuan, Argentinan, Txilen, Paraguain, Mexikon, Vietnamen eta Japonian, besteak beste.

Bere lanengatik kritika onak jasotzera ohituta dagoen arren, laudorio zaparradak ustekabean harrapatu du Bastarrika, eta aitortu du “uneren batean pixka bat itota ere” sentitu dela. “Dena dela, beti da pozgarria zoriondua izatea eta jakitea zure lanari balioa ematen diotela”. Baina orain, hitz politak baino gehiago, aukerak behar ditu azpeitiarrak, libreki sortzen eta hortik bizimodua ateratzen jarraitu ahal izateko. Izan ere, hondarrezko eskulturek ez dute lekurik normaltasun berrian.

Udaberrian eta udan izan ohi du lanik gehien Bastarrikak. Eguraldi ona lagun, maiatzetik urrira Zarauzko malekoian aritzen da hareazko eskulturak egiten; herriz herri ibiltzen da umeei ikastaroak ematen; eta hondarrezko irudiak egitera ere joaten da deitzen dioten lekuetara. Adibidez, duela zazpi bat urtetik, urtero joan da Sukarrietako (Bizkaia) San Antonio hondartzara eskulturak egitera, Urdaibaiko Ekoetxekoek eskatuta. Aurten, ordea, udaberria etxean pasatu behar izan du, hitzartutako ikastaroetako asko ezin izan ditu eman, eta udan ez du Zarauzko malekoian aritzerik izango, baimena ukatu diotelako. “Hasieran amorru pixka bat eman zidan, eta baztertuta sentitu nintzen, baina berehala konturatu nintzen erabaki politikoa zela eta ez neukala zereginik”.

Gauzak datozen bezala hartzen dituzten horietakoa izanik, aurtengo udan zer bide urra zitzakeen aztertzeari ekin zion Bastarrikak, eta proposamen bat baino gehiago bururatu zitzaizkion. Horietako bat, etxeko animalien hondarrezko erreplikak enkarguz egitea. “Azpeitian bertan daukadan lursail txiki batean egiten ditut horiek. Hondarra badaukat, duela urte batzuk Orioko enpresa bati erosita, eta harekin aritzen naiz, beti hondar bera bueltaka”. Bezeroak animaliaren argazkia bidali behar dio Bastarrikari, eta hark hareazko irudiaren argazkia eta hura egiteko prozesuaren grabazioa bidaliko dizkio bezeroari.

Azpeitiarrak beste burutazio bat ere izan zuen. “Urdaibaiko Ekoetxearekin urteetako lan harremana daukadanez, hara deitzea erabaki nuen, eta hango Madariaga Torrean erakusketa bat egitea proposatu nien”. Eta baiezkoa eman diote. Hareazko eskulturek adinako oihartzunik izan ez duten arren, azken urteetan beste sorkuntza esparru batzuk ere jorratu ditu Bastarrikak, eta lan horiek guztiak erakutsiko ditu: “Hondarrezko eskulturen eta naturan egin ditudan esku hartzeen argazkiekin, egurrezko eskultura batzuekin eta hor zehar topatu ditudan fosilekin osatuko dut erakusketa”. Hil honen bukaera aldera jarriko ditu lanak ikusgai, eta hiru hilabetez egongo dira.

Bere bidean sakontzen

Horiez gain, ikastaroren batzuk emateko aukera sortzea ere espero du Bastarrikak. Bihar, esaterako, Azpeitian ariko da, haurrei hondarrezko irudiak egiten irakasten, Betharram ikastetxeko jolastokian, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Bastarrika duela hamar urte jabetu zen eskuekin harea lantzeko zeukan erraztasunaz, bere bi alabekin hondartzan jolasean zebilela. Aurretik fruta saltzailea eta shiatsuko terapeuta izana zen, baina artearen eta sorkuntzaren esparruan sekula ibili gabea. “Egun hartan, ordea, zerbait piztu zen nire barruan”. 40 urte izanda, ordura arteko bizitzarekin jarraitzea ere hauta zezakeen, baina senari jaramon egitea erabaki zuen, eta halaxe hasi zen, egin eta egin, zertan ari zen oso argi izan gabe.

Hamar urteotan, natura izan du maisu bakarra, eta egin dituen akatsetatik atera behar izan ditu hobetzen joateko lezioak. “Etenik gabeko ikasketa prozesu bat” izan dela dio, eta hemendik aurrerakoa ere hala izango dela. Badaki bere bidea aurkitu duela, eta naturarekin duen harreman horretan sakontzen jarraitu nahi du. “Ez da hondarra bakarrik; askoz zabalagoa da. Beste askok ikusi ezin dituzten gauzak garbi-garbi ikus ditzaket nik”.

Nahiz eta ez izan bizimodua ateratzeko biderik errazena, “oparitzat” jaso duen dohaina munduarekin partekatu beharra sentitzen du, bere artelanak “irudi hutsak baino gehiago” direlako: bizitzaren beraren metafora dira. “Esate baterako, hondarrezko eskultura bati begira konturatu gaitezke hemen oso denbora gutxirako gaudela”.

Bastarrikaren lanak bere sare sozialetan daude ikusgai.

Leave a Reply

Your email address will not be published.