Mallorcara eta Malagara ere bai

Mallorcara eta Malagara ere bai

Erik Salazar

Hondarribiko aireportua hutsik egon da azken hilabeteetan; martxoaren 23tik, hain zuzen. Fakturazio mahaiak bezerorik gabe, kontrolean ilararik ez, langilerik ez eraikinean… COVID-19ak pertsonen mugimenduak mugatu zituen, eta azpiegiturak inoiz baino jende gutxiago ikusi zuen. Bidaiaririk ez. Alarma egoeraren amaierak normaltasun berria ekarri du, eta aireportua pixkanaka bere ohiko mugimendua berreskuratzen hasi da.

Hilaren hasieran bueltatu ziren hegaldiak Hondarribira. Lehenengo egunetan, Madril izan dute helmuga hegaldi guztiek: astearte, ostegun eta larunbatetan, joan-etorriko hegaldi bana izan da.

Aireportuan jarduten duen Aenako langile batek [ez du izenik esan nahi], hala ere, baikor ikusten du etorkizuna: “Uztailaren 13tik aurrera hegaldi gehiago berreskuratzea da gure asmoa”. Egoera hoberantz joanez gero, egunero jarriko lukete hegaldi bat Madrilera datorren astelehenetik. Bartzelona helmuga duten hegaldiak ere egun horretan jarriko lituzkete martxan.

Eta, atzo Iberiak jakinarazi zuenez, Hondarribiatik Mallorca eta Malagarako joan-etorriak ere izango dira abuztuan, astean behin. Hilaren 6tik Mallorcara, ostegunero —irteerak 11:20an Mallorcan eta 13:55ean Hondarribian—, eta hilaren 9tik Malagara, igandero —irteerak 11:20an Malagan eta 14:00etan Hondarribian—. Hegaldiak, 69 euroan.

Segurtasuna non-nahi

Segurtasun neurriak nabarmenak dira jendea eraikinean sartzen den momentutik. Fakturazio ilara egiteko garaian, borobil gorriak ezarri dituzte lurrean, distantzia modu egokian mantentzeko. Mostradorean ere neurriak begien bistakoak dira. Langileen eta bezeroen arteko distantzia handiagoa izateko asmoarekin, mahaiak jarri dituzte mostradorearen aurrean. Horrez gain, bereizte pantaila bat daukate bezeroek langileekin hitz egiteko garaian. Beharginek eskularruak erabiltzen dituzte une oro, eta behar-beharrezkoa dute maskara eramatea lan egiteko eremuan.

Ohikoa den segurtasun kontrolean gauzak “erabat aldatu” direla adierazi du Aenako kontrol arduradunak. Fakturazio ilaran bezala, borobil gorriek adierazten duten distantzia errespetatu behar dute bidaiariek. Gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitzea derrigorrezkoa da kontrolean sartzean zein irtetean. Bestalde, Poliziak ez ditu bidaiarien maletak eskuz miatzen. Ordenagailuan zerbait arraroa ikusiz gero, maletaren jabeari eskatuko diote bere kabuz objektua ateratzeko. Gainera, bidaiariei eskuekin egiten zaizkien araketak ez dira egiten. Pertsonekin kontaktu zuzena ez izateko, stick makilekin egiten dira miaketak orain.

Aireportuan dauden gainontzeko zerbitzu asko itxita daude oraindik. Kafetegiak ez du irekiera datarik. Turismo informazioa emateko mostradoreetan ere ez dago inor arreta ematen. Izan ere, aireportutik igarotzen diren bidaiari gehienak ez dira turistak.

Aurreko larunbatean aireportutik atera zen hegazkinaren %50 beteta joan zen gutxi gorabehera, Madrilera hegaldiak egiten dituen Air Nostrum konpainiaren arabera. Alabaina, hegaldiaren helmuga Madril izan arren, bidaiari gehienek Hego Amerika zuten azken jomuga. Bidaiari horietako bat Diego Lopez da. “Txilekoa naiz, baina bi urte daramatzat Gipuzkoan bizitzen. Txileko Santiagora joateko asmoa dut, familiari bisita egitera”. Mugak zabaltzearekin, sorterrira joateko aukera baliatu nahi izan du Lopezek.

Odisea handiagoa izan zen Roberto Rodriguezek eta Javier Ramirezek izan zutena. “Tolosan [Okzitania] hartu behar genuen Madrilera joateko hegaldi bat, baina azken unean bertan behera utzi du konpainiak. Korrika eta presaka, Hondarribira etorri behar izan dugu, eta azken momentuan bi leku lortu ditugu”. Madrildik Hego Amerikara joateko asmoa zuten biek.

Hondarribiko aireportuak eman ditu normaltasun berrira egokitzeko pausoak. Azpiegitura motel aireratuko dela argi dago, baina langileek itxaropentsu ikusten dute etorkizuna. Jakin badakite hilabeteak pasatu beharko direla normaltasuna lortu arte, baina udan egon daitezkeen turismo bidaiei esker datuak hobetzea espero dute. Behin segurtasun neurri guztiak hartuta, itxarotea besterik ez zaie gelditzen. Denboraren poderioz, ohiko zaratak entzungo dira Hondarribiko aireportuan eta inguruan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.