Irailera begira, baina batere ziurtasunik gabe

Irailera begira, baina batere ziurtasunik gabe

M. Garate

Erabat geldirik daude zerbitzu berezia ematen duten autobusak. Eskoletako lana bertan behera geratu zitzaien martxoan; turistekin ez dute lanik; erretiratuek eta udalekuetako haurrek ez dute ibilaldirik egiten; kirol lehiaketarik ez dago; ezkontzak atzeratu egin dituzte…. Iraila noiz iritsiko zain daude. Ikasturtea hasten bada, argi pixka bat ikusiko duten itxaropena dute, baina, gainerakoan, panorama beltza da, eta luze jo dezake. “Enpresen %30 galtzeko arriskua ikusten dugu”, esan du Aitor Cuadrak, Direbusen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bozeramaileak.

Maiatzaren hasieran sortu zuten plataforma hori. “Mugimendu espontaneo bat izan da, eta ikaragarri handitu da, enpresa guztiok berdintsu baikaude. Dena gelditu da”. Hego Euskal Herrian, 2.600 langile inguru aritzen dira sektorean, eta, batez beste, hamahiru autobus ditu enpresa bakoitzak. Baztertuta sentitzen direla dio. “Ohiko laguntzak bakarrik argitaratu dituzte; ez dago aparteko laguntzarik guretzat”. Aurtengo udan, ohiko lan bolumenaren %5 izaten ari direla azaldu du, eta uste du enpresa bakar batek ere ez duela urtea irabaziekin amaituko. Gehienek Kreditu Ofizialeko Institutuaren kredituetara jo dute. “Baina horiek ere itzuli egin behar dira. Eta bola handitzen bakarrik ari gara, ibilgailuak ordaintzen eta ari garelako, diru sarrerarik gabe”.

Denbora gutxian garraio sektorea goitik behera aldatzeko arriskua ikusten du. “Egoera honek prekaritate handiagoa ekarriko du, erabateko ziurgabetasuna dagoelako kontratuak egiteko. Eta ez digu guri bakarrik eragiten, garraioaren inguruko guztiei baizik. Hor daukagu, adibidez, Goierrin, autobus ekoizle oso sendo bat”. Enpresak korporazio handien esku geratzeko arriskua ikusten du Cuadrak. Beste sektore askotan bezala, “monopolizatzeko joera” ikusten du. “Guztiok dirurik gabe bagaude, inbertsio funtsen esku gera gaitezke, eta auskalo non bukatuko luketen erabaki guneek”.

Egoera larria dela esan du Aizpurua Autobusak enpresako kudeatzaile Aintzane Aizpuruak ere. “Berragerraldien kontu honekin, gero eta okerrago ikusten dugu dena. Lehen behintzat, uste genuen irailean eskolak hasiko zirela, baina, orain, hori ere ez dugu hain argi. Eta hasten badira ere, ez dakigu lehen adina irteera egingo dituzten ere”. 30 autobus dituzte, eta, eskolako garraioari esker, dozena bat izaten zituzten martxan egunero. Martxotik ekainera bitartean izan ohi dute lan gehien, ikastetxeetako ibilaldiengatik. Eta udan ere izaten zituzten ohiko jarduerak: udalekuetako irteerak, estropadak, kirol lehiaketak, herrietako festetara joan-etorriak…

Autobus batzuk erretiratu egin dituzte. “30etik, sei bakarrik utzi ditugu, zerbait suertatuko balitz ere prest izateko”. Eta aldi baterako erregulazio espedientean daude langileak. “Birusa dabilen bitartean, ez dut konponbiderik ikusten, baina enpresei eusteko laguntzak eskatzen ditugu”. Adierazi du eskola garraioa bertan behera geratu arren, ez dutela inolako kalte-ordainik jaso; ibilgailuen azterketa teknikoa ere berdin-berdin pasatu behar izaten dutela; bidaiarien asegurua ordaindu behar dutela, nahiz eta bidaiaririk ez izan; udal batzuek udal zergari ere eutsi egin diotela; ibilgailuen garantien eta amortizazioen kontua ere hor dagoela… “Gastu txiki pila bat dira. Horrez gain, burokraziaren kontua dago: martirio hutsa da. Eskerrak elkarri laguntzen diogun”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.