Laguntza eske, laguntzeko

Laguntza eske, laguntzeko

Urko Etxebeste

Juneren Hegoak gobernuz kanpoko erakundeak ez ditu eten nahi abian dituen egitasmoak. Larri gaixorik dauden haurrak dituzten familiak laguntzen jarraitzea dute asmoa. Baina baliteke COVID-19ak sortutako krisiak eragina izatea haien zereginean, eta beldur dira hain beharrezkoa duten ekarpen ekonomikoan murrizketak izango dituztela. Boluntarioak dira erakundean lanean dabiltzanak, beste eragile eta elkarte askorekin sarean lan egiten dute, eta elkartasun keinua egiteko prest dauden guztiak onartzen dituzte. Iazko datuen arabera, 61 boluntariok bat egin zuten gaixorik dauden haurren senitartekoei laguntza eta arreta emateko egitasmoarekin.

Elkartearen finantzaketa iturri nagusia herritarren dohaintzak dira (%68). Diru laguntza publikoetatik —Errenteriako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kutxa Fundazioa— ia aurrekontuaren %32 jasotzen dute. Dohaintzak egiten dituztenek zerga onurak dituzte, Juneren Hegoak onura publikoko elkarte baita. “Zazpi urte daramagu lanean. Diru sarrerak gutxitu egin dira, egia da. Ulertzen dugu egoera hau ez dela oso ona, COVID-19ak enpresak eta familiak gogor astindu dituelako. Jardunean jarraitzeko diru iturriak behar ditugu. Baina jendeari laguntza eskatuko al diogu, jakin gabe zer egoeratan dauden?”. Horra Yolanda Martinek, elkarteko komunikazio arduradunak, egin duen gogoeta.

Larri gaixorik dauden haurren familiek, ordea, laguntza izaten jarraitu behar dute. Iaz, era batera edo bestera, Juneren Hegoak elkartekoek 27.000 euro bideratu zizkieten familia horiei. “Sortzaileak izan behar dugu diru sarrera berriak lortzeko. Hitzarmenen bidea jorratu nahi dugu. Adibidez, Donostiako Ospitalearekin elkarlanerako hitzarmena sinatzear gaude. Elkartasun produktuak ere saltzen ditugu, hori indartu beharko genuke”, zehaztu du Martinek. Hitzarmenei dagokienez, Juneren Hegoak elkarteko kideak erantsi du egiten dituzten jarduerak ordenatzeko hausnarketa egiten ari direla, elkarlanak errazago egin ahal izateko.

Dohaintzen alorrean, Errenterian egoitza duen elkarteko arduradunak nabarmendu du hileroko laguntzaileak dituztela. Alegia, 700 pertsonako talde bat dute, eta horiek hilean euro bana dohaintzan ematen dute elkartearen alde, Teaming izeneko Interneteko plataformaren bidez. Martinek sostengurako sistema horretan indarra jarriko dutela adierazi du: “Une honetan altxorra da 700 pertsona horiek izatea. Baina, aurrera begira, hileroko babesle horien kopurua handitu nahi dugu. Laguntzeko era erraza dela uste dugu; hileko euro bat ez da asko. Eta apurka-apurka dirua biltzen ari gara, adibidez, terapia saioak edo tratamenduak egin ahal izateko”.

Gelditu gabe

Konfinamendu bitartean lanean jarraitu dutela adierazi du Juneren Hegoak elkartearen eledunak. Ezin zuten jarduera eten. Antolatu egin dira, eta, elkartearen egoitza itxita egon arren, boluntarioen sarea martxan jarri dute, eta ez dute eten haurrak gaixorik dituzten familiekiko harremana. Errenterian sortu duten herritarren zaintzarako sarea horren lagungarri izan da: “Beti egin izan ditugun zereginez gain, hitz egiteko beharra zuten familiek; euren kezka eta ezinegonak konpartitu dizkigute. Oso polita izan da”.

61 boluntarioko taldea dute; iaz, hamasei gehiago batu zitzaizkien. Sailka daude banatuta horiek; “nahiko ondo egituratua dugu elkartea”, dio, harro, Martinek. Funtsezkotzat dute boluntarioek egiten duten lana, eta etorkizunari begira gazteak erakarri nahi dituzte: “Gazteen ikuspuntua eta parte hartzea falta zaizkigu. Baditugu gazteak, baina ez nahi adina”.

Gipuzkoako familiei ematen diete arreta momentuz. Iaz, Urnieta, Lasarte-Oria, Hernani, Azpeitia, Legazpi, Errenteria, Lezo eta Pasaiako familiengana heldu ziren, 21 senditara denera. Baina herrialdean gehiago zabaldu nahi dute. Martin: “Nire iritzi pertsonala da onena gu ez existitzea litzatekeela. Hau da, gaixorik dauden haurrek eta haien familiek behar guztiak beteta dituztela. Baina ez da horrela. Oraingoz, Gipuzkoan gure eragina handitu nahi dugu, eta beste elkarteekin saretzea oso baliagarria da horretarako, hala nola Mindararekin edo Bizipozarekin. Gure helburua familiak zaintzea da, eta sare lana oso garrantzitsua da horretarako”.

Aniztasun kulturalaren bidea da jorratu nahi duten beste erpinetako bat. Euskal Herrira etorritako familiei ere arreta ematen diete. Beraz, prest daude euren egunerokoan aberastasun horri eusteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.