Botoa eta bizitza

Juan Luis Zabala

Ez nian galdetu ere egin horretaz aurrekoan —esan zidan—, baina botoa emango huen uztailaren 12an, ezta?

—Eman ninan, bai, beti bezala, betikoari, beti bezain ziur eta beti bezain gogo gutxirekin, egia osoa esateko.

Juan Luis Zabala

Ez nian galdetu ere egin horretaz aurrekoan —esan zidan—, baina botoa emango huen uztailaren 12an, ezta?

—Eman ninan, bai, beti bezala, betikoari, beti bezain ziur eta beti bezain gogo gutxirekin, egia osoa esateko.

—Gogo gutxirekin, zergatik? Bahekielako hik aukeratutako alderdiak ez zuela irabaziko?

—Ez. Ez dudalako inongo alderditan sinisten, eta, horrenbestez, hauteskundeetan ere ez.

—Baina botoa ematen duk hala ere.

—Garai batean, ez. Franco hil ondoren hauteskundeak antolatzen hasi ziren garaian abstentzioaren alde berariaz eta modu aktiboan egiten zuen multzo handi samarreko kide izan nindunan. 1986ko erreferendumean NATOri ezezkoa emateko baino ez nindunan joan nire iritzia kutxa batean sartzera.

—Baina orain, lehen esan duanez, beti ematen duk botoa, ezta? Noiztik?

—Ez zakinat zehazki noiztik.

—Eta… zergatik? Ba al dakik zehazki zergatik?

—Zehazki ez, baina esan diezanaket ez niola zentzurik ikusten, nahiz eta hauteskundeetan eta Espainiako demokrazian federik ez izan, beste gauza askori baiezkoa eman ondoren botatzeko aukerari uko egiteari. Harrokeria handiegia iruditzen zitzaidanan esatea nik Espainiako demokrazia, sistema kapitalista edo dena delakoa ez nuela onartzen, uko egiten niola horri denari, aldi berean Espainiako demokrazian, sistema kapitalistan edo dena delakoan gero eta sartuago bizi nintzenean, eta gero eta erosoago gainera, dena esateko.

—Gero eta burgesago.

—Burges hitzaren zentzu apal batean betiere, baina bai, alderdi askotatik begiratuta bizimodu burges batean engaiatuta egon eta hauteskundeetan erabateko ukazioa aldarrikatzea… umekeria inozoa iruditu zitzaidanan, ez zakinat noiztik aurrera, lehenengo soldata irabazi eta neure kontura bizitzen hasi nintzenetik beharbada.

—Eta, atrebentzia ez bada, zer esango hioke orain abstentzioa aldarrikatzen zuen gazte hari?

—Aukera egokia egin zuela. Eta hik? Hik ere emango huen botoa, ezta?

—Bai. Beti bezala, betikoari, beti bezain ziur eta beti bezain gogo gutxirekin, hik bezala.

—A bai? Zergatik gogo gutxi? Hi ez haiz inoiz abstentzioaren aldekoa izan.

—Ni ere, hi bezala, ez nauk atzo goizekoa eta hauteskundeen esanahia asko aldatu duk botoa eman nuen lehen alditik gaur arte.

—Zertan?

—Nirea ere ez duk erraza esplikatzen, baina ideia nagusia duk gaur egun nire botoa jasotzen duen alderdiak irabaziko balu ere ezin izango liokeela ganoraz aurre egin parean jarriko litzaiokeen zapalgailu erraldoiari. Barrutik zein kanpotik erasoko liokeen zapalgailu erraldoiari: barrutik, alderdiak azken batean, gero eta gehiago, aparatuak direlako, hitzaren adierarik burokratikoenean esanda, iraungo badute beren burua indartzeari lehentasuna ematera behartuak, beste asmo idealistago batzuen kaltetan; bestetik, muineraino txertatuta gaudelako guztiz bereganatuta gauzkan sistema global batean. Elefante horren aurrean, onenean ere, inurri ia-ia ikusezinak baino ezin gaituk izan.

—A ze baikor parea gu biok!

—Baina, zorionez, dena ez dituk hauteskundeak. Eguneroko bizitza ere hortxe zeukaagu, ahal duguna egiteko eta eragiteko.

—Hala biz.

—Behar adina aldiz.