Mirandaolari sua dario berriz

Mirandaolari sua dario berriz

Tere Madinabeitia

Hilabete batzuen ondoren, sutegia piztu da berriro Mirandaolan, eta mailu hotsak entzuten dira. Pandemiaren eraginez, geldi egon da Legazpiko burdinola, baina Lenbur fundazioak berriz ere martxan jarri du, eta bisitariak jasotzeko prest dago. Aurtengo uda berezi honetarako plan paregabea da Mirandaolako burdinolara biltzea eta XVI. mendean burdina nola lantzen zuten bertatik bertara ikustea, garai haietako langileen antzera atondutako olagizonen eskutik.

Eta igande honetan bertan izango da horretarako aukera, abuztuaren 2an, 11:30ean eta 12:30ean egingo diren bisita gidatuetan. Abuztuan, gehiagotan jarriko dute martxan burdinola, eskariaren arabera.

Sarrerak aurrez eskatu behar dira, edukiera murriztu dutelako burdinolan eta bisita gidatuan sartzen diren beste espazioetan. Tokia hartzeko, mirandaola @lenbur.com helbidera idatzi daiteke, edo 943-73 04 28 telefono zenbakira deitu. Erreserbarekin hiru gune bisitatzen dira: Mirandaola burdinola, ondoan dagoen baseliza eta Euskal Burdinaren Museoa. Olagizon pintxoaren dastaketa ere sartzen da bistaren barruan.

Bisita gidatua

Bisita Mirandaolako turismo bulegoan hasiko da. Han egongo da zain olagizona, bisitariak burdinolaraino gidatzeko gertu. Parkea zeharkatu, eta metro gutxiko ibilbidea egin ondoren iritsiko dira XVI. menderainoko bidaia proposatzen duen eraikin ikusgarrira. Barruan, garai hartan bezala lihozko jantziekin eta feltrozko kapelekin atonduta dauden olagizonek martxan jarriko dute burdinola. Aldaparotik behera ozen jaisten den urak abiaraziko du mekanismoa: hauspo erraldoiak mugitzen hasiko dira, eta burdina berotuko duen sutegiari bizia emango diote. Beste mekanismo hidrauliko batek mailua jarriko du martxan, eta gori-gori dagoen burdinari kolpeka hasiko da, olagizonak prozesua gidatzen duen bitartean, trebetasun handiz. Horrela egiten zuten lan duela mende batzuk; horrela lantzen zuten burdina olagizonek.

Ikuskizun hori amaitutakoan, burdinolaren ondoan dagoen kaperara bideratuko dituzte bisitariak. Han, 1580ko maiatzaren 3an Mirandolan bertan gertatu zen mirariaren berri azalduko diete: egun osoko lanaren ostean lortutako gurutze formako burdin zatia. Historian sartu-irten hori egin eta gero, burdinolara itzuli, eta olagizon pintxoa eskainiko diete bisitariei: Brinkolako Igeralde baserriko ogia eta txistorra, sagardoz edo urez lagunduta.

Bisita Euskal Burdinaren Museoan amaituko da: Euskal Herrian burdinak izan duen garrantzia eta haren lanketaren historia azaltzen dira, olagizonen, meatzarien eta ikazkinen lanbideetatik abiatuta.

Munduan ezaguna

Burdinaren museoari, Mirandaolako kaperari eta hori guztia barnean hartzen dituen parkeari inolako garrantzirik kendu gabe, burdinola da bisita honetako izarra.

Mirandaolako burdinola, gainera, 2018ko maiatzetik burdinaren alorreko erreferentzia historiko bat da munduan, Parisko Eiffel dorrea eta New Yorkeko Askatasunaren Estatua bezala. Hala dio sarreran jarrita daukan plakak. Iazko maiatzean aitortu zion titulua AEBetan egoitza duen ASM International erakunde entzutetsuak American Society for Metals, Ameriketako Metalaren Elkartea.

Historial Landmark esaten zaien aitortza horien helburua burdinarekin zerikusia duen ondarea babestea da, eta, ASM erakundeak 1969an ezarri zituenetik, 50 eman dituzte dagoeneko, horietatik azkena Mirandaolari. AEBetan, Brasilen, Kanadan, Finlandian, Frantzian, Suedian, Japonian, India etabarretan daude gainerakoak; besteak beste, Eiffel dorrea eta Askatasunaren Estatua. “Burdin Haranari lana eta sostengu ekonomikoa emateagatik, eta Legazpiko eta Euskal Herriko ekonomian motor izateagatik” eman diote titulu hori Mirandaolako burdinolari.

Leave a Reply

Your email address will not be published.