“Tentsioa, amorrua eta beldurra izan dira nagusi”

“Tentsioa, amorrua eta beldurra izan dira nagusi”

Karmele Uribesalgo Alzola

COVID-19aren pandemian, erizainak garrantzi handia izaten ari dira. Hori dela eta, Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialak inkesta bat egin du, erizainen errealitatea eta egoera ezagutzeko. 850 profesionalek baino gehiagok hartu dute parte, Gipuzkoako erizainen %16k. Pilar Lekuona (Oiartzun, 1966) da elkargoko presidentea, eta uste du pandemiak agerian utzi dituela osasun sistemaren hainbat gabezia.

Nola bizi izan dituzue azken hilabete hauek?

Oso gogorrak izan dira, eta beldur handia izan dugu. Pandemiak dena hankaz gora jarri du, eta agerian gelditu da zer arlotan ari ginen huts egiten. Horietako bat langile kopurua da. Behin eta berriz erreklamatu dugu erizain gehiago behar ditugula, zahar etxeetan batez ere. Europako ratioetara iristeko, mila erizain gehiago behar ditugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Nola egokitu zarete egoera berrira?

Arraro samarra izan da. Pandemiak ezustean harrapatu gaitu, eta, gainera, birusa ez genuen ezagutzen. 30 urte daramatzat lanean, eta ez dut inoiz horrelakorik bizi. Ikusi izan ditugu beste koronabirus batzuk, baina horrelakorik ez da inoiz gertatu. Azaleratu diren beste hutsuneetako bat koordinazioan dago. Egun batetik bestera, protokoloak aldatzen ziren, eta ez zegoen lidergorik gure lana koordinatzeko orduan. Horrez gain, ez genuen espero material falta izango genuenik, eta horrek erabat erotu gaitu. Ahal izan dugun bezala moldatu gara; kasu askotan, txanoak eta jantziak guk egin ditugu. Ikaragarria izan da zer-nolako irudimena izan dugun.

Beraz, babes eta segurtasun falta sumatu duzue?

Atentzio falta nabaritu dugu. Materiala behar genuen; behin hori izanda, lana eta onberatasuna guk jarriko genituen. Horrez gain, askotan, gure iritzia ez da kontuan hartu. Protokoloak iristen zitzaizkigun, baina ikusten genuen ez zela posible gauzak horrela egitea. Pandemiak dirauen bitartean, gurea arrisku lanbide gisa kontsideratzeko eskatu dugu. Hori lortuz gero, adibidez, kutsatu eta baja hartuta ere, ez dizute soldatatik dirurik kentzen, eta soldatan ere arrisku hori errekonozituko da.

Gipuzkoan, erizainen %6k eman dute positibo koronabirusaren probetan. Zer iruditzen zaizue datu hori?

Gipuzkoan, pribilegiatuak izan gara. Nahiz eta pandemia gogorra izaten ari den, Gipuzkoan, momentuz behintzat, oso apal eragin du. Hala ere, txunditu egin gaitu kutsatu diren erizainen kopuruak; gehiago izango zirela uste genuen. Lankideek ere komentatzen ziguten ez zela posible hain gutxi izatea, kontuan izanda nola ibili garen eta nolako jantziak erabili ditugun. Horrek esan nahi du hartu ditugun neurriek ondo funtzionatu dutela, eta gauzak ongi egin ditugula.

Erizain gehienek diote tentsioarekin bizi izan dutela pandemia.

Tentsioa, beldurra eta amorrua izan dira nagusi. Esan bezala, pentsaezina zen babes materiala falta izatea, eta horrek ezinegona sortu du. Alde emozionalean ere eragina izan du bizitakoak. Batez ere pazienteen dolu asko eraman behar izan ditugulako, bakarrik, eta hori oso gogorra izan da. Gerrako medikuntza izan da.

Nabari duzue orain zuen lana gehiago baloratzen dela?

Dudarik gabe, nahiz eta gure memoria oso laburra izan ohi den. Osasunaren Mundu Erakundeak erizainen eta emaginen urtea izendatu zuen 2020a, eta martxan dago Nursing now izeneko kanpaina bat. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan foro bat sortu genuen, arlo publiko eta pribatuko erizainen artean, eta gure helburua ikusgarritasuna eta lidergoa lortzea zen. COVID-19ak horretan eragiteko aukera eman digu. Izan ere, aitorpen asko jaso ditugu, eta baloratuta sentitzen gara. Horren adibide da Donostiako Kursaal atzeko zabalguneari Erizainen plaza izena jarri diotela.

Hala ere, benetako errekonozimendua administrazioak egin behar digu. Erizaintzak espezialitateak dauzka, unibertsitarioak gara, fakultatiboak. Beste lanbideen ondoan jarri behar gaituzte, eta ez azpian. Aitorpen hori lortzean iritsiko da gure garaipena.

Beste agerraldi bati aurre egiteko moduan zaudete?

Segur aski aurre egingo diogu. Gure lanbidea da, eta ez dakit indarrak nondik ateratzen ditugun, baina datorrenari aurre egiten diogu. Orain, kezkatuta gaude, COVID-19a gripearekin batu daitekeelako; horrek egoera okertu dezake. Beste agerraldi bati aurre egiteko prestatzen gabiltza, iritsi ez bada behintzat. Terapia batzuk egiten ari gara, alde emozionala lantzen etorriko dena eramateko. Espero dugu lan bikaina egitea.

Hala ere, eskatzen duzuena da orain arte huts egin duten alderdiak indartzea, ezta?

Pentsatu nahi dut zerbait ikasiko genuela lehen agerraldi horretatik. Orain formatuago gaude, eta asko ikasi dugu COVID-19aren inguruan. Besteak beste, badakigu nola transmititzen den eta nola ez. Beldurra ere hobeto kudeatzen dugu.

Komentatu izan duzu erresilientzia ez dela mugagabea.

Erizainok gauza asko ulertzen ditugu, baina puntu bateraino. Jendea ez bada babesten eta ez badira neurriak errespetatzen, okerrera egingo du egoerak. Askok pentsatzen dute gaixotuz gero, egongo dela medikuren bat edo erizainen bat bera zaindu eta sendatzeko, baina ezin dugu horrela pentsatu. Kontu serioa da, eta, horrela hasiz gero, ezingo da behar bezalako arreta eman.

Hori dela eta, arduraz jokatzeko eskatu diezue herritarrei.

Sentsibilizazioa eskatu behar zaie herritarrei. Uste dut kontzientzia eta heziketa pixka bat ona izango litzatekeela. Gazteei botatzen diegu errua askotan, baina ez dira lasaitu diren bakarrak. Lan handia egiten ari gara alde horretatik. Gure webgunean, esaterako, informazio asko dago, eta herritarren zalantzak argitzeko prest gaude. Ez dago aitzakiarik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.