Ehun urte iraun dituen ostatua

Ehun urte iraun dituen ostatua

Beñat Alberdi

Duela ehun urte, 1920an, hain justu, hartu zuen Domingo Milikuak aterpearen jabetza. Kasualitateak kasualitate, 2020an erabaki dute bere oinordekoek bukatu duela bidea, Milikua ostatua ireki eta ehun urtera. Berez, COVID-19agatik ezarritako konfinamendua medio, otsailean itxi zituzten ateak. Hala ere, itxialdi ostean gelditu da agerian Arantzazuk ohiko geraleku bat galdu duela. Hamaika erromesen eta bestelakoen geraleku izan da urteetan Milikua ostatua; esate baterako, Jorge Oteizarena eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-rena.

Ehun urteko denbora tarte horretaz bakarrik hitz egitea, hala ere, motz gelditzen da eraikina edo tokia deskribatzeko. XV. mendean ikusi bide zuen Ama Birjina artzainak. Hurrengo mendearen hasieran, erromesek eskura zeukaten ostatua, Arriarango Juanak sustatuta. Fraideak eurak egin ziren zerbitzua ematearen kargu.

Arantzazuko santutegiak hainbat ezbehar izan ditu bere historian. Hala ere, gertuagora ekarrita, 1834 da urte garrantzitsua; izan ere, karlistaldietan liberalek goitik behera erre zuten. Berreraikitakoan, 1848an altxatu zuten ostatu izan behar zuen eraikina, etorkizunean Milikua deituko zutena.

Antonio Sanoner austriarrak ordaindu zituen lanok; hor sartu zen taberna kudeatzen zuen egungo sendia. “Gure birraitona Sanonerren alabarekin ezkondu zen”, argitu du Anjel Mari Milikuak, tabernaren jabeak: “Herentzian pasatu da ostatua”.

Garaiotan, ordea, familiak ez ziren hiru edo lau haurrekoak izaten. Hamaika ondorengok jaso zuten eraikinaren portzentaje bat. Azkenerako, 1920an erosi zuen osorik Domingo Milikuak, egungo jabearen aitonak. Bere izena jarri zion ostatuari, ostera familiaren abizena bakarrik gelditu bada ere.

“Taberna eta ostatua bereizten lehenengoetarikoa izan zen”, nabarmendu du Milikuak, artxiboko argazkiei begira. Batuta dauzka lortu ahal izan dituen argazki eta dokumentuak, aurrez aipatutako testamentu portzentajek barne. Hori ere familiatik ei datorkio.

Denentzako tokia eta jana

Gogoan ditu gaztetan egin beharreko lanak: “Egun garrantzitsuenetan, lasto artean lo egin behar izaten genuen, erromesei gure gelak uzteko”, azaldu du. “Inori ez zitzaion ezetz esaten. Jatekoa ere denentzat prestatzen zen”. Ostatua filmetan ikusten den modukoa zela gaineratu du, ahal zen moduan denak pilatuta. Garaiak alderatuta, autoak izan baino lehen, jendea egun edo ekitaldi garrantzitsuak baino egun bat lehenago iristen zen gutxienez. Bi edo hiru gau Arantzazun pasatzen zituztenak ere baziren. Jende andana batzen zen Arantzazun fraideak entzuteko, argazkiak lekuko: “Orain, autoan etorri, ikusi beharrekoa ikusi, eta martxa egiten dute”.

Joan-etorriak ez ziren makalak izaten, dena den. Euskal Herriko hamaika pertsona esanguratsu ere elkartu ziren Milikuan, ostatu hartzeko zein bileretarako. Besteak beste, bertan jardunak dira kultur munduko Joxean Artze, Txillardegi eta Oteiza: “Txillardegi oso etxekoa zen, baina lanera etortzen zen, eta guztiz murgiltzen zen lanetan”, esan du Milikuak. Ziur aski, euskara batuaren nondik norakoen berri eman ahalko lukete ostatuko paretek. Oteizak, berriz, buztinezko lanak uzten zituen gogortzen sukaldean.

Horrez gain, kirolari ugarik hartzen zuten ostatu bertan. Entrenatzeko aukera paregabea eskaintzen zien Arantzazuk.

Garai aldaketak ohituretan

Aita erretiratuta, 1986. urtean hartu zuen eraikinaren ardura Anjel Mari Milikuak. Tartean, ostatua ixtea erabaki behar izan zuen 1995ean, dagoeneko pertsonen joan-etorria ez zelako garai batekoa. “Aurrez hitz eginda ematen genuen lotarako lekua”.

Taberna gisa zabaldu dute azken urteetan, harik eta konfinamendua iritsi zen arte. Aurrez ere belaunarekin arazoak zeuzkan jabeak. Hala ere, ez da arrazoi bakarra izan. “Orain, egun batzuetan jo eta ke zaude, ezin iritsita, eta beste batzuetan ez duzu ezer”, gaineratu du. “Ezin duzu aurreikusi ere”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.