Udalen laguntzaren premian

Udalen laguntzaren premian

Miren Garate

Aurtengo urteari begira, ilusioz beteta zegoen Jose Antonio Lopategi Euskadiko Herri Kirol Federazioko lehendakaria. “Urte guztia fenomeno neukan antolatuta, inoiz baino hobeto”. Erronketako bat zen aizkoran lehen mailako txapelketako finala eta kanporaketa Ipar Euskal Herrian jokatzea, eta Donibane Lohizuneko herriko etxearen baiezkoa ere bazuen; horrez gain, Aitor Elizegi Athleticeko lehendakariarekin adostua zuen talderen San Mameseko partida bat aprobetxatuko zutela zelai ondoko zabalgunean zenbait txapelketa antolatu, eta jendeak herri kirolak ezagutzeko. “Baina koronabirusak dena hankaz gora jarri du”.

Uda izan ohi da sasoirik oparoena herri kirolentzat, herriko jaietan erakustaldiak antolatzen baitituzte udalek. Baina jaiekin batera, horiek ere bertan behera geratu dira aurten. Udazkeneko txapelketak ere airean daude. “Harri jasotzean, harri txikien txapelketa egingo dugu urriaren 3an, eta harri handiena abenduaren 19an. Aizkoran, lehen, bigarren eta hirugarren mailako txapelketekin zer egin aztertzen ari gara”. Hemezortzi kirol biltzen ditu federazioak, eta gainerakoetan zer gertatuko den ez dute argi oraindik. “Bizpahiru txapelketa batera egitea izan daiteke aukera bat, egun gutxiago behar izateko”.

Harremanetan daude bateko eta besteko udalekin. Argi dio Lopategik: “Udalen laguntza behar dugu; bestela, ezingo ditugu antolatu txapelketak, baliabide faltagatik. Protokoloak oso ondo egiteko eskatzen digute, eta ez daukagu dena antolatzeaz gain halako lanak egiteko lagunik”. Aitortu du egoera zaila dela. “Udalek beldurra dute, eta, arazorik ez izateko, ezer ez antolatzea da errazena, baina federazio moduan, kirolariei aukera eman behar diegula pentsatu behar dugu guk. Aurrera egin behar dugu”.

Halaber, kirolariek ere nahi izaten dute informazioa, entrenamenduak nola planteatu eta abar jakiteko, baina kontatu du ezin izaten dietela ezer esan erabat ziur, une batetik bestera alda baitaiteke guztia. “Ulertzen dute egoera, errua ez delako inorena. Lanean ari gara, baina batzuetan zaila da nondik tira egin asmatzea”.

Erakustaldi gutxiago

Julen Alberdi Txikia aizkolariak, esaterako, 30-35 saio egin zituen iaz txapelketetatik harago. Aurten, bakarra egin du oraingoz, ekainean. “Erakustaldiak-eta egiten ditugunean, lehiakideak ikusteko aukera izaten dugu; plazako erritmoa ere entrenamenduetakoa baino estuagoa izaten da, eta horren falta ere igartzen dut”, azaldu du. Abuztuan, Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa irabazi zuen. “Beti ematen dute poza halakoek. Laguntza ere izaten dugu, baina normalean ordu asko pasatzen ditugu bakarrik, eta ezinbestekoa da motibatuta egotea”.

Aizkora txapelketak egingo diren ez dakitenez, esan du aizkolariak berak ere aritu direla elkarrekin hizketan, egutegiko atal hori nola bete dezaketen ikusteko eta entrenatzen jarraitzeko pizgarriren bat izateko. Denboraz gain, kostu bat ere eskatzen die prestakuntzak, eta, erakustaldirik gabe, hori ordaintzeko sarrerak gutxitu egin zaizkie aurten. “Nik neuk ez daramatzat urte asko, eta, oraingoz behintzat, urtetik urtera hobekuntza bat izan dut. Horregatik, txapelketarik ez bada egiten ere, uste dut berdin-berdin jarraitu behar dudala entrenatzen, horrek gastu estra bat eskatu arren”.

Bi herri kiroletan aritzen da Ainara Otamendi. Alde batetik, sokatiran, Ibarra taldean, goma gaineko modalitatean. “Zortea izan dugu: gure denboraldia munduko txapelketarekin amaitzen da, otsailean, eta iazkoa salbatzeko aukera izan genuen. Bizpahiru astera etorri zen konfinamendua”. Kirol horretan, ordea, eragin handia izan du pandemiak; besteak beste, Getxon (Bizkaia) zen egitekoa lur gaineko munduko txapelketa, eta datorren urtera atzeratu behar izan dute.

Hurrengo urteko egutegia nola joango den ez dakiten arren —azaroan hasi ohi dira txapelketak—, hil honetan berriro ekingo diete entrenamenduei Ibarrakoek. Jende aldetik, ez dute baja gehiagorik igarri. “Gogotsu gaude. Protokoloak-eta begiratzen egon gara, eta hasteko modua izango dugu. Taldeko kirola da, eta entrenamendu teknikoa, sokarekin egiten dena, derrigorrez taldean egin behar da”.

Sega Liga bakarrik

Sega denboraldia, berriz, belarrari estu-estu lotuta egoten da, eta konfinamenduak entrenatzeko aukerarik gabe utzi zituen segalariak. Euskal Herriko modalitateko txapelketa, federazioak antolatu ohi duena, ez da egin. “Urte osoa horri begira dauden kirolarientzat gogorra izan da. Hankamotz bezala geratu da urtea segan, eta desilusio edo tristura puntu bat igartzen da”. Europako modalitatean, taldekako Europako txapelketa zen jokatzekoa uztailean Eslovenian, eta hura ere bertan behera geratu da.

Almitza elkarteak antolatutako Euskal Herriko Sega Ligan izan dute lehiatzeko aukera segalariek. Hiru jardunaldi izan beharrean bi izan dira aurten, eta Otamendi bera izan da garaile emakumeetan —Miguel Mari Jauregi gizonetan—. Udazkenean beste formaturen batean zerbait antolatzea ere badu buruan elkarteak, baina baieztatu gabe dago oraindik. Probak egingo diren edo ez jakiteak kirolarien errendimenduan eragina duela uste du Otamendik. “Niri, behintzat, gertatu zait segan: uste nuen liga ez zela aterako, baina azkenean ahalegin berezi bat egitea erabaki zuen Almitzak. Ez nintzen joan nire onenean”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.