“Aurre egiteko modukoa izango da soberakina”

“Aurre egiteko modukoa izango da soberakina”

Miren Garate

Beste ardo batzuk baino gutxiago kontsumitzen da txakolina etxean, eta, pandemiaren eraginez tabernak eta jatetxeak itxita egon ziren hilabeteetan, salmentak asko gutxitu zitzaizkien Getariako Txakolina sor-markako ekoizleei. Udako hilabeteetan susperraldi moduko bat izan dute, baina koronabirusaren bigarren olatua dela medio berriro ere geldialdia igartzen dutela esan du Ruth Mozo idazkariak.

Mahatsa biltzen hasita daude ekoizle batzuk, baina gehientsuenek astelehen aldera ekingo diote bilketari. Zer itxura du aurtengo uztak?

Urtea zaila izan da klimatologikoki, hezetasun handia eta tenperatura altuak eduki baititugu. Horren ondorioz, zabaldu egin da gure mahastiei eragiten dien gaixotasun nagusia, mildiua. Hala ere, mahastizainak adi egon dira, eta mahasti sail gehienetan lortu dute haren hedapena kontrolatzea. Bestalde, loraldia pare bat astez aurreratu zen, eta oso eguraldi ona egin zuen lorea gogortzeko. Iaz baino ekoizpen handiagoa espero dugu, 3.800.000 kilo ingurukoa.

Mahats bilketarako ere urte berezia izango da aurtengoa, COVID-19agatik. Zer neurri hartu behar izan dituzue uzta biltzen ariko diren langileei begira?

Administrazioek mahats bilketarako jarduera protokoloa zehaztu dute. Upategia nolabait blindatzea izango da gakoa, mahastietan positibo kasuren bat gertatu arren, lanean jarraitu ahal izateko. Hori oinarri hartuta, enpresa bakoitza bere protokoloa antolatzen eta bere errealitatera egokitzen ari da, lantaldearen tamainari, langileentzako maskarak eta eguneroko ura izateari, garbiketari eta beste zenbait faktoreri erreparatuta. Lantaldeen arteko kontaktua mugatu behar dugu, arriskua ahalik eta gehien apaltzeko. Horrez gain, Osasun Sailak eta Nekazaritza Sailak upategietako langileei eta sasoikako langileei PCR probak egitea erabaki zuten.

Txakolinak lotura estua du tabernetako eta jatetxeetako kontsumoarekin, hau da, beste ardo batzuekin alderatuta, gutxiago kontsumitzen da etxean. Tabernak itxita egon diren aste horien eragina nabaritu duzue salmentetan?

Getariako Txakolina jatorri izenaren barruan dauden upategi askok ia %100 saltzen diote Horeca kanalari. Itxita egon zenez, salmentak erabat gutxitu ziren apirilean eta maiatzean. Dendetako salmentak gora egin zuen, baina ez ehuneko oso handian. Ekainean, uztailean eta abuztuko lehen hamabostaldian, ostalaritzak eta jatetxeek nahiko ondo funtzionatu dute, baina orain berriz ere geldialdia nabari da. Konfinamenduaren hilabeteetan galdutakoa berreskuratzea zaila izango da. Ekainean zeuden aurreikuspenen aldean pixka bat handiagoa izango den arren, aurre egiteko modukoa izango da soberakina.

Salmentak sustatu nahian, etxez etxeko banaketa ere jarri zenuten martxan konfinamenduak iraun bitartean. Zer-nolako erantzuna izan zuen?

Salmentak pixka bat igotzea lortu zen, baina igoera ez zen apartekoa izan.

Badaukazue esportazioetan ahalegin handiagoa egiteko asmorik? Zer portzentaje esportatzen dute Getariako sor-markako ekoizleek?

Upategiek zuzenean kudeatzen dute merkaturatzea, eta, beraz, sor-markak ez du hori lantzen. Urteko lehen hilabeteetan prestatzen dituzte esportazioetarako eskaerak. Arazoa izan da COVID-19a beste herrialdeetara ere hedatu denean bertan behera gelditu direla bigarren eskaerak. Oraindik ez ditugu esportazioen datuak, baina ez dugu uste ekoizpen osoaren %10era iritsiko zirenik.

Iaz bete zituen 30 urte Getariako Txakolina jatorri izenak. Urte hauetako zer lorpen nabarmenduko zenituzke?

Sektorearen profesionalizazioa eta baliorik ematen ez zitzaion ardo bat gaur egun mundu mailan aintzatesten den eta jatorri izena duen kalitatezko ardo bat bihurtu izana. Txakolina aurrera ateratzeko sektore guztiak egin duen ahalegina ere azpimarratuko nuke: administrazioak, ostalaritzak, mahastizainek, upategiek…

Leave a Reply

Your email address will not be published.