Erresonantzia kutxa, ermita

Erresonantzia kutxa, ermita

Julen Aperibai

Musikaz beteko da aurten ere Zumarragako Antioko Ermita, iraileko lehen lau larunbatetan egin ohi duen eran. Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zumarragako Udalaren, Musika Hamabostaldiaren eta Antiguako Amaren Lagundiak elkarrekin antolatu dute musika zikloa. Antolatzaileen arabera, “kultuzko musika deszentralizatzeko” sortu zen jaialdia, duela ia lau hamarkada, eta hala uste du Mikel Serrano Zumarragako alkateak ere: “Donostia zen garai hartan musika klasikoaren eta kultuzkotzat hartu ohi zen musikaren erdigunea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zuen saiakera beste herri batzuetara ere zabaltzeko”. Hala sortu zen Antioko Musikaldia. Aldundiaren ahaleginari erantzun zioten herri gutxi batzuk izan ziren, eta, Serranoren arabera, Deba eta Zumarraga izan ziren lehenengoetakoak.

Hazi eta egonkortu egin da jaialdia ordutik, eta erreferentziazko topagune ere bilakatu da zenbaitentzat, Serranoren arabera: “Zumarragako eta inguruko jendea soilik ez, urrutiagotik datorrena ere biltzen da Antioko Ermitan. Musikazale batzuentzat urteroko topaketa izaten da”. Joan den astean abiatu zen musika zikloa eta datozen lau larunbatetan izango dira kontzertuak. Antioko ermitan izango dira datozen hiruak; azkena, berriz, Igartubeiti baserrian.

Urteurrenek gurutzatuta

Jose Maria Iparragirre omenduz abiatu zen zikloa. Urretxuko kantaria jaio zela 200 urte dira aurten, eta ugaritu egin dira hura gogora ekartzeko omenaldiak. Horretara batu da Antioko Musikaldia ere. Kasu honetan, Joxan Goikoetxea akordeoilariak eta Euskamerata boskoteak kontzertu berezi bat eman zuten, eta, Iparragirre ez ezik, Xabier Lete ere omendu zuten, Iparragirre eta Lete: bi min kantuan emanaldian. Musika zikloak beste urtemuga bati ere egingo dio keinu. Ludwig van Beethoven konpositorearen jaiotzaren 250. urteurrena da aurten, eta, horren harira, bederatzigarren sinfoniako piezak joko ditu Kamerata EusKdivarius orkestrak, irailaren 26an.

Aurrez, ordea, beste bi kontzertu izango dira. Bihar, Metamorfosia izenpean arituko dira Garikoitz Mendizabal txistularia eta German Ormazabal piano jotzailea. Tradizio soka desberdinetatik etorri arren, bi musika tresnek bat egiten duten unea berreskuratu nahi izan dute Mendizabalek eta Ormazabalek; hain zuzen, ganbera musika deiturikoa. “Estimatua” da Mendizabalen lana Zumarragan, Serranok dioenez, besteak beste, bertako Antxiñako Ama txistulari taldearekin aritu izan baita, gabonetan egin ohi duten kontzertuan.

Irailaren 19an, berriz, Vocalia abesbatzak eta Conductus Ensemble taldeak beteko dute oholtza. Musika barrokoari “keinu bat” egin nahi izan diote, Serranok azaldu duenez: “Azken urteetan, musika modalitateak asko zabaldu dira, eta horrek isla izan du gure egitarauan ere. Hala ere, beti programatu izan dugu jaialdiaren esentzia horretara bereziki gerturatzen den kontzerturen bat”.

Urriaren 3an izango da azken kontzertua, Igartubeiti baserrian. Bertan duten dolarea oholtza bihurtuko dute aurten ere, eta Gandeia taldearen kontzertua izango da han.

COVID-19aren aurkako neurriak hartu beharrak aforoa dezente murriztu die antolatzaileei, eta musikariek ere euren emanaldiak neurri berri horietara egokitu behar izan dituzte. Edonola ere, pozik da Serrano ekitaldiak mantendu izanarekin: “Garai hauetan ere apostu bat egin dugu kulturaren alde, eta balioan jartzeko modukoa dela uste dut”

Leave a Reply

Your email address will not be published.