Urtegien maila “normala” da, eta ez dago lehorte arriskurik

Urtegien maila “normala” da, eta ez dago lehorte arriskurik

Kerman Garralda Zubimendi

Gipuzkoako urtegiek ia 40 milioi metro kubiko ur gordetzeko ahalmena dute, eta gaur egun, haien betetze maila %73an dago. Iñigo Elosegi Gipuzkoako Ur Partzuergoko zuzendariak dio ez dutela arazorik: “Nahiko lasai gabiltza. Urtegien egoeraren indizea kasu ia guztietan normala da. Horrek esan nahi du eguneko bolumena batez beste historian izan dugunaren gainetik dagoela”. Soilik Barrendiolako (Legazpi), Ibai-ederko (Azpeitia) eta Lareoko (Ataun) urtegiak daude alerta-aurre egoeran. “Ez gara larritu behar. Erabateko normaltasunetik oso gertu gaude”.

Urkulukoa (Aretxabaleta) da ur gehien duen urtegia, 7,5 milioi metro kubiko ur pasatxorekin. Halere, Aixolako urtegia (Elgeta) beteago dago, 2,5 milioi metro kubiko ur baino gehiagorekin, bere edukieraren ia %95ean baitago. Arriaranek (Beasain) du betetze maila baxuena: %60, doi-doi.

Urtegien edukiera mailak txikitzen jarraituko du azaroaren amaierara arte, ondo bidean. Izan ere, urtegien erreakzio denbora ez da berehalakoa izaten: Gipuzkoan prezipitazio gutxien uztailean egiten duen arren, betetze maila txikiena urria eta azaroa bitartean izaten dute.

Agorraldiaren azken asteetara erreserba nahikoarekin heldu direnez, arduradunek ez dute neurri berezirik aurreikusi. “Neguaren araberakoa izango da. Prezipitazioak ohi duen bezala egiten baditu, ez da arazorik egongo, eta abendurako urtegiak betetzen joango dira, apirila eta maiatza bitartean goia jo arte”, iragari du Elosegik. Aurreikuspenek udazken hezea iragartzen dute.

Neurriak hartzen hasteko, urtegien egoeraren indizeak alerta egoera markatu beharko luke. Urtegi bakoitzaren kasuan alerta egoera ezartzeko gutxienekoak aldatu egiten dira, sasoiaren betetze mailaren eta edukieraren arabera. Lehen neurrietako bat inguruko urtegietatik ura garraiatzea da, hoditeria sistemaren bidez. “Barrandiolak, adibidez, ur beharra badu, Ibai-edertik ekar dezakegu. Ibai-ederko urtegia handia da, eta egoera onean dago”. Hala, probintzia guztiko ur hornidura bermatua dagoela ziurtatu du zuzendariak. “Oso zaila da urik gabe gelditzea, ia ezinezkoa. Sistema osoan izan behar genuke eskasia, ez urtegi bakarrean”. Ura eramatea nahikoa ez bada, udal agintariekin batera uraren erabilera mugatzea eta urtegiek askatzen duten ur kopurua murriztea dira beste neurrietako bi.

Neurrian erabili behar

Ura altxor mugatua denez, oparo den garaian ere xahutu gabe erabili behar da, lehorte garaiak gogorragoak izan ez daitezen. Ildo horretan, Elosegik zoriondu egin ditu herritarrak: “Gezurra dirudi, baina zabaldutako pentsamendua da Euskal Herrian eta Gipuzkoan prezipitazio asko egiten duenez ur asko gastatzen dugula. Bada, ez; gipuzkoar bakoitzak, batez beste, 100 litro ur inguru kontsumitzen ditu pertsonako eta eguneko. Madrilen, esaterako, 130 litro behar dituzte, eta Bartzelonan, 125”.

2020an jaitsi egin da ur eskaria, gainera. “Etxean denbora gehiago igaro dugunez, kontsumoa apur bat igo da, %1-2 artean. Industrian, ordea, eskariak behera egin du nabarmen : %30 inguru”, zehaztu du. “Industriara hiru litrotik bakarra bideratzen da, baina, beherakada horren handia izan denez, aurtengoan ur eskaria %10 inguru txikiagoa da iazko datuekin alderatuta”.

Inbertsio guztiak gelditu egin dira, eta ostalaritzari bideratutako diru laguntzak prestatu ditu ur partzuergoak, testuinguru berriak hala behartuta. Era berean, Elosegik aurreratu du datorren urterako prezioak izoztu egingo dituztela.

Uda, lehorra eta beroa

Gipuzkoako Ur Partzuergoko zuzendariaren ustez, uda ez da bereziki lehorra izan, nahiz eta hezea izan dela aitortu duen. “Uda nahikoa arrunta izan da”.

Hurrengo asteartean amaituko da uda saioa, eta orduan ikusi beharko da, zehatz-mehatz, beste urteekin alderatuta prezipitazio gehiago edo gutxiago egin duen. Datuei begiratuz gero, ekaina ohi baino euritsuagoa izan zen, bereziki Gipuzkoa ipar-ekialdean; uztaila, lehorra. Goierrin, esaterako, espero zenaren erdia ere ez du bota; eta abuztua, azken egunetako euriteekin, batez bestekoaren bueltan ibili da.

Halere, botatzen duen euri guztia ez da urtegietara iristen, lurrak ere xurgatzen duelako. Udan, are gehiago. Izan ere, lursailak lehortu egiten dira beroarekin, eta tantak xurgatu egiten ditu. Behin udan sartuta, tenperaturek gora egin zuten, eta uztaila eta abuztua beroak izan dira, Euskalmeten arabera. Ondorioz, lurra egarrituta dago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.